- Urrezko Aizkora
Olasagasti ere Azpeitiko finalean izango da
·Igeldoko aizkolariak Anjel Arrospide menderatu zuen atzoko finalerdian
DONOSTIA
Joxemari Olasagastik lortu zuen atzo Urrezko Aizkorako finala jokatzeko txartela Anjel Arrospide mendean hartu ostean, Maeztun jokatu zuten finalerdian. Ez zen jende gehiegi batu saioa ikustera, eta beroa, berriz, handia egin zen norgehiagokan zehar.
45 ontzakoarekin hasi ziren bi aizkolariak lanean, eta zeinek kolpe gutxiagotan moztu neurtu ziren. Lehen saiotik ez zen ezer erabaki, berdinean amaitu baitzuten. Bakoitzak 33na kolpetan erdibitu zuen enborra. Hurrengo saioan kana-erdikoa zutik moztu behar zuten, eta Arrospidek hamar segundoko aldea atera zion Igeldokoari. 2.21 izan zen Leaburukoaren denbora. Hirugarren saioan, berriro ere kana-erdikoa moztu behar izan zuten, baina orduan etzanda eta erlojuz kontra neurtu ziren. 1.37 izan zen Arrospideren denbora, eta 1.23 Olasagastirena.Beraz, Igeldokoak saioari buelta eman eta aurretik jarri zen. Hurrengo proban, Olasagastik beste hamar segundo sartu zizkion Arrospideri. 2 minutu eta 31 segundo behar izan zituen 45 ontzako bat zutik eta bestea etzanda mozteko, eta hamar gehiago behar izan zituen Arrospidek. Gero 60 ontzakoarekin aritu ziren, eta hortxe erabaki zen finalerdia. 2.07 izan zen Igeldokoaren denbora eta 2.43 Leaburukoarena.
50 segundoko aldea zuen Olasagastik bere alde azkeneko probaren aurretik. Bi 45 ontzako, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako moztu behar zituzten. Arrospidek bereganatu zuen neurketa hori, baina 27 segundo bakarrik kendu zizkion, eta Olasagasti sartuko da finalean. 14.12 izan zen azkeneko lanean Arrospidek behar izan zuen denbora, eta 14.39 Olasagastik behar zuena. Finala hemendik bi astera jokatuko dute Azpeitian Olasagastik eta Nazabalek.
23 urtez azpikoen bi finalerdiak, berriz, herenegun gauean jokatu zituzten Igorren, eta Rekondok eta Otaegik jokatuko dute finala Azpeitian hemendik bi astera. Leitzakoak saioko proba guztiak irabazi zizkion Mugertza II.ari, eta Zizurkilgoak Atutxa II.a utzi zuen bazterrean.
|