- Urrezko harri-jasotzaileak
Uste baino finalerdi estuagoak izan dira
DONOSTIA
Izeta II.a-Landarbide eta Barinaga-Ostolatza neurtuko dira hemendik bi astera Azpeitian jokatuko duten Urrezko Harri-jasotzaileen finalean.
Bi finalerdiak jokatu dituzte asteburuan, baina atzoMaeztun jokatutakoa izan zen denetan estuena, Barinaga eta Ostolatza Izeta III.arekin eta Goenatxorekin berdinduta geratu baitziren. Azkenean, kirolari bakoitzak duen pisuak erabaki zuen, eta Barinaga eta Ostolatza arinagoak direnez gero, haiek izango dira finalean.
100 kiloko zilindroari 35 jasoaldi eman zizkion Izeta III.ak, eta bat gutxiago Barinagak. 200eko errektangularrari, berriz, Goenatxok eta Ostolatzak zazpina jasoaldi eman zizkien. Gero, txanda librean, 113ko kubikoari 27na jasoaldi eman zizkien bi bikoek. Azkeneko proban, 100 kiloko bola zuten txanda librean. Barinaga-Ostolatzak 34 aldiz jaso zuten, eta bat gutxiago Izeta-Goenatxok. Azkenean berdinketa izan zen bai jasoaldietan eta bai jasotako pisuan ere, eta kirolarien pisuak erabaki zuen.
Herenegun, berriz, Izeta II.a-Landarbidek Perurena-Saralegi menderatu zituzten. 100eko zilindroari 38 jasoaldi eman zizkion Izetak, eta hiru gutxiago Perurenak. 200eko errektangularrari bost eman zizkion Landarbiek, eta hiru gehiago Saralegik. Txanda librean, 25 jasoaldi eman zizkien gipuzkoarrek 113ko kubikoari, eta bost gutxiago nafarrek, eta 100eko bolari, berriz, 32na jasoaldi eman zizkien biek.
|