Dominika Leonen senarrak bere buruaz beste egin du
BAIONA
Eric Clemotek, 43 urteko gizon batek, bere buruaz beste egin zuen ostegunean Baionako erietxe nagusian.
Eric Clemot joan den abenduan Dominika Leon irrati esataria erail zuelako akusaziopean ari ziren ikertzen. Izan ere, bikotea Angelun bizi zen, eta, urteak zeramaten Domika Leonen esklerosi gaixotasunari aurre egiten. Joan den abenduan, «eritasunak sorturiko egoera jasanezinaren zela-eta», senarrak labana batekin erail zuen emakumea. Epaileek ikerketa hasi zuten baina, hala ere, familiako kideen, auzokoen eta adiskideen testigantzak entzun ondoren, aske uztea erabaki zuten epaiketa izan arte.
Berrikitan, Eric Clemot ospitalean hartu zuten hankan ebakuntza egin behar ziotelako. Ebakuntza egin ostean, atzo berrezitze zentro batera eraman behar zuten. Ospitaleko gelan zegoela, bere burua bota zuen leihotik Eric Clemotek.
Gertakari horren ondotik, fiskalak gorputzaren autopsia egiteko eskaera egin du.
|