GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Ekonomia 2006-05-29
Ruwel, istorio lotsagarri baten azken aztarnak desagertzeko zorian
Baionara iristeko Saint Leon auzoko sarrera hartuta, Ruwel enpresa zenaren eraikinak desegiten ari direla ikus daiteke. Bertan gertatutakoa gogorarazten zuen pintada erraldoia "Escroc, voleur, 350 salariés licenciés" (iruzurgile, lapurra, 350 langile kaleratuak) desagertu da. Ez, ordea, askorengan utzitako zauriak.

Orain urte batzuk hain entzutetsu bilakatu zen Ruwel enpresa desmuntatzen ari dira. Barnean geratzen ziren material eta gai kimikoak kendu ostean, ‘Meccano’ erraldoia balitz bezala, pitinka-pitinka, metalezko eraikinak desegiten ari dira orain. Lapurdiko hiriburuan eta inguruetako herrietan hainbeste itxaropen piztu zuen gune ekonomikoaren azken aztarnak fisikoki desagertzen ari dira baina, zalantzarik gabe, industria premia larria duen lurralde horretan beste mota bateko arrastoak utzi ditu, batez ere, kalean geratutako ehunka langileengan.

SONYTIK RUWELERA

Ruweleko eta Baionako industriaguneko historia 1997an hasi zen, Sonyk utzitako eraikinetan zirkuitu inprimatuak ekoizteari ekin zionean. Bost urte gorabeheratsu igarota, Alemaniako enpresa-taldeak 2002ko udaberrian jarduna eten eta ateak itxi zituen, 350 langile kalean utzita.

Hori gertatu aitzinetik hamaika seinale izan baziren ere, sumatzen zutena sinetsi nahi ez zutelako-edo, langileek denbora asko behar izan zuten erreakzionatzeko. Ruweleko Zuzendaritzak agindu zien guztia bete ez zuela eta emandako hitza jan zuela konturatzerako ekoizpena lur jota zegoen, makina eta tresneria garrantzitsuenak Baionatik Alemaniara eramanak zituen eta faktura eta kontuen kudeaketan beharrezko trikimailuak eginak zituen.

Alferrikakoak izan ziren 2002ko otsailetik aurrera egindako mobilizazioak: lantegiaren okupazioa, treneko eta Biarrizko aireportuko blokeoak, produktu kimikoen isurketak suprefeturaren atarian, lekuko hautetsien elkartasun-adierazpenak, administrazio eta erakundeekin egindako bilerak, alderdi ezkertiar batzuekin Europako Parlamentuan egindako salaketa, abokatu eta sindika- tuen ahaleginak. Auzitegiak enpresa likidatzea erabaki zuen «porrota begi-bistakoa zelako».

Itxieraren ostean, halere, zeresan handia ematen jarraitzen du Ruwelek. Batetik, kalean geratutako langile asko oraindik auzitegietan dabiltzalako kalte-ordainen eske. Haiek kaleratzea bidezkoa ez izateaz gain, «iruzurrezkoa» izan zelakoan daude. Noizbehinka halako epaitegiak arrazoia eman, gero kendu eta kasazioaren zain daudela esanez azaltzen dira berri batzuk.

Bestetik, 2005eko abenduan CABABek (Baiona-Angelu-Biarritz Mankomunitatea) Ruwel-eko lur eremua 3.300.000 euroan erostea erabaki zuenean albiste bihurtu zen ostera, berriro ere diru publikoa erabiliko delako 10 hektareako lurzorua eskuratzeko.

LAGUNTZAK BARRA-BARRA

Izan ere, 1981ean Baionako hiriak musu-truk eman zizkion Sonyri bere enpresa ezartzeko lurrak. Horretaz gain, ez zuen hainbat zerga ordaindu beharrik izan eta erakundeetatik sekulako diru-laguntzak jaso zituen. Laguntza horiek hain izan ziren handiak, Ogasun Ministerioak berak baimen berezia eman behar izan zuela legez onartutako mugak gainditzen zituztelako.

Garaiko hautetsi eta agintariak harro agertu ziren 600 lanpostu sortu zirelako eta, gerora horrela gertatu ez bazen ere, Japoniako enpresak sei urteren buruan beste horrenbeste sortuko zirela agindu zuelako. 1997an, ordea, kaseten ekoizpenaren gainbehera etorri zela-eta, Sonyk Baionako enpresa ixtea erabaki zuen eta 2,5 milioi euroren truke beretzat lan egiten zuen Alemaniako Ruwel taldeari saldu zion doan lortutako eremuaren zati handi bat .

Ruwelek ere diru-laguntza ugari eskuratu (1,8 milioi euro) zituen eta bost urtez ez zuen hainbat zerga ordaindu beharrik izan. Datei so eginda, 2002a arte, justu Ruwelek enpresa itxi zueneko urtera arte.

Urtearen hasieran, eraikinak desmuntatzeari ekin ziotenean, berriro ere, zeresana eman du Ruwelek eraispen lanetarako Poloniako langileak ekarri zituelako. Besteren artean, CGT eta CFDT sindikatuek gogor salatu zuten jarrera hori, «bertakoei lana ematea saihesten zelako» eta lan-baldintzak egokiak ez zirela uste zutelako. Langile horietako batek lan-istripua izan zuenean, Lan Ikuskaritza jakinaren gainean jarri zuten, nahiz eta gerora irregulartasunik aurkitu ez zuten.

Duela bi aste, berriz, istripu larriagoa gertatu zen, 64 urteko langile alemaniar bat hil baitzen beste langile errusiar batekin 20 metroko hodi bat jaisten ari zenean. Oraingoan, ordea, segurtasun baldintzak betetzen ez dituela-eta, eraispen lanak eten egin ditu Lan-Ikuskaritzak. Baionan izandako eskarmentua bezala, ezin uka daiteke desegitea bera ere, zoritxarrekoa duela Ruwelek. -



Aeronautika izango omen da hurrena
Eta orain, zer? Hainbeste gorabeheraren ondoren, ezinbestean pausatzen den galderak ez dauka erantzun garbirik. Eremua merkataritzarako erabiliko ote den esan zen; Ikea enpresa suediarrak begiztatu zuela ere entzun zen. CABABek lurrak erosi zituenean, irmotasunez esan zuen eremua industriagintzarako izango dela, zehazki, aeronautika esparruko jarduerarako. Agintariek gune horretan izandako jarrera ikusita, hurrengo «pagotxa» norentzat izango den pentsatzeko bide ematen du horrek guztiak.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Euskarak milaka euskaltzale batu ditu Elorrion
Euskal Herria
El PSOE halaga el apoyo de Imaz a aplazar la mesa y dice que se sentará «cuando toque»
Mundua
La ayuda llega con dificultad a Indonesia mientras siguen apareciendo cadáveres
Kultura
Un filme sobre el conflicto irlandés le da la Palma de Oro a Ken Loach
Kirolak
Basso se corona en Milán y apunta al Tour
Mundua
El cónclave de la UE se da de plazo hasta 2009 para salir de la crisis
Kultura
Un filme sobre el conflicto irlandés le da la Palma de Oro a Ken Loach
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea