Floren Aoiz
Mahaiak dantzan
Aulki-dantza ezagutu ez ezik gehienok dantzatu dugu noizbait, ezta? Mahai-dantza, ordea, ez, baina ezin daiteke uka mahaien inguruan badela dantzarik, eta ez nolanahikoa. Bagaude, nahi ala ez, konturatu ala ez, mahaien dantzan murgildurik. Anoetako proposamen ospetsuak mahaiak aipatzen zituen, ETA-gobernuena alde batetik eta eragile politikoena bestetik. Batzuendako ez bide zen aski, eta eragile politikoen mahaiaren ordez mahai piloa osatu nahi dute. Zurginak izanen ote? Altzari salmentak igo nahi dituzte? Zirrika-mirrika hasi gara, baina auzia ez da txantxetakoa, mahaien inguruko lehia honetan prozesua eta Euskal Herria ulertzeko molde ezberdinak ageri baitira, gordinean ageri ere. Batzuek uste dute mahai bakarra, edo bederen esparru orokorra, prozesua ongi abiatzeko oinarria dela. Haien ustez, zatiketa ontzat emanen litzateke bestela. Duela ia hogeita hamar urte gertatutakoa kontuan hartu-ta, arrazoizkoa da ideia hori: zatiketa onetsiz zatiketa errotzen da. Eraiki da, berriz, mahai ezberdinen aldeko frontea, Eginoko Foroa eta beste hainbat eragile barne dire- larik. Aralarrek hartu du, Nafarroan bederen, jarrera horren ikurra, eta gaur egun, erabakitzeko eremuei buruz mintzatzen dira Zabaletaren alderdikideak. Euskal Herriaren aniztasunean oinarritzen ziren lehen horrelako jarrerak, baina orain urrats bat eginda zatiketaren apologia hutsa egiteari ekin diote, tamalez. Harrigarria da, edonola ere, ezker abertzaleari luzatzen zaion kritika, hau da, sobera itxita dagoela, eta Euskal Herriaren irudikapen monolitikoa duela. Harrigarria, batez ere, Sabino Aranaren Euzkadi hura buruan dutenen aldetik datozelako kritikak. Horiek bai honetaz zerbait erakusteko gai! Harrigarria, halaber, nukleo (Araba-Bizkaia-Gi- puzkoa) eta periferia (bes- te euskal herrialdeak) bereizten dituen integrazio ereduaren defendatzaileak direlako kritika egileak. Norbaitek erakutsi baldin badu Euskal Herriaren anizta-suna ulertzeko gaitasunik, horixe da ezker abertzalea. Baina gauza bat da aniztasuna aitortzea eta aintzat hartzea, eta beste bat zatiketa onestea. Gauza bat da eraginguneei buruz Batasunak dioena eta beste bat zatiketaren bidetik Nafarroa prozesutik at uztea. Ez daitezela etor orain aniztasunaren aitzakia ahoan zer eta UPNren eredu berdina aldarrikatuz! -
|