GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-06-03
Euskal ontzigintzaren historian barrena bidaia
Euskal kostaldean betidanik ontzigintzak izan duen tradizioa eta garrantzia ukaezinak dira eta, denboraren poderioz, ekoizpen-ereduak modu itzelean garatu dira. Bilakaera horren lagina Donostiako Zientziaren Kutxa Gunean jarri dute ikusgai, eta Albaola elkarteko kideek adierazi dutenez, Butus baleontzia ezagutu eta belak eta arraunak ekoizten ikasteko aukera izango dute bisitariek.

Euskal Herriko ontzigintzaren hainbat garai biltzen ditu “Itsasorako materialak” Zientziaren Kutxa Guneak aurkeztu berri duen erakusketak. Espazio murritz batean, XVI. mendetik gaur egunera arte erabili diren teknika eta materialak bildu dituzte eta, gisa horretan, bisitariak begirada hutsaren bidez antzeman dezake ontzigintzak denbora tarte horretan izan duen garapena.

Erakusketaren arduradun Jose Maria Hernandezen hitzetan, aipatu bilakaera ezagutzera ematea da erakusketaren helburu nagusia, eta, Kutxa Guneko arauei jarraiki, bertan ikusgai dauden lanabesak ukitzea ezinbestekoa dela azaldu du. Adibide moduan, betiko egur hutsezko arraunen eta karbonozkoen artean dagoen aldea ­lau kilo gehiago izan ditzake lehenak­ edota haize-oihalak egiteko ehunetan izan diren aldaerak ­artilea, kalamua, lihoa, kotoia, nylona...­ aipatu zituen. Ukimenaz gain, aipagarria da gunera sartu orduko usaimenakhartzen duen garrantzia. Albaola Elkarteko ordezkari Mikel Leozek eman zuen azalpena: «Ontzigintzan hainbat material erabiltzen dira baina usain sarkorrena break eta kalamuak dute. Erakusketa honetan usaimena ere mezuaren zati da».

XVI. mendetik orainaldira

Erakusketaren helburua pedagogikoa da nagusiki eta, horrenbestez, asteburuetan bi artisau egongo dira XVI. mendeko teknikak erabiliz arraunen eta belen ekoizpen tradizionala bertatik bertara ikusi ahal izateko. Hernandezek aditzera eman zuenez, bisitariek artisauekin batera lanean aritzeko aukera izango dute, erremintak ikusi eta ukitzeaz gain, horiek ekoizten ere parte har dezaten eta, ziurtatu zuenez, artisauek pozarren argituko dituzte bisitarien zalantzak.

Bestalde, datozen hilabeteetan Butus baleontzia bertan izango da. Kanadan aurkitutako euskal baleontziaren bi erreplika egin ditu Albaolak, eta horietako bat erakusketan izango da. Leozek azaldu zuenez, aurkikuntza arkeologikoa da, ontzian agertzen diren zenbait teknika XVIII. mendean abiatu zirela uste baitzen, baina Butus ontzia XVI. mendean eraiki zuten. Ontzi horren xehetasunez gain, egungo material eta lanabesak ere biltzen ditu eta, Leozen iritziz, antzinakoak bezain ezezagun egiten zaizkio bisitariari. Tekniken arteko ezberdintasunen gainean, Albaolako ordezkaria garbi mintzatu zen: «Erabiltzen zituzten lanabesak ikusita, argi dago ez zirela ez basatiak eta ez ezjakinak».

Bederatzi informazio-panelen bidez jasoko dituzte bisitariek lanabes eta materialen gaineko azalpenak, eta, ikusgai dauden objektuen artean, Butus baleontzia eta Groenlandiako kayak tradizional eta modernoa nabarmendu zituzten.

Erakusketa Kutxa Espazioko Montessori aretoan ezarri dute eta ikusgai izango da asteartea eta ostirala bitartean 10.00etatik 19.00etara, eta asteburuetan, 10.00ak eta 19.00ak bitartean. Artisauak larunbat, igande eta jaiegunetan izango dira eta astean prozedura tradizionala ikus-entzunezko emanaldien bidez iritsaraziko zaio bisitariari. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Los tres detenidos, libres en París 80 horas después
Jendartea
Trece personas afectadas en Iruñea por un brote de legionella pneumophilla
Mundua
Estatubatuarrek Iraken egindako beste sarraski baten frogak kaleratu dituzte
Kultura
Bi zarauztarrak gipuzkoan nagusi
Ekonomia
Dimite el secretario general de UGT-Navarra
Euskal Herria
Violenta carga de la Ertzaintza en el campus de Donostia
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea