Ganbara- edo etxe-husteen azokak lapurdiN
Etxeko puska zaharrak salerosteko herri-azokak
Ganbara-husteak areagotu dira azken urteotan Lapurdin. Astebururo aurki daiteke herrixka txikiren batean baliatutako gauzen merkatu bat. Antzinako gauzen saltzaile profesional eta herritarrei irekiak, askok baliatzen dituzte etxe aldaketa edo garbiketa egiterakoan baliagarriak ez dituzten puskak merke salgai jartzeko. Ahetzeko ganbara-hustean berrehun bat saltzaile elkartzen da.
ARRANGOITZE
Plastikozko arrain txiki zuri eta lirain bat, XIX. mendeko irrati zahar bat, haur eta helduentzako jantziak eta beste edozein tresna aurki daiteke astebururo nagusiki Lapurdiko herrixketan agertuz doazen ganbara-husteetan.Herritar orori irekiak, gehienetan elkarteek antolatzen dituzten gune horiek etxe bazterrak betetzen dituzten tresna zaharrak noiztenka hustu ahal izateko izaten dira baliagarri, eta beti izaten da bildumari edo objektu bitxien maitaleren bat baliorik ez duen tresna hori euro batean erosteko. Ahetzekoa da, hain zuzen ere, etxe-huste horien artean Lapurdiko nagusia. Berrehun eta berrogeita hamar salgune daude, eta antzinako gauzen saltzaile profesionalak eta herritar xumeak elkartzen dira bertan. %30 dira profesionalak; herritarrak, berriz, %70. Ganbara-huste hori duela hamar bat urte zabaldu zuten. Arrakasta gero eta handiagoa izaten ari da, eta lekuko elkarteak bizitzen ditu. Lau dira, izan ere, Ahetzen: kirol elkartea, besta batzordea, guraso elkartea eta hirugarren adinekoen elkartea. La Brocante d’Ahetze izeneko taldean bilduak, herriko ostalari bakarrarekin hilabetez hilabete antolatzen dute ekitaldia. «Herrian dinamika bat sortzeaz gainera, urtearen bukaeran irabazi guztiak elkarteen artean banatzen ditugu», argitu zuen Christian Sein antolatzaileak. Ahetzeko antzinako objektuen salgunean parte hartu ahal izateko herritarrek eta profesionalek 15 euro ordaindu behar dituzte. Iaz, lau elkarteek 1.500 euroko irabaziak lortu zituzten. Arrakasta horri esker, urtez urte areagotuz doaz ganbara-huste horiek Lapurdin. «Ez dago araurik. Zerga ordaindu ondoren ez dago mugarik. Edonork izena eman dezake saltzaile izateko. Saltzaileek, ordea, badakite tresna batzuk saltzea debekatuta dagoela, hau da, objektu berriak, arma erabilgarriak eta abereak», nabarmendu zuen Seinek. 1.500 biztanle besterik ez du Ahetzek, eta urteko animazio nagusia da ganbara-hustea herriko jaiekin batera, eta hala da bai eta Luhuso, Arrangoitze eta Bidaxune herrientzat ere.
Aisialdia pasio bilakatua «Modan dago ganbara-husteak egitea, eta elkarteek diru handia irabazten dute», nabarmendu zuen Ahetzen zegoen erosle batek. Duela hamar bat urte arte, horrelako gutxi zeuden Ipar Euskal Herrian. Baina, gaur egun, bide gurutzeetan jarriak diren kartoizko panel txiki batzuetan astebururo horrelako ekitaldi baten gaineko informazioa izaten da. Stephane Artigas Baionakoa da. Frantziako iparraldean irakasle gisa bost urtez lanean aritu zelarik hasi zen ganbara-husteak egiten. «Garai horretan, Ipar Euskal Herrian oso gutxi egiten zituzten. Baina Frantzia iparraldean horren tradizio handia dago», azaldu zuen. Bertako tradizioari eutsi, eta hasiera batean garrantzirik gabeko aisialdia zena pasio bilakatu zen. «Oso gustukoak ditut altzari zaharrak, bai eta margolanak ere. Batzuetan bilduma batzuk egiten ditut», adierazi zuen. Hala eta guztiz ere, ganbara-husteetan erostearen arrazoi nagusia dirua da Stephanen ustez: «Dirua izango banu, altzari modernoak erosiko nituzke. Askoz merkeago ateratzen zait erabiliak hartzea». Sukaldeko armairua, izan ere, 40 euroan lortu zuen, eta kafea egiteko makina, euro batean. Stephane Artigasen etxeko altzari eta apaindura guztiak ganbara-husteetan erositakoak dira. «Gustatzen zait asteburuetan ganbara-husteetara bertaratzea. Giroa oso atsegina da, herrikoa. Gainera, batzuetan altxor batzuk atzeman ditzakezu», burutu zuen esaten.
Maider Etsoain, berriz, Ahetzekoa da eta urteak daramatza ganbara-husteak egiten. «Bai erosle eta bai saltzaile gisa ibiltzen naiz. Burkina Faso laguntzeko elkarte baten kidea naiz. Berekin proiektuak gauzatzen ditugu, eta horiek laguntzeko ganbara-husteak eginez dirua irabazteko aukera izaten dugu». Egun oso batean 150 euro irabaz dezake.«Giroa ona da, eta saltzaileen artean elkartasun sistema bat finkatu da», gehitu zuen. Elkartearen lanetik at, Maiderrek miatzea ere maite du. «Objektu ederrak ditu gustukoak. Tresnak eskuin eta ezker berreskuratzeko usaia hartu dut, eta ganbara-husteetan zerbait erosten dudalarik ez dut baliagarri izanen zaidan pentsatzen», nabarmendu zuen.
Altxor baten bila Noiztenka, elkartearen bidez, metatuz joan zaizkion objektu edo bitxikeria horiek salgai jartzen ditu beste objektu ederren maitale batek balia ditzan. Halere, erosle gehienek altxorra bilatzen dute etxe-huste horietan. Denek duela hogei bat urte Estatu frantseseko Bordele herrian gertatutakoa dute buruan, hots, bertako ganbera-hustean gizon batek Rembrandt-en obra bat aurkitu zuen. 15 euroan salgai zegoen eta erosi egin zuen; garaiko milioika liberatan saldu zuen, ordea.
Altxor horien bila dabiltzanak antzinako gauzen saltzaile profesionalak izaten dira. Ahetzen, izan ere, Arriege herrialdetik joandako profesional bat zegoen, eta ganbara-husteetan saltzaileen ezagutza eskasa aipatu zuen. «Saltzaile gisa heldu direnak ez dira adituak, eta askotan ez dakite saltzen dituzten pusken balioa. Baliagarriak ez zaizkien tresna zaharrak bota ordez, prezio apalean saltzea da beren xedea, besterik ez. 150 bat euro irabazteko aukera ematen die, eta, aldi berean, egun lasai bat igarotzekoa. Askotan tresna horiek urteak edo mendeak daramate beren ganbaretan. Baina antzinako objektu izanik, zenbait gauzak balio handia dute», gaineratu zuen. Hori dela-eta, herritarrak bertaratu aitzin, goizean goiz, lehen orduetan erostera joaten direnak profesionalak izaten dira etxe-husteetan.Profesionalak, izan ere, beren bizilekutik urruti izan arren, alderdi bakoitzeko ganbara-huste nagusietara joaten dira ahal bezainbat tresna eta objektu aurkitu ahal izateko. Aurkitutakoa garesti saltzen dute. Ahetzeko ganbara-hustean biltzen diren profesional gehienak Estatu frantseseko hego-mendebaldekoak dira. Estatu frantseseko iparraldeko tradizio hori Lapurdira iritsi da, eta gero eta Gipuzkoako erosle eta saltzaile gehiago erakartzen ditu. «Gauza berria da. Duela bi urte hasi ginen hegoaldeko jendea ikusten. Hasieran, erosleak baizik ez ziren, eta orain saltzaileak ere etortzen hasi zaizkigu», nabarmendu zuen Christian Seinek.
Emmaus, trukatzeguneak, antzinako objektuen salguneak...
Etxeko altzariak, apaindurak edo mota guztietako tresnak prezio merkean erosi ahal izateko guneak areagotzen doaz Lapurdin. Ganbara-husteak azken hamar urteotan hedatu diren bezala, tresna baliatuen merkatuak gero eta arrakasta handiagoa du. Emmausek bere saltokia du, eta han bezala, altzari zaharrak, apaindurak, jantziak eta tresnak aurki daitezke trukaketa saltokietan prezio merkean. -
Herrixketako «ganbara-husteak» desagertzeko lege proiektua
ARRANGOITZE 2005. urtean, ganbara-husteak arautu nahian, Gobernu frantsesak lege egitasmo bat abiatu zuen. Gobernuko kideen xedea erdi profesional bilaka- tutako herritar saltzaileak desagerraraztea zen. Halere, proiektu horrek ganbara-husteen antolatzaileak kexatzea eragin zuen, eta Estatu frantses osoan hainbat ekimen eta izenpetze kanpaina egin izan ziren lege egitasmo hori bertan behera uzteko eskatzeko. Ganbara-huste horiek arautzeko Gobernu frantsesak, izan ere, bi neurri nagusi proposatzen zituen: Ganbara-husteetan etxeko puskak saltzen dituzten herritarren parte-hartzea hiru egunera muga- tzea, eta jatorriz herrikoa edo inguruko herrietakoa izatea. Neurri horiek herrixketan ganbara-husteak antolatzen dituzten elkarteen kezka eragin zuten. La Brocante d’Ahetze elkarteko Christian Seinek adierazi zuen: «Ahetzera herri askotako jendea heldu zaigu. Ez dago mugarik. Denboran eta geografian muga bat jarriz gero, gu bezalako herri txikietan dauden ganbara-husteak desagertuko dira. Erdi profesionalak gutxi dira. Eta, izanez gero ere, beste neurri batzuen bidez aurki daitezke. Gure kasuan Poliziaren kontrol handia dago». Antzinako gauzen saltzaile profesionalek ere ez zuten begi onez ikusi neurri hori. «Gobernuak dio gure onurarako dela lege hori. Baina profesional gisa herritarrak ganbara-husteetan saltzaile gisa ibiltzea interesatzen zaigu. Askok ez dakite zerbat balio duen saltzen dutenak», nabarmendu zuen bere izena eman nahi izan ez zuen Ahetzeko azokan zegoen profesional batek. Legea elkarteen eta saltzaileen borrokari esker baztertu dute. Izan ere, antolatzaile asko legea berriz mahai gainean jartzearen beldur baitira. «Hauteskundeak datoz. Ganbara-husteak oso herrikoak dira. Beraz, nahiago izan dute baztertu. Horrek ez du erran nahi guztiz baztertua dutenik», burutu zuen esaten Christian Seinek.
|