Judas ARRIETA | Margolaria
«Artista txinatar bihurtzen saiatu naiz zortzi hilabeteko egonaldian»
Mundu guztiak mendebaldera jotzen du artearen iturburu bila, baina Judas Arrieta originala da horretan ere, eta ekialdean eman ditu zortzi hilabete eta erdi, Pekinen. «Ez naiz batere Amerikaren zalea. Ekialdeak gehiago erakarri izan nau», dio. Lau bat hilabete eman zituen txinera ikasten, eta dakien ingelesarekin moldatu da Bei Gao arteguneko berrehun artistaren artean. Hiru erakusketa egin ditu Pekinen, eta orain hasiko da Euskal Herrian ate joka.
Zortzi hilabete eta erdi eman ditu Judas Arrieta
margolariak Pekinen Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Bartzelonako Asiako Etxearen
beka bati esker lanean, eta Txinako hiriburuan lau erakusketa egin, katalogo bat
editatu eta esperientzia berriz kargaturik itzuli da orain bi aste jaioterrira,
Hondarribira.
Pekinen bertan egon al zara?
Pekin izugarria da. Berrogei kilometro daude hiriaren puntu batetik bestera. Erdian, Tian An Men eta Hiri Debekatua daude eta nire estudioa erdigunetik hogei kilometrora zegoen. Pekinen barruan «arte hiri» deitzen dituzten zona asko daude, merkatuaren liberalizazioaren ondorioz sortu direnak, herrialde horretako ekonomian egin ohi duten bezala, pixka bat kontrolatuak. Atzerritar batek Pekinen galeria bat ireki nahi badu, txinatar batekin erdi bana egin beharra dauka. Hori da hango legea. Hiriak zirkuitu turistiko garrantzitsu bat du eta horren parean beste ibilbide artistiko bat osatzen ari dira. Ni egon naizen egoitzako programak antolatzen dituena australiar bat da, Brian Wallace. Hogei urte darama Pekinen lanean. Han egoitza finkatu zuen lehen atzerritar artista izan daiteke. Hiriaren erdigunean Red Gate Gallery izeneko galeria bat dauka Erdi Aroko dorretxe batean. Australiar horrek lan egiteko bere estudioak eskaintzen dizkie kanpotarrei, eta horietako batean egon naiz ni. Horrelako egoitza ugari ari da sortzen. Gure egoitza hori Bei Gao izeneko artegunean zegoen. Erdigunean daude Gobernuaren esku dauden erakunde nagusiak, hala nola, museorik handienak eta galeria nagusiak; eta gurea, berriz, industrialde izandakoa zen, artearen gune moduan egokitua.
Kultura berrikuntza handiko uneak bizi al du Txinak?
Txinak gaur eta bereziki Pekinek orain 30 urte New Yorkek edo Trantsizio hasieran Estatu espainolak bezalako giroa bizi du, aldaketa handien garai bat. Kontuan izan ekonomian ere gisa horretako giroa bizi dutela. Hiri moderno bilakatzeko urrats handiak egiten ari dira, baina hori guztia modu kontrolatuan ari dira egiten. Galeriek, esateko, urteko ekintzen egitaraua bidali behar izaten diote Gobernuari. Zentsura badago, baina, aldi berean, sekulako mugimendua nabari da. Gero eta kanpotar galeria gehiago dabiltza bertako artearen bila.
Zuen lana ere gertutik kontrolatzen al dute?
Ez, ez. Guk askatasun erabatekoa izan dugu nahi dugun lekuan estudioa alokatu, lan egin eta erakusketak egiteko. Bizimodua ere askoz ere merkeagoa da. Ehun metro koadroko lokal bat aloka dezakezu hilean 200 euroan. Euro batean bazkal dezakezu eta 10 euroan luxuzko jatetxe batera zoaz.
Feudal garaitik pasatu ziren komunismora. Zer tradizio dute artearen arloan?
Askotan pentsatzen dugu Iraultza Kulturalaren ondoren hutsetik hasiko zirela han, tradizioarekin erabat hautsiko zutela, baina ez da halakorik gertatu, arte tradizionalek indar handia dute. Teknika aldetik, tradizioa erabiltzen dute; eta ikonografia, berriz, komunismoak eman diena da. Komunismoren ideologia eta amets utopikoak galdu dira eta ikonografia geratu da. Kapitalismoa hartu dute eredu moduan, eta kapitalismo bortitzena, gainera, amerikarra.
Zer eratako jendea zeundeten Bei Gaon?
Berrehun bat artista geunden, gehienak txinatarrak, adin guztietakoak, unibertsitariak asko eta adineko jendea ere bai. Lehen aipatu dudan Brian Wallace australiar horrek artista txinatar talde bat gonbidatzen zuen eta soldata moduko bat ordaintzen zien, eta obrarekin geratzen zen. Atzerritarrei saltzen zien gero gehienbat, baina bertako merkatuan ere artea asko saltzen da, esaten zutenez, diru beltza ere asko dagoelako, eta artea erosiz garbitzen dutelako. Estilo aldetik korronte guztiak lantzen dituzte bertako artista horiek ere. Ezer globalizaturik badago, artea da, eta mendebaldeko korronteak lantzen dituzte. Hala ere, modan dagoena pop artea da, komunismo ondoko pop artea. Komunismoak utzitako ikonografia errealista hori baliatzen dute beste zerbait egiteko.
Zer moduz egokitu zen zure estiloa bertako modara?
Nire egiteko modua abstraktuagoa da. Bertako irudiak erabili ditut margolanak egiteko, baina abstrakziora jota betiere, ikusleak deskubritu beharreko irudiak dira. Esan dut artearen korronte guztiak lantzen dituztela, baina hastapenetan daude oraindik, ez dut ikusi heldutasun handirik. Kontuan izan behar da Txinan artistak ez direla Arte Ederretatik bakarrik atera, eskola ezberdinetatik baizik, eta eskola horiek batzuetan armadarenak dira, eszenografian eta kartelgintzan espezializatutako artistak dira horiek. Gazte asko hortik etorriak dira.Ikuspegi kritikorik nabari al da lan
horietan? Badute ikuspegi kritiko bat, baina kontu handiz ibili behar dute, oraindik zentsura indarrean dagoelako.
Zein izan da egonaldi horretan zure helburu nagusia?
Artista txinatar bihurtzen saiatu nintzen, nahiz eta margolanak nire erara egiten nituen. Nire lanen aurrean norbait begira jarri eta zalantza sortzea nahi nuen, txinatarra ote nintzen zalantzan jartzea. Bertako historiaren irakurketa berri bat egiten saiatu naiz. Oso joko polita izan da.
Zuk japoniar mangaren tradizioa gertutik ezagutzen duzu. Ikusi al duzu antzeko zerbait Txinan?
Manga erabiltzen duen txinatar artista asko dago. Mundu osoko fenomenoa da hori. Baina ez da sustrai handirik. Kontuan izan behar da, gainera, Japoniarekin betidanik gaizki konpondu izan direla.
Erakutsi al dituzu han bertan egin dituzun margolanak?
Hiru erakusketa kolektibo eta bakarkako bat egin ditut eta azoka batean hartu nuen parte. Azken hamar urteotako nire lanak biltzen dituen katalogo bat argitaratu dut han, eta itsasoz iritsiko zaizkit egunotan. Eta bideoz dokumental moduko bat egin eta www.beijingdreams.net webgunea jarri dut martxan.
Ez al duzu euskaldunik aurkitu Pekinen?
Parranda batean, Arrasateko kooperatibetan lan egiten zuten bi langilerekin egin nuen topo. Telefono zenbakiak trukatu genituen, baina gero ez zidaten balio izan. Goizaldeko ordu horietan ez nituen beharbada zuzen apuntatuko. Hori izan zen euskaraz hitz egin nuen gau bakarra.
Zer asmo dituzu Pekinen egindako lanarekin?
Lehendabizi, bekaren amaierako txostenak idatzi behar ditut, baina katalogoa iritsi bezain pronto hasiko naiz hemen erakusketaren bat antolatzeko ate joka. Pekinera joan aurretik hartutako konpromiso batzuk ditut Madrilen eta Bartzelonan.
Itzultzeko asmorik bai?
Lan egiteko baldintzak izugarri onak izan dira eta berriro datorren urtean itzuli bat egiteko ateak zabalik utzita etorri naiz. Berrogei margolan inguru egin ditut han, eta horiek egiteko behar izan dudan diruarekin hemen dozena erdi bat egingo nituen. Lan horietatik erdiak inguru ekarri ditut. -
|