Joseba ALVAREZ | Batasuneko mahaikidea
«Proiektu neoliberal hau hankaz gora jar daiteke»
Eraiki asmo duten EB neoliberalari aurre egiteko bestelako Europaren aldeko dinamikak indartzea dela bidea uste du Batasuneko mahaikideak.
Urtebete igaro da Estatu frantsesak eta
Holandak Itun konstituzionalari ezezkoa eman ziotenetik. Ezer aldatu al da
geroztik? Bi gauza aldatu dira nabarmenki. Batetik, krisi instituzional eta politiko sakona zabaldu da Itun Konstituzional hori bideratu nahi zutenen artean. Erabakia hartzeko falta diren hamar estatuetan baten batek «ez» esango balu, Bretainia Handiak, adibidez, proiektu neoliberal hau behin betiko hankaz gora joango litzateke. Eta, bestetik, Estatu frantseseko eta Herbehereetako ezetzak proiektu neoliberal horren aurka dagoen ezker munduari indarra eta sinesgarritasuna eman dio. Bestelako Europa baten aldeko dinamika indartzen ari da eta horren lekuko dira aurten Estatu frantsesean, Bretainia Handian, Italian... izan diren langile borrokak eta Atenaseko Europako Gizarte Foroaren hausnarketa. Halere, ezezko horiek saihestu eta
proiektua aurrera ateratzeko trikimailuetan dabiltzala dioen ahotsik entzuten
da...
Bai Itun Konstituzionalaren inguruan edota Bolkestein zuzentarauaren aurrean argi dago nola jokatu nahi duten neoliberalek, sozialdemokra- ziaren laguntzaz: proiektua baztertu beharrean, aldaketa ñimiño batzuk eginda, egitasmoa aurrera atera nahi dute. Gure iritzian, arazoa ez da bideratu nahi den Itunaren erreforma planteatzea, berau baztertzea baizik, berria egiteko, Europa Sozialarena, Herrien Europaren, Europa Internazionalistarena. Alde horretatik, Florentzian eta ondoren Grezian, Europako Gizarte Foroak itun alternatibo baten prestaketa martxan jarri du, oraingoari ez esateaz gain, alternatiba proposatzeko. Hortik aurrera, borroka da bidea.
Ituna indarrean jarri gabe ere, aurreko
hitzarmenak baliatuta, ez al dira Europa liberala eraikitzen ari? Hala da, baina herritarrek jakin behar dute beren eguneroko bizitza zailtzen eta korapilatzen duten gero eta erabaki gehiago Europatik datozela (pribatizazioak, deslokalizazioak, prekaritatea, bai demokrazia ahultzea, eskubide sozialen murrizketa, gerrarako jarrera, hizkuntza eta kultura herritarren ukapena...). Hori da Europatik datorkigun errezeta. Herritarrak horretaz guztiaz jabetzen badira, aldaketak eskatu eta eskuratuko dituztela ez dugu zalantzarik, helburu horri begira borroka egituratzen bada, noski. Lisboako akordioak 2010 urterako bideratu nahi zituzten eta jadanik ezinezkoa gertatuko zaiela onartu dute, erresistentzia handiegia delako. Hori da bidea. Ezkerra indartzea eta neoliberalak ahultzea. -
|