Maite LAFOURCADE | Ikertzailea eta Zuzenbide Historikoaren irakaslea
«Zuzenbidea populu baten nortasunaren zati intimoa da»
Maite Lafourcade ikertzaile eta irakasleari Eusko Ikaskuntza saria eman diote aurten, eta sari hori eskuratzen duen Euskal Herriko lehenengo emakumea da. Euskal zuzenbidean aditua, Baionako euskal ikasketen zentroaren sortzailea da. Horrez gain, euskal Herri osoan ikastaroak emanak ditu. Lafourcadek landuriko arlo horiek guztiak saritu nahi izan ditu Eusko Ikaskuntzak.
1934an sortua, Zuzenbide ikasketak egin zituen, eta
ezkondu orduko bertan behera utzi. Halere, senarragandik banatu ondoren, tesia
egiteari lotu zitzaion, eta “Louis XIV.a erregearen erreinupeko Lapurdiko
ezkontza kontratuak” gaia landu zuen. Orduz geroztik, euskal zuzenbidearen
historia sailaren ikerkuntzan aditu bilakatu da. Urte luzaz egindako lan horri
guztiari esker eskuratu du Eusko Ikaskuntza saria, eta haren esanetan, «ohore
handiko» saria da. «Bizi osoko lana aitortzea da; zorion handia da», nabarmendu
zion GARAri.
Eusko Ikaskuntza sariak bi aldiz saritu zaituela erran daiteke. Alde batetik, zure lana goraipatu du, eta, gainera, sari hori lortzen duen lehenengo emakumea zara...
Bai. Emakume bat saritu nahi zuten, eta iaz jadanik sailkatuen artean nengoen. Aurten berriz aurkeztu naiz, eta ukan egin dut.
Zer garrantzi du zuretzat sari horrek?
Izen handiko saria da. Saria sortu zenetik Paueko unibertsitatea ordezkatu izan dut luzaz epaimahaian. Beraz, niretzako zorion handia da ukaitea. Bizi osoko lana goraipatzen du sariak. Euskal zuzenbidearen historia ikertzen aritu naiz bizi osoan. Nire arloan lan egiten zuten beste ikertzaileek lokalismo hutsa egiten nuela leporatzen zidaten. Nire herria maite dut, eta beti nahi izan dut horretan lan egin.
Ibilbide berezia duzu. Zuzenbide ikasketak egin zenituen, eta ezkondu ostean utzi zenituen. Baina banatu orduko berriz lotu zara ikasketei...
Bai. Euskal zuzenbideko tesia egiterakoan ezagutu nuen. Zuzenbide ikasketak utzi nituen. Eta, banatu nintzelarik, aitak ikasketak berriz hartzea nahi zuen. Beraz, lan horretara lotu nintzen. Hendaiako irakasle bat nuen garai horretan, eta euskal zuzenbide arloan lan asko zegoela egiteko erran zidan. Horretan lan egiten hasi nintzelarik, laster ohartu nintzen familiak eta etxeak garrantzi handia zutela EuskalHerrian. Izugarrizko gauzak deskubritu ditut.
Pasio bat bilakatu da...
Bai. Eta, sail horretan, Estatu frantseseko aditu bakarra jarraitzen dut izaten. Zuzenbidearen historian gutxik egiten dituzte tesiak. Baionan ez dago III. ziklorik unibertsitatean. Bordelen bakarrik dago, eta bertan ez dituzte horrelako gaiak ematen.
Ematen du asko borrokatu zarela zure bizitzan. Gutxi landua zen gai bat aukeratzeaz gain, Baionako euskal ikasketen zentroa sortu duzu...
Eta, borrokatzen jarraitzen dut erretiratu aurretik ematen nuen klasea atxikitzeko. Lau urte daramatzat klase hori ematen, unibertsitatean nire postuak ez baitu ordezkaririk izan. Kurtso hori Eusko Ikaskuntzari esker ematen dut hark ordaintzen didalako.
Zerk lotu zaitu arlo hori ikertzera?
Euskal zuzenbidea ez zen batere indibidualista. Kolektibitatearen printzipioan oinarritzen zen. Zuzenbide hori frantses iraultza aitzin indarrean zegoen Euskal Herrian. Etxea hartzen zuenak familia guztiaren ardura zuen. Jabetza guztiena zen. Gaur egun, garai horretako aztarna batzuk daude, horien artean, haranen sindikatuak. Zuzenbideak badu bere berezitasuna, gizarteari buruzko informazioak ematen baititu. Eta, nire irudiko, populu baten nortasunaren zati intimoa da. Zuzenbide mota berdina aurkitzen da, izan ere, Ipar Euskal Herrian, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan.
Nola desagertu zen?
Estatu frantsesak, iraultzaren ondotik, bat eta zatiezina izan behar zuela erabaki zuten. Horretan, guztientzat zuzenbide bakarra izan behar zela erabaki zuten. Halere, luzaz ahalegin guztiak egin dituzte usaia horiek atxikitzeko.
Zure lanetan, emakume eta gizonen artean berdintasuna zegoela aipatzen duzu...
Arlo guztietan berdintasuna zegoen. Emakumeek ez zuten bozkatzen, baina etxeko jaunak ordezkatzen zituen. Boterea etxeko jaunek zuten. Gizartean ez zegoen berdintasunik, baina justizian bai. Bistan denez, etxerik ez zuenak ez zuen botererik.
Gaur egun irakaskuntzan jarraitzen duzu, baina ba al duzu beste ikerketaren bat egiteko xedea?
Iraileko, antzinako erregimenean zeuden klase sozialei buruzko lan bat egin behar dut. Eta, Elkar lau urte daramatza euskal zuzenbideari buruzko liburu bat egin behar dudala erraten. Hitzeman diet 2007 urteko bukaerako idatziko dudala. Egia erran, horrelako gai bat irakurtzeko zaila iruditzen zait; hobe lukete eleberri bat idaztea. -
|