DONIBANE LOHIZUNE
Berrogeita hamar bat urteko arrantzalea desagertu zen herenegun arratsaldean Landetako uretan arrantzatzen ari zen bitartean.
Donibane Lohizuneko Sainte Rita II itsasontzia itsasertzetik 70 km-ra arrantzan ari zenean, bi lagun sareetan katramilatu ziren. Ontziko patroiak horietako bat salbatzea lortu zuen baina, bestea, itsasoan desagertu zen. Nonbait eguraldi kaskarra zegoen eta itsasoa zakartua zebilen baina, jatorriz kamerundarra den arrantzaleak ez zeraman hondoratzea ekiditeko inolako jantzi berezirik.
Baionako Jendarmeriako eta Armadako helikoptero bana galdutako arrantzalearen bila aritu ziren arren, ez zuten haren arrastorik aurkitu. Inguruan arrantzan zebiltzan Yeu irlako beste bi itsasontzik ere lagundu zieten bilatze lanetan.
Atzo goizean helikopteroek berriro ekin zioten itsasoa arakatzeari baina, emaitzarik lortu ez zutenez gero, arratsean bertan behera utzi zuten bilaketa. Itsasontziko tripulazioa oso hunkitua dago ezbeharragatik, bereziki patroia, familiako aita salbatzeko egindako ahaleginak alferrikakoak izan baitziren.
Desagertutako itsasgizonaren izena ez da ezagutzen, baina azken hamabi urteetan Donibane Lohizune-Ziburuko portuan aritu da lanean, nahiz eta Sainte Rita ontzian hilabete batzuk besterik ez zeraman.