Israelek Libanoko zenbait eremu bonbardatu ditu
Israelek bi aldiz eraso dio azken orduotan Libanori. Lehenengoan palestinar erresistentziako kideen eremu bat bonbardatu zuen, eta bigarrenean Hizbulako kideen kontra jo zuen. Israelek inguruan egiten duen politika erasotzailearekin etsaiak besterik ez ditu sortzen eta, beraz, erasoak baino ez ditu jasotzen. Halere, mendekuetan Israelek ez du parekorik.
BEIRUT
Israelek Libanoko ekialdeari, hegoaldeari eta Beirut inguruneari airez eta lurrez eraso zien atzo. Horren ondorioz, Hizbula mugimendu islamistako eta FPLP talde palestinarreko kide bana hil ziren eta gutxienez dozena bat zibil zauritu, tartean hamar urteko neskatila bat.Israelek ohiko argudioa erabili zuen eraso bortitzak zuritzen saiatzeko. Palestinarrek Libanoko hegoaldetik Katyusha misil batzuk jaurti zituzten Israelgo base militar baten kontra eta, ondorioz, soldadu bi zauritu ziren. Erasoaren ardura Yihad Islamikoari leporatu zioten, egun bi lehenago talde horretako buruzagi bat eta horren anaia atentatu batean erail baitzituzten Libanoko hegoaldean. Yihadek Israeli leporatzen dio hilketa hori, baina mendeku hartu zuela ukatu zuen. Nolanahi ere, Yihaden kontra ez, baizik eta FPLPko kideen kontra jo zuen Israelek atzo. Ehiza-bonbardariak dozena bat misil jaurti zituen eta mugimendu palestinar horretako kide Ahmad Yibril hil zuen.
Beirut, NBEren laguntza eske Ordu batzuk geroago, Hizbula mugimenduko kideak Israelgo soldaduen kontra tiroka hasi ziren herrialde horren eta Libanoren arteko mugan. Miliziano xiitak Israel Bekaa Bailara legez kanpo okupatzen ari delako ari ziren protestatzen. Israelek, orduan, bigarren erasoa egin zuen Libanon, oraingoan Hizbularen kontra.
Arratsaldean Israelek erasoak eten zituen, Libanoko Gobernuak Nazio Batuen Erakundearen bidez eskaera hori egin ondoren. 2000. urteko maiatzean Israel Libanoko hegoaldetik ofizialki erretiratu zenetik herrialde bien arteko eraso bortitzenak izan dira.
|