DONOSTIA
Gipuzkoako Bigarren Mailako aizkolarien bigarren finalerdia jokatuko dute bihar Beasainen 19.00etan hasita. Honako aizkolari hauek lehiatuko dira: Elorriaga, Esnaola, Mugertza III.a, Mujika, Otaño eta Zubizarreta. Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako moztu beharko ditu.
Kanporaketa honetan zen izatekoa Arria V.a ere, baina errezildarrak, azkenean, ez parte hartzea erabaki du, eta aurrez aipaturiko horiek lehiatuko dira uztailaren 31n Loiolan, Donostian jokatuko den finalerako txartela lortzeko asmotan.
Joan den astean Legorretan izan zen estreinako finalerdia, eta han Ugarteburuk, Lasak eta Otaegik lortu zuten finala jokatzeko txartela, eta beste hiruren izenak bihar jakingo dira.
Arriaren faltan, badirudi Otaño dela saio hori irabazteko faborito. Ibarrakoak orain dela hilabete eta erdi Olasagastiren aurkako apustua izan zuen, eta ordurako egindako prestakuntzak balioko dio oraingorako ere. Garaipena lortzeko beste faboritoa Elorriaga izan daiteke.
Hala ere, kanporaketetako helburu nagusia finalean sartzea izaten da, eta bi aizkolari horien xede nagusia ere horixe izango da, lehenengo geratu, edo hirugarren geratu, finalean sartzeko berdin baita, nahiz eta denei gustatzen zaien saioak irabaztea.
Badirudi, hirugarren posturako borroka gehiago egon daitekeela, baina askoren ustez, Mujikak ere finalean egon beharko luke. Iaz EuskalHerriko Hirugarren Mailakoa bereganatu zuen, eta aurten gogoz arituko da dena prestatzen.
Etzi Beasainera bertaratzen direnek ez dituzte aizkolariak bakarrik ikusiko, hantxe bertan erabakiko baita Gipuzkoako orga-jokoko txapeldun berria zein den ere.
Bestalde, Urrezko Harri-jasotzaileen Bigarren Mailako finalerdia jokatuko dute gaur Navaridasen 18.30ean hasita. Urrutia-Agirrek Lertxundi-Astorkiaren aurka jokatuko dute. Eizmendi eta Telleria II.a jadanik finalean daude.