- Idi-probak (Apustua)
Bizkarregiren eta Epiolaren uztarriak neurtuko dira
DONOSTIA
Kintopekoen idi-proba apustua jokatuko dute gaur 22.00etatik aurrera Aian. Alde batetik, Bizkarregi Usurbilgoaren idi parea izango da, eta bestetik, Epiola Oikiakoaren uztarria. Aiako kintopekoen probetan erabiltzen duten harri bera erabili beharko dute, eta idiak 1.100 kilotan sartu beharko dira, bestela uztarri bakoitzak dagokion gainkarga hartu beharko du. Baldintzak ere lehiaketan izaten diren berak izango dituzte. Itzainak, berriz, libreak izango dira, eta idien jabe bakoitzak nahi dituenak eraman ahal izango ditu. Alde bakoitzak 600 euro jokatzen ditu dirutan. Oikia eta Usurbil ez daude Aiatik oso aparte, eta badirudi ikusmin dezente piztu duela gaurko apustuak, eta harmailak bete samartuta egotea espero da herrian.
Bestetik, Mañuan, bart hasi dira bertako idi-probak, eta egunero izango dira asteartera bitarte, egun horretan amaituko baitira.
|