GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kirolak 2006-05-29
- V. Zegama-Aizkorri Mendi MAratoia -
Ricardo Mejia, Aizkorriko errege berria
·Eguraldi sargoria egin arren, Angela Mudge eskoziarrak ia 21 minutuan hobetu zuen emakumezkoen marka

ZEGAMA

Ricardo Mejia mexikarrak eta Angela Mudge eskoziarrak lortu dute garaipena Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren bosgarren ekitaldian. Mejiak ez zuen probako marka hobetzea lortu, baina 4.03.41eko denbora eginez mendi-lasterketen Munduko Kopako bigarren garaipena lortu du jarraian eta lidergoan jarraituko du, orain 200 punturekin. Emakumezkoetan, berriz, Mudgek 20 minutu eta 53 segundoan hobetu du iaz Corinne Favre frantsesak egin zuen denbora ikusgarria eta ikusleak harri eta zur utzi zituen helmugan egindako denborarekin: 4.43.04. Euskaldunei dagokienez, Imanol Etxeberria eta, oraingo honetan bai, Nerea Amilibia izan ziren etxeko korrikalari onenak.

Gizonezkoen probak amaiera ikusgarriagoa izan zuen Alvaro Mejia eta Rob Jebb iazko Munduko txapeldunaren artean. Mexikarrak orain hiru aste Hidalgon irabazi eta gero, gogor ekin zion Zegamako ibilbideari, aurrez berak onartu bezala, probako marka hobetu nahi baitzuen. Lan erdietan, Sancti Spirituko pasagunean, iaz Jebbek egindako denboraren azpitik zebilen korrikalari txikia eta azken maldetan gora zulo nabarmenak irekitzen hasi zen: Aizkorri puntan jada lau minutuko aldea ateratzen zien Jean Pellisier italiarrari eta hiru aldiz munduko txapeldun izandako Agusti Roc katalanari.

Azken horrek Aitxuri jaitsi bezain laster utzi beharra izan zuen lasterketa belaunean min hartuta eta, horrela, atzetik aurrera zetorren Rob Jebb ingelesa hirugarren jarri zen. Hortxe hasi zen iazko txapeldunaren erakustaldia. Jaitsiera bikaina eginez, Mejiari denbora jaten joan zen bizkor-bizkor. Andraitzen lau minutukoa zen aldea, erdira jaitsi zen Moanon eta helmugan lau segundo besterik ez zizkion atera irabazleak bigarrenari.

Hirugarren posturako lehian ere argi gelditu zen mendi lasterketetan ongi jaistea ongi igotzea bezain garrantzitsua dela. Italiarren arteko norgehiagokan, Fabio Bonfantik azken laurden ikaragarria osatu zuen eta Zegaman iazko hirugarren postua errepikatu zuen. Bere atzetik Fulvio Dapit herrikidea sartu zen helmugan, bosgarren postua Marco Rusconirentzat izan zen eta, azkenik, Jean Pellisier Aostako italiarra seigarren sailkatu zen azken kilometroetan asko sufritu ondoren.

Lehen posturako lehia zirraragarria izan zen bezala, lehen euskalduna izateko ohorea ere garesti egon zen. Ustekabean, Imanol Etxeberria 11. postuan sartu zen 4.24.58ko markarekin eta bere atzetik Arkaitz Sodupe zazpi segundo eskasera. Beasaindarrak jaso zuen euskaldun onenaren saria Zegama-Aizkorri maratoian parte hartzen zuen lehen aldian. Bertakoen podiuma Joxe Felipe Larrazabal arabarrak osatu zuen: 14. 4.25.42rekin.

Berorik ez emakumeentzat

Eguzkiak gogor jo zuen atzo Aizkorri inguruetan eta aitzakia horixe ipini zuten mutilek iazko marka hobetu ez izana azaltzeko. Baina beroa ez zuten horrenbeste sentitu emakumeek, alajaina. Angela Mudge eskoziarrak 20 minutu baino gehiagoan hobetu zuen iaz Corinne Favre munduko txapeldunak ezarritako marka. Favrek berak ere, iaz baino ia hamabi minutu gutxiago behar izan zituen 42 kilometroak osatzeko.

Bi horien atzetik, Ester Hernandez katalana sailkatu zen hirugarren postuan. Bartzelonakoak bigarren egin zuen 2005ean eta aurten bost orduko mugatik jaistea lortu du. Laugarren postua Daniela Vassali italiarrarentzat izan zen, Chico Hidalgon lortutako postu bera, eta Skyrunner World Series lehiaketan lehen postuan jarri da 144 punturekin lehen bi probak jokatu ostean.

Emakumezkoen proban Nerea Amilibia izan zen lehen euskalduna, 5.11.35eko denborarekin bosgarren sailkatu baitzen. Aiakoak iaz ere lortu zuen helmugan etxeko lehen korrikalaria izatea, baina federatuta ez zegoenez, antolakuntzak ez zion euskaldun onenaren saria eman. Hura gogoan, amorrazioz eta buru-belarri prestatu du Zegama-Aizkorri maratoia aurten, eta sailkapenean postu bat aurrera egin eta bere marka zortzi minutuan hobetu du.

Nerearekin batera, euskal podiuma Helena Perez bizkaitarrak eta Jaione Sasieta gipuzkoarrak osatu zuten. Perezek zortzigarren amaitu zuen nesken proba 5.27.51ko denborarekin eta Sasietak bederatzigarren 5.28.16ko marka eginda.

Urtero bezala, beteranoek ere izan zuten bere lekutxoa sari banaketan. Gizonezkoetan, Iñaki Urdalleta, Lake Oiarbide eta Marcelino Serrano sailkatu ziren lehen hiru postuetan. Emakumezkoetan, Helena Perez euskalduna, Daniela Gilardi italiarra eta Teresa Forn katalana izan ziren Aizkorriko proban parte hartu zuten helduen artean onenak.



Munduan parekorik ez duen lasterketa
Korrikalariek eurek onartzen duten moduan, Aizkorriko mendi lasterketak ez du munduan parekorik. Paisaia ikusgarri eta antolakuntza bikainaz gain, lasterketa gertutik jarraitzen duten ikusle kopuruak egiten du ezberdin Zegamako proba. Urtetik urtera gehiago dira Aizkorri inguruetako txokoren bat aukeratu eta pasatzen diren korrikalariei, denei, animoak ematen saiatzen direnak. Bat baino gehiago zain dago jada ea hurrengo ekitaldia, seigarrena, noiz iritsiko. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Euskarak milaka euskaltzale batu ditu Elorrion
Euskal Herria
El PSOE halaga el apoyo de Imaz a aplazar la mesa y dice que se sentará «cuando toque»
Mundua
La ayuda llega con dificultad a Indonesia mientras siguen apareciendo cadáveres
Kultura
Un filme sobre el conflicto irlandés le da la Palma de Oro a Ken Loach
Kirolak
Basso se corona en Milán y apunta al Tour
Mundua
El cónclave de la UE se da de plazo hasta 2009 para salir de la crisis
Kultura
Un filme sobre el conflicto irlandés le da la Palma de Oro a Ken Loach
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea