Mikel Eguiluz gasteiztarrak bere lehen diskoa kaleratu du, «Garai hobeak»
Gaztea den arren, Mikel Eguiluzek bide luzea egin du musika prestakuntzan eta horren ondorioz, betidanik gustuko izan duen munduan are gehiago sartzekojauzia ematea erabaki berri du, bere lehen diskoa kaleratuz, alegia. «Garai hobeak» du izena eta autoekoitzia izan da; guztira, hamabi kanta biltzen ditu bere lanak.
GASTEIZ
Bere lehen diskoa denari “Garai hobeak” izena jartzea erabaki zuen Mikel Eguiluzek irailean, espero ez zuen deia jaso eta ordura arteko goibeltasuna alde batera utzi zuenean. «Beheraldia izan nuen. Memento horretan beste zerbaiten beharra nuen eta diskoa egitea lagungarria izango zitzaidala pentsatu nuen aitortu du gasteiztarrak. Ilusioz beterik eginiko lana da hau, betidanik gogoa izan dut disko bat kaleratzeko baina, hala ere, oinak lurrean ditut eta jendearen erantzunari itxaron beharko zaio orain».
Solfeo, piano, armonia, txistu, trikiti eta gitarra ikasketak eginak ditu egun 23 urte dituen musikari gazte horrek. 17 urterekin gitarra hartu eta konposatzen hasi zen, ordutik berrogei bat abesti baino gehiago sortu ditu eta disko horretarako hamabi aukeratu beharrean izan da. «Denetarik dago, batzuk aurrez eginda nituenak dira, beste batzuk, ordea, diskorako prestatuak dira», aitortu du. Eguiluzen doinuak bere gitarra akustikoaz lagunduta datoz, baita Koldo Quilchanoren gitarrarekin ere. Unai Bolinaga, gitarra klasikoan, klarinetean eta koroetan ere aritzen da. Imanol Martinez biolan, Aitor Urteaga trikitian, Carlos Subijana txirula eta uillean pipe-an, Amaia Egiluz pianoan eta Iñaki Cantó koroetan aritzen dira.
Diskoa autoekoitzia izan da eta Gasteizko El Cantón de la Soledad estudioan grabatu dute. «Argi nuen nik neuk kaleratu nahi nuela, diskoetxerik gabe. Izan ere, diskoetxeek arau batzuk dituzte, besteren artean, behartuta zaude saltzeko orduan berek dioten prezioan saltzera eta nik guztion eskura egongo zen lana nahi nuen», azaldu du egileak. Hortaz, Mikel Eguiluzen lana salgai aurki daiteke Alde Zaharreko Botxo tabernan, zazpi euroren trukean, baita Elkar Megandendan ere 9 euroren trukean.
CDaren aurkezpen kontzertua Gasteizko Parral tabernan egin zuen asteartean eta datozen zuzenekoak Farelina lorategian ekainaren 15ean eta Lukianoko jaietan ekainaren 24an izango dira.
|