Ez ginela ausartuko uste al zenuten?». Jose Maria Aznarrek Turkian esandako hitzak oso adierazgarriak izan ziren. Ordu batzuk lehenago, 1998ko uztailaren 15eko goizaldean, berrehun bat poliziakide espainol “Egin” egunkariak eta Egin Irratiak Hernaniko Eziago industrialdean zuten egoitzan sartu ziren, armak eskuan zituztela. Gauza bera jazo zen Bilbon, Gasteizen eta Iruñean. Euskal gizarteak sortu eta 21 urte geroago, egunkari horren errotatiba betiko gelditu zen. «Ez ginela ausartuko uste al zenuten?».Armekin itxi zuten “Egin”, Baltasar Garzon epaileak zuzendutako operazio batean, eta epaileak berak beharrezko neurriak hartu zituen itxitakoa berriro zabaldu ez zezaten.
Ogasun Ministerio espainoleko funtzionarioa da Antonio Lopez. “Egin” argitaratzen zuten enpresetako administratzaile judiziala izendatu zuten egunkaria itxi eta hilabete gutxira, nahiz eta Ministerio espainoleko Zerga Agentziako zuzendari nagusiak orduan adierazi zuen ez Lopezek ez eta bere bulegoko inork ere ez zuela enpresa bat kudeatzeko gaitasunik. Beren gaitasun profesionala lan horrekin «bate- raezina» zela esan zuen orduan Jose Aurelio Garcia Martinek.
Garzoni, argi dago, berdin zitzaion hori, eta Lopezen eskutan geratu zen “Egin”en patua.
Administratzaile judiziala Madrilgo Casa de Campon egon zen aurreko asteartean, 18/98 auziko epaiketan lekuko gisa deklaratzeko. Epaiketa aretoan esandakoek zur eta lur utzi zituzten bertan zeuden guztiak eta suminduta “Egin”en alde hainbat urtetan lan egin duten auzipetuak.
Lopezek onartu zuen, Iñigo Iruinen galdeketa zorrotzari erantzunez, urte hauetan guztietan ez duela inolako neurririk hartu egunkariko egoitzak, eraikinak, instalakuntzak eta tresnak hondatzea eragozteko.
Ez zuen ezer egin, nahiz eta hasiera-hasieratik bazekien, langileek eta poliziakide espainolek azaldu ziotelako, bertan zegoen tresneria gehiena teknologikoki oso aurreratua zela eta ondo zaindu ezean betiko galduko zela.
«Ondasun hori guztia balioa galtzen ari zen jakitun nintzen», adierazi zuen abokatuari erantzunez, eta gaineratu zuen, hori jakinda ere, ez zuela inoiz erabili “Egin”ek zuen dirua mantentze-zerbitzu bat kontratatzeko.
Lopezek argudiatu zuen Garzonek ezarritako neurriek ez ziotela utzi halako erabakirik hartzen. Izan ere, besteren artean, “Egin”en kontu korronteak blokatzea eta ondasunak bahitzea agindu zuen epaileak. Egunkariak bazuen orduan bere instalakuntzak zaindu zitzaten ordaintzeko nahikoa diru, baina Garzonen erabakia irmoa izan zen: dirua ezin zen horretarako erabili. “Egin”entzat heriotza zigorra izan zen hori.
Irudi atsekabegarria
Bost urte geroago, 2003ko uztailean, “Egin”eko langile eta ordezkariak beren lantokia izan zen lekura sartu ahal izan ziren lehen aldiz, eta bertan aurkitu zuten irudia zinez atsekabegarria izan zen. Hezetasunak eta lizunak hartutako horma horiak, herdoildutako tresna eta gailuak; ez zen berek ezagutu zutena. Garzonek ondo egin zuen bere lana.
«Instalakuntza horien egoera tamalgarria ezagutzen al zenuen?». Iruinek bere galdeketa jarraitu zuen duela hiru urte Eziagon grabatutako bideoa ikusi ostean. Lopezek minutu batzuk lehenago onartu zuen ez zela inoiz joan “Egin”en egoitzak bisitatzera. Bera omen zen «zaindaria», eta inoiz ez zen joan bertara egoeraren berri zuzena izateko. Ondasunak ere ez zituen zenbatu edo zerrendatu. Administratzaile judizialak ez zuen ezer egin. Garzonen esanei jarraitu, besterik ez.
Epaiketa aretoan ikusi zuten bideoa defentsako abokatuek auzitegiari igorri zioten 2003 urtean, eta epaileek Lopezi bidali zioten, enpresen arduraduna zelako. Hiru urte hauetan, bideo hori ere ez du ikusi funtzionario espainolak.
Are gehiago, bere bulegoan gorde zuen, jasotako argazkiekin batera, eta hor izan zuen, giltzapean. Defentsaren froga zena ez zuen sumarioan jarri administratzaileak. Asteartean, Iruinek eskatu zuenean joan zen Lopez bere bulegora bideoa eta argazkiak jasotzera.
Bueltatu zenean jarri zuten bideoa aretoan, eta orduan
ere ez zuen ikusi nahi izan administratzaileak. Denbora guztia beste alde batera
begiratzen egon zen, agian, ez zuelako nahi bere «lanaren» ondorioei begietara
begiratu. Nicolas Poveda epaileak ere beste alde batera begiratzen zuen, eta
fiskalak sarritan egiten zuen hori. Irudietan, “Egin”i egindako jukutriaren
ondorioekin batera, adierazpen askatasunaren aldeko afixak. -