Oiartzungo Haurtzaro ikastolak antolatuko ditu aurten Kilometroak eta herri horretako Elorsoro kiroldegian jokatu zuten atzo Gipuzkoako Eskolarteko finala. Bi zarauztarrak geratu ziren garaile, baina Maialen Velarde edo Unai Gaztelumendi bera ere izan zitezkeen txapeldun edo txapeldunorde, oso berdindua izan baitzen saioa. Agurretan, guztiz bere paperean hasi zen Unai Gaztelumendi, axolagababe itxurak eginez. «Agurra bota behar omen da ta nik ideiaik ez kasi/ Joxeanjelek hala esan dit, beregandik det ikasi/agur normal bat eiteko kapaz noizpait izango al haiz hi», ekin zion. Hodei Iruretagoienak ekarri zuen piezarik ederrena:«Nahiz kartzelako lanik ez zaiguna tokatu/ epaileen aurrean zortzi inputatu/ ahalik eta gardenen nahi det deklaratu/beraz, ezin nezake kargurik ukatu/gerra ematera nator, hasi ta bukatu», kantatu zuen.
Lehen bertso puntuagarri ona Unai Gaztelumendik kantatu zuen. «Beltzarana, harremana, lana eta laztana» oinak eman zizkion Andoni Egaña aurkezleak eta bertso hau osatu zuen: «Batetik musua ta bestetik laztana/neska batekin hasi nuen harremana/harek arindu egin behar zidan lana/ez det ikusten nun den nere beltzarana», esan zuen jendartean haren bila balebil bezala begiratuz.
Bikain hasi zen Hodei Iruretagoiena ere ariketa berean «Agurtu, apurtu, minutu eta damutu» oinekin.«Nahiz lehen bertsoan denak dotore agurtu/ luze joaten dira hainbeste minutu/ urduritasun honek behar nau apurtu/baina tamalez orain ezin naiz damutu», kantatu zuen. Baina finaleko bertsoaldirik biribilena seguru asko Oier Aipuruak eta Maialen Velardek egin zuten. Oinak jarrita bikain erantzun zuen Maialenek. «Zurito, kito, mito eta ito» egokitu zitzaizkion. «Gaztea txarra dela hemen zenbait mito/ larunbatero hartuz hamaika zurito/gazteak hori nahi du, festa eta kito!/ ez gaitezen zerbeza aparretan ito», kantatu zuen. Zortziko nagusiko ofiziotan Oier Aizpuruarekin tokatu zitzaion. Egañak eman zien gaia:«Zuek bi jostailu zarete eskaparete batean. Oier modako panpina eta Maialen modatik pasatakoa. Maialen almazenera darama nagusiak». Oier hasi zen:«Botoiai eman ta aritzen naiz gustora kontu-kontari/jende ugari gelditu ohi da so eskarapateari/denak nahi dute ni etxeratu, hori ez al adago garbi/bizitza hola izaten da, beno hurrena arte Barbi».
«Rubia nauzu, begi urdinak, ametsetako panpina/ baina leihoan parean daukat tristuraren imajina/ denbora nola aurrera doan nahiz ta ematen didan mina/ itxuraz eurok ez du balio dibertsioak adina», erantzun zion Maialenek.
«Nik dibertitu ohi ditut sarri kontu-kontari hasita/
gaur bertan ere neska batekin ipinia daukat zita/zoritxarrean gizartea hau da
moda txarrean hezita/ modaren pila agortutakon egingo dizut bisita», kantatu
zuen Oier Aizpuruak bigarrena eta maila horretan jarraitu zuten bertsoaldia
amaitu artean bi bertsolariek.
Txikiak ere ondo
Puntua eta gaia emanda bakarka neurtu ziren ondoren gazteen mailako zortzi finalistak. Ainhoa Mujika ordiziarrak bikain kantatu zuen, baina puntuari erantzuten onena azkoitiarra izan zen, Jokin Sudupe. «Asko aldatzen gara urteen joanean», jarri zion puntua Egañak eta «Eta oraintxe nago nere onenean/ ilusio pila bat daukat barrenean/hola egon nahi nuke etorekizunean», erantzun zuen. Hodei Iruretagoiena ondo moldatu zen, baita Oier ere. Tamalez, Maialenek ez zuen gaiarekin asmatu. Asier Azpiroz antiguatarra makulu eta guzti igo zen agertokira eta ondo moldatu zen bertsotan. Arnaitz Lasarte hernaniarra ondo aritu zen 8ko nagusian. Horrenbestez bukatu zen gazteen saioa eta Koxme Lizaso, Manuel Lasarte, Iñaki Murua eta Imanol Lazkano bertsolariak eta txapelketa antolatzen duen Ikastolen Elkarteko eta foru Aldundiko ordezkariak bertan zirela banatu zituzten sariak. «Poz ematen dit hemen izan dan jaialdi hau ikusteak/lana dotore egin dezute batzuek eta besteak/zu ilusioz jantzi bazaitu txapela irabazteak/neretzat ere poza du hori zuri buruan jazteak», kantatu zion Lasartek idatzizkoan DBHko bigarren zikloan irabazi zuen Mikel Olaizolari. Lehen zikloan Amaia Iturrietak irabazi zuen eta Lehen Hezkuntzan Olatz Leturiagak eta Maddi Labakak.
Gaztetxoen mailan Urretxu-Zumarragako taldea izan zen garaile, Asteasu, Errezil eta Alegia-Usurbil atzean utzi ondoren, eta sari horretan zerikusi handia izan zuen Amaia Iturriotzek. «Zuek nora begiratzen duzue bertsoa kantatzeko orduan?», jarri zion gaia Egañak. «Bazkaltzerako jan ondorenen makarroiak ta ogia/ hona etorri gerade bostok, hori da gure egia/ mikrofonoan hortxe parera zuzendu ohi det begia/bertso polit bat kantatu asmoz, horixe da zilegia/al baldin badet ez det ikusten ezagunen aurpegia», kantatu zuen neskak. -