350 lursaili eragingo die AHT eraikitzeak
·AHTren Aurkako Asanbladak ekainaren 10ean Donostian izango den manifestaziora deitu du
GASTEIZ
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 350 lursail ingururi eragingo die Abiadura Handiko Trena eraikitzeak. Madrilgo eta Gasteizko gobernuek, hiru diputazioek eta udalek Lakua aukeratu zuten AHTk zeharkatuko dituen lurren desjabetze prozesua aurrera eramateko, eta, hain zuzen ere, horretarako sortu dute Lurranek informazio bulegoa. Zerbitzu horren bidez, lurjabeekin «harreman zuzena» izan nahi dutela adierazi zuen Nuria Lopez de Guereñu Garraio eta Herrilan sailburuak.
Haren arabera, desjabetutakoen truke, Administrazioaren lursailak emango dizkiote lurjabe bakoitzari. Jende ugarik jo du Arkauten dagoen bulego horretara, Gasteiz ondoko lursailak izanik, askok etxebizitzak eraikitzeko orube gisa saltzeko asmoa baitzuen.
Bestalde, protesta modura eta AHTren Aurkako Asanbladak ekainaren 10ean Donostian egingo duen manifestaziora dei egiteko, zenbait pertsonak Zornotzan AHT dela-eta egiten ari diren zundaketa geldiarazi zuten atzo.
|