- Sokatira
Nafarroako Launakako txapelak banatuko dituzte
DONOSTIA
Nafarroako Launakako Txapelketako txapelak banatuko dituzte gaur arratsaldean, Burlatan, 18.00etan hasita jokatuko duten saioaren ostean. Bertan, 320 kiloko finala izango da, eta 260 kiloko azkeneko jardunaldia ere jokatuko dute.
320 kiloko mutilen finalean, honako talde hauek lehiatuko dira: Berriozar, Txantrea, EHNE Nafarroa, Beti Gazte, BKE eta Errotaberri. Beti Gazte Lesakakoa izango da txapela janzteko faborito nagusia. Lesakarrak bere multzoan jaun eta jabe izan dira, eta besteak baino zertxobait gorago daudela ikusten da. Hala ere, Berriozarrek lan bikaina egin du bere multzoan ere, eta ahaleginduko dira zuri-berdeei ezusteren bat ematen. Badirudi horiek izan daitezkeela Beti Gazteren areriorik gogorrenak.
Nesken 260 kilotan, honako talde hauek lehiatuko dira: Sakana, Beriain eta Gure Txokoa. Lehen jardunaldian Sakana izan zen nagusi. Bigarrena joan den igandean zen jokatzekoa Urdazubin, baina Beriainek eta Sakanak ez zuten joaterik izan, eta ez zen jokatu. Hala ere, txapela lortzeko faborito nagusia Sakanako taldea izango da.
Euskal Herriko Lur Gaineko Txapelketak, atseden hartuko du asteburuan, eta datorren larunbatean jokatuko dute Martiartun 680 kiloko azkeneko saioa.
|