- Top 14ko finalerdia
Ostikoei esker, Biarritz Parisen izango da datorren larunbatean
·Dupuyk Yachvili ordezkatu zuen atzo, eta berak egin zituen zuri-gorrien puntu guztiak
BIARRITZ 12 PERPINYA 9
BIARRITZ
Biarritzek Ligako finala jokatzeko txartela lortu zuen atzo, eta gaur jakingo du zein talde izango duen aurrez aurre datorren larunbatean. Lapurtarrak ziren faborito atzoko norgehiagokan, eta iragarpenak bete egin zituzten, baita helburua bera ere. Aurten Europako Kopako finala eta Ligako finala jokatuko dituzte, baina datorren larunbatean garaipena lortzen ez badute, ezin esan zuri-gorrientzat denboraldi ona izan denik, bi lehiaketak irabazteko taldea egin baitute, eta txapel bat bera ere ez lortzea deskalabru handia izango litzateke.Atzo jokatutako norgehiagoka ez zen ona izan, baina aurretik ere iragarri zitekeen horrela izango zela. Jokoan asko zegoen atzo. Irabazten zuena finalean sartuko zen, eta galtzen zuena etxera joango zen, eta horrek presio handia sortzen die taldeei. Normala den moduan, atzean lan asko egin zuten. Horrelakoetan gertatzen den bezala, ostikoek erabakitzen dute, eta horrela izan zen. Presioa handia egin zuten aurrelariek, eta biak ahalegindu ziren aukeraren bat sortzen entseguren bat egiteko, baina inork ezin izan zuen entsegurik egin, eta azkenean jaurtiketei esker erabaki zen norgehiagoka, eta euskaldunen zorionerako, Biarritz izango da finalean. Partida ez zen ongi hasi biarriztarrentzat, bigarren minutuan katalanek lehen zigor-kolpea gauzatu baitzuten. Hala ere, horrek ez zituen kikildu euskaldunak eta lanean jarraitu zuten. Partidaren ardura hartu zuten, eta horrekin batera heldu zen berdinketa. Zazpigarren minutuan, Dupuyk ez zuen bere lehenengo zigor-kolpearekin hutsik egin. Atzo lan zaila zuen Dupuyk, Yachvili ordezkatzen baitzuen, baina oso ongi bete zuen bere lana. Atsedena hartu aurretik jokalari berak bigarren zigorra gauzatu zuen, eta 6-3koa jarri zuen markagailuan. Emaitza horrekin joan ziren bi taldeak atseden hartzera. Bigarren zatian, zazpigarren minutuan, Perpinyak berdindu egin zuen beste zigor bati esker, eta Biarritzi berriro ere neurketaren ardura hartzea egokitu zitzaioan. Dupuyk bere hirugarren zigor-kolpearekin ere ez zuen hutsik egin, eta aldea euskaldunen alde jarri zuen. Zuri-gorriak aurretik ziren, baina partida erabaki egin nahi zuten, ez zuten ezusterik nahi. Berriro ere Dupuy izan zen protagonista drop bat gauzatuta, partida amaitzeko bederatzi minutu falta zirenean. Bi minutu geroago, ordea, Laharragek Perpinyaren zigor bat lortu zuen, eta gero, Biarritzek lan handia egin behar izan zuen.
Laguisquet: «Buruarekin jokatu dugu»
BIARRITZ Patrice Laguisquet gustura zegoen atzoko emaitzaren ostean, eta neurketari buruz zera esan zuen: «Taldea ongi aritu da, elkarlanean eta buruarekin jokatu behar izaten dira partida hauek, eta horretan asmatu egin dugu. Orain berreskuratze lana egin behar dugu, eta finalarekin pentsatu», esan zuen. «Gauza polita da. Hilabetean bigarren finala izango dugu, eta jokalariak pozez gainezka daude. Berdin zait noren aurka jokatu beharko dugun Parisen, finala zaila izango baita, baina aldi berean partida ona izango delakoan nago», adierazi zuen lapurtarren entrenatzaileak. Philippe Boher, Perpinyaren entrenatzailea, triste zegoen finaletik at geratu zirelako, baina lapurtarren garaipenari ez zion meritutik kendu: «Horrelako partidetan ez da aukera asko izaten, eta gaur Biarritz hobeto aritu da. Eskasetan eta ostikoekin gu baino hobeto aritu da, eta zoriontzea besterik ez zait geratzen», esan zuen. «Nire jokalariak ere zoriondu egin behar ditut. Duten guztia eman dute, eta ezin da gehiago eskatu. Talde handi batek kanporatu gaitu«, erantsi zuen.
|