Bizkaiak oso bertsolari onak eman ditzake datozen urteetan, atzo Indautxuko El Carmen aretoan aritu ziren ume eta gazteek erakutsi zuten maila ikusita. Iritzi horrekin bat etorri zen ikusleen artean zen Fredi Paia, taula gainetik bota zituzten bertsoak entzun ondoren.Neskak izan ziren nagusi finalisten artean. Lehenengo taldean, 14 urte artekoen atalean, mutil bakarra aritu zen, Imanol Uria. Algortarra txapeldunorde sailkatu zen. Nerea Ibarzabal markinarrak eraman zuen sari nagusia eta, hala, biak agertuko dira Euskal HerrikoEskolarteko Txapelketan, hil honen 24an, Altsasun.
Nagore Beitia bermeotarra izan zen atzoko ekitaldian taula gainera deitu zuten lehenengo bertsolaria. Jarraian Imanol Uriak, Nerea Ibarzabalek, Jone Ansotegik,Ane Etxebarriak eta Elene Lejarzegik kantatu zuten.
Hasteko 8ko txikia osatu zuten Zuriñe Iarrituk eman zizkien oinekin. Ondoren, bakarreko gaiari eutsi zioten, bakoitzak nahi izan zuen neurri eta doinuarekin.
Hemezortzi urte noiz beteko zain luze egon ondoren, azkenean egun handi horren aurrean dagoen gaztearen lekuan jarri behar izan zuten bertsolari txikiek. Autoa gidatzeko baimena ateratzeko gogoa aipatu zuen batek baino gehiagok, baita gurasoen etxetik alde egiteko nahia ere. «Etxeko eztabaidek naukate errea/ orain arte izan naiz bertoko umea/ baina heldu da iada bukatzeko unea/ banoa hemendikan, naiz txori askea (bis)», kantatu zuen Elene Lejarzegik.
Bikoteka jardun eta guztiarekin Nerea Ibarzabalek eta Imanol Uriak bildu zituzten punturik gehien eta Altsasurako bi txartelak.
Erantzuten bizkor
17 eta 18 urtekoen taldean aritu ziren zortzi bertsolariek bizkor erantzuteko gaitasun handia erakutsi zuten. Proposatutako gaiak garatzeko orduan ere oso ondo moldatu ziren.
Bertaratutakoen barreak eragin zituzten une batzuetan. Miren Amuriza aurtengo txapelduna eta Itxaso Paia iazkoa aurrez aurre jardun ziren 8ko txikian. Lehena saiatu bai baina gehienetan bigarrenak ligatzen zuela-eta hala zioen Berrizkoak: «Aurpegi polita ta ederra atzea/ ligetan dozunean niretzat trantzea/ mutil danak ezin lei zeuregain hartzea/ laguntasuna ez al da dana banatzea (bis)». Korrika egitera ateratzen diren bi lagunen paperean izan ziren Enea Pinillos eta Eñaut Uruburu. Bigarrenak ezinean hala zioen: «Ondiño ez naz hasi serio karreran/ ta arin isiltzea diotsut aukeran/ bai ni hor gelditu naz oso hasieran/ Lance Armstrongek behin ere bardin egin eban (bis)».
Azken ofiziora Arrate Illaro eta Miren Amuriza deitu zituzten. Txapela bietako batentzat zela jakinda, puntuari erantzun behar izan zioten. «Danak zeuri begira erdi lelotuta», bota zien gai-jartzaileak eta «beraz, egon behar dut patxada hartuta/ nahiz ta sentitzen naizen iparra galduta/ zer egingo ote dut gaur kagoen la puta», jarraitu zuen txapeldunordeak.
Azkenean, Miren Amurizak bertsolari bezala jaso duen hirugarren txapela jantzi zuen, oso hunkituta.
Txapela buruan zuela eskerrak emateko aprobetxatu zuen. «Guztiok lortu dogu azkenik behar genduen oreka/ eskerrik asko ta hiru gauzagaz bukatzen dot txapelketa/ lagun koadrila ta familiai hau dot ordaintzeko beta/ Markinaldeko bertso eskolagaz lortuz jon naz neure metak/ ikusi ez arren nire alboan egon diranei arreta/ jokua izan lei erreza/ bertsoa gure olgeta/ zuen ondora itzuliko naz mosu ta eskerrez beteta/ txapelak baino txapeldunago egiten nauzue eta».
Saioa amaitu ondoren, Miren Amurizak GARAri esan zion jaso zuen lehenengo txapela eta azken hori poztasun berdinarekin jantzi duela. Atzo egin zuen beharrari dagokionez, honakoa aitortu zuen Amurizak: «Hasi orduko nerbioak beti egoten dira, baina behin gora igota dena ematen hasten zara; dena ondo etorri da eta oso pozik nago».
Lehiakideei buruz, berriz, beste bertsolarien maila nabarmendu zuen. «Danak ikusi ditut oso ondo», aipatu zuen bertsolari gazteak.