Ficobak Bioterraren hirugarren edizioa jaso du iragan den asteburuan, produktu ekologikoen, kudeaketa ekologikoaren eta ingurumenaren azoka, alegia. Guztira 87 izan dira euren produktuak eta proposamenak erakusgai jarri dituztenak eta abeltzaintza ekologikoa, energia berriztagarriak, permakultura eta elikagai ekologikoak izan dituzte mintzagai.
Erakusketariek ezarritako postuen labirintotik barrena bi eratako bisitariak topa zitezkeen; ekologismoaren mundua kuriositatez begiratzen zutenak eta mundu horren oinarriak aski ezagunak izanik, berrikuntza eta ideia berrien bila abiatu zirenak. Azken horiei alor ezberdinetako jakitunen hitzaldi eta erakuspen berezituak eskaini zizkien azokak eta, bisitari berriei, ekologismoa gertuagotik ezagutzeko aukera jarri zieten eskuragai.
Hartara, aipagarriak dira asteburuan egin dituzten lantegiak haur zein helduei bideratutakoak eta, bereziki, “Etxean ekologikoak izateko ideiak” izenarekin aurkeztu zutena. Izan ere, azokako parte-hartzaileek badakite ekologismora hurreratzeko eta natura zaintzeko norberaren ingurutik hastea dela bide egokiena, azken batean, ekologismoari konpromiso edo ekintza txikien bidez ekiten baitzaio.
etxeko produktu naturalak
Pentsakera horiek buruan, etxeko produktuei ohikoa ez den erabilera emateko zenbait ideia eskaini zizkioten bisitariari, sinpleak eta, aldi berean, guztiz erabilgarriak. Esaterako, bi litroko plastikozko botilak lorategiko landare txikienak babesteko erabili daitezkeela azaldu zuten. Botila landareak berak eskatzen duen altueran moztu eta lortutako kanpaiarekin estaliz, hezetasuna gorde eta negutegi gisa funtzionatzen du, landarea babestuz.
Etxeko trukuen haritik, ogi gogorrari probetxu ateratzeko birringailua erabiltzea gomendatu zuten. Ekintza sinple horren bidez ogia zaborrontzira joatea ekidin, ogi birrindua erostea aurreztu eta, kristalezko poto batean gordez, ingurumenerako kaltegarri diren bilgarrien erabilera murrizten da.
Banana azalak lubrikatzaile gisa erabiltzeko proposamena ere egin zuten azokan. Larruzko botak azalaren barneko aldeaz igurtziz distiratsu geratzen direla ziurtatu zuten.
Bestalde, sodio bikarbonatoak oinetako usain txarra saihesteko balio du eta, ozpinarekin nahasiz, armiarmen ziztaden sendagarri da.
Etxeko garbiketarako ohikoak diren produktuen ordezkoak ere aurkeztu zituzten. Antolatzaileen hitzetan, garbiketa lanetarako produktu naturalak erabiliz gutxiago kutsatu eta kaltetzen da ingurumena. Baldosak garbitzeko produktu ekologikoa ere egin daiteke bi eskukada sodio bikarbonato, kilo erdi xaboi maluta eta lau litro ur erabiliz.
Limoia eta ozpina dira erabilpen ugari dituzten produktuetako bi. Lehenak metalezko piezak eta gainazalak garbitzeko balio du eta, gatz lodia gaineratuz gero, oxido zikinak ezabatzeko balio du.
Ozpina, aldiz, mikrouhin labeko paretetan itsasten den koipea erraz kentzeko primerakoa dela azaldu zuen; ur baso bati bi koilarakada ozpin gehitu, mikrouhin labean sartu eta hiru minutuz martxan eduki ostean erraz kentzen da koipea. Kafe-makina garbi mantentzeko eta kare geruzak ezabatzeko ere balio du. Azkenik, usain handiko janariek arraina eskuetan uzten duten usaina ezabatzeko ere baliagarria da ozpina.
Haurren jolasetarako proposamenak ere ez ziren falta izan Bioterran. Asteburu euritsuetan haurren entretenigarri izan ohi da eskulanak egiten aritzea eta, azokan, ohiko plastilinaren ordezkoa aurkeztu zuten, “etxeko plastilina” izendatu zutena. Beharrezko osagaiak gatz eta irin katilukada bana dira. Horiei behar adina ur gaineratu eskuetan itsasten den nahasketa lortu arte eta plastilinaren antzeko orea osatzen da.
Ezberdintasun bakarra, antolatzaileen iritziz, plastikorik ez duela da. Kolorea emateko janariarentzat erabiltzen den koloratzailea gainera daitekeela ere azaldu zuten.
Plastilina haurren jostagarri bada ere, egindako orea trinkotu egiten da labean berotuz gero eta, beraz, norberaren irudimen eta sormenaren araberako erabilgarritasuna du proposamenak.
Ladillo kronika
landareen babes: landareak
Landareak zomorroetatik babesteko erabili ohi diren pestizida eta intsektiziden ordezkoak ere proposatu zituzten Bioterran eta, ikusgai jarri zutenaren arabera, landareak babesteko landareak erabiltzea ez da erokeria hutsa. Aski ezaguna da osinak, dituen printzipio aktiboak direla-eta, hainbat erabilpen dituela, batez ere medikuntzan. Antza denez, gai organikoak deuseztatzea azkartzen du eta, horrela, konposta egiteko erabilgarria da. Landareen ongarrien artean, osina nahastuz gero, horien hazkuntza indartu eta arrak eta arkakusoak kontrolatzen ditu.
Albahaka batez ere tomateen laborantzarako gomendagarria dela azaldu zuten, euli zuria uxatu eta sitsen kasuan intsektizida bezala funtzionatzen baitu. Tageteak ere baliagarriak dira tomateen zein bestelako landare eta loreen babeserako, eltxoen larbentzat landare toxikoak baitira.
Txortaloa, berriz, infusioan ezagunagoa bada ere, etxeko animalien babeserako ere erabilgarria dela azaldu zuten. Kasu honetan, txortalo hostoak lehortu eta birrindu egin behar dira eta etxeko animalien akainen aurka erabili daitezke. Animaliaren larruazala behatu eta akaina dagoen tokian ipini behar da txortaloa. Erremedioa eraginkorra dela esan zuten antolatzaileek eta, gaineratu zutenez, txindurriak uxatzeko ere baliagarria da landare hori.
Aipatu adibideetatik abiatuz norberaren sormena eta irudimena erabiltzea geratzen da, argi baitago produktu kutsagarrien erabilera murriztea eta zaborrontzira doazen hainbat produkturi bigarren erabilpen bat ematea ez dela ez zaila ez nekeza. Eta, denona den naturari eskua luzatzeaz gainera, dirua aurrezteko aukera paregabea izan liteke. -