«Zerotik hasi beharra» aldarrikatu du Markos Untzetak bere disko berrian
Markos Untzetak orain dela bost bat urte grabatu zuen lehenengo diskoa, «Gaua basamortuan»; eta orain, berriz, bigarrena plazaratu du, «Zenbat euri», haren «biharamuntzat-edo» jotzen duena. Pop, rock, blues eta folk batera egiten ditu Untzetak, Bob Dylan, Neil Young edota Bruce Springsteen-en bidetik. «Zenbat euri» ekainaren 8an aurkeztuko du zuzenean, Durangoko kafe antzokian.
DONOSTIA
“Kantu idazle outsiderra”, “Jack Londonen tristura”, “Buster Keaton bezala”... Guztira, hamahiru dira Untzetak bildu dituen kantak, horien artean “Zenbat euri”, diskoari izena ematen diona eta, aldi berean, horren mamia nola edo hala laburbiltzen duena. «Zenbat euri behar izaten da/ garbitu ahal izateko/ bide bazter lokaztuak?/ Zenbat haize behar izaten da/ hiri zaharrak desagertzeko/ hare zuriak estalita?», entzun daiteke kanta horretan. Eta, era berean, «zenbat denbora pasatu behar da zaharra behin betiko bide bazterrean utzi eta berriz ere zerotik eraikitzen has gaitezen?», galdetzen dio Untzetak bere buruari.Hori da diskoaren ideia nagusia; eta «motorra», berriz, «maitasuna eta desioa» dira. «Diskoa oso goian hasten da, oso animoso; gero, berriz, iragana ordezkatzen duten kanta nostalgiko batzuk datoz; eta bukaera aldera, berriz, hain justu maitasunak eta desioak bultzatuta, diskoa berriro goraka doa», adierazi du Untzetak. Bere aurreneko grabazioarekin alderatuta, “Zenbat euri” «ondorengo eguneko edo biharamuneko diskoa» izan daitekeela uste du. Batean zein bestean, batez ere irudien bitartez adierazitako sentimenduak dira nagusi, baina orduko hartan narratzailea barrura begira ari zen; eta oraingo honetan, aldiz, kanpora begira ari da». Teknika aldetik ere bada alderik. Orain dela bost urteko grabazioan inprobisazioak leku handia izan zuen; oraingoan, berriz, «den-dena oso ondo planifikatuta zegoen», nabarmendu duenez. Grabazioa Saul Santolariaren ardurapean egin du Untzetak. Mikel Fernandez (teklatuak), Txomin Guzman (baxu elektriko eta akustikoa), Dani Merino (gitarra elektrikoa) eta Juan Uribe (bateria) izan ditu oinarrizko lagun. Horrez gain, hainbat gonbidaturen laguntza ere izan du, zehatz-mehatz, Gaizka Inzunza, Bixente Martinez, Alberto Rodriguez, Pit Idoiaga eta Borja Barruetarena.
Bota hautseztatuak
Txuma MURUGARREN | Musikaria
Amerikako rocka autoko irratian, errepide hautseztatuetan barrena. Bota
zikinak eta desertuko zeruan eguzki anker baten bortzinga, begiak hestera
behartzen duena. Aspaldiko ibilaldien oroimenek bultzatuta, istorio zaharren
kontalari datorkigu Markos Untzeta. Eta istorio horietan, beste denbora bateko
pertsonak, kaleak, begiak hestera behartzen gaituztenak, amets antzeko
hipnosian. Egokiera horretan gaudela, begiak erdi itxita, alegia, Markosen
ahotsak gidatuko gaitu garai bateko bidezidorretan barrena, non errepideko
tabernak, urkatuaren muino iluna eta drugstore abandona- tuetan lan egiten duten
loserrak aurki baitaitezke, eta, halaber, galdutako nesken bihotz penatuak ere
bai. Amerikar usaina du diskoak inondik ere, Amerikako folk berria izenekoa hain
modan dagoen garai honetan itzuli zaigu Markos. Damien Jurado, Ben Lee edo Josh
Ritter izan litezke Untzetak azken garaiotan entzundako abeslariak, baina ziur
naiz ez dela horrela. Hauen kasuan bezala, Markosi ere aspaldikoagotik datorkio
soinu honetarako joera, Amerikako klasikoengandik, alegia:Bob Dylan, Neil
Young, J.J. Cale, Bruce Springsteen... Soinu horiek dotoretasunez egiten ditu
bere Markosek, oso emaitza pertsonala lortuz.
Disko honek alderdi asko ditu, baina aipagarriena, zalantzarik gabe, Markosen intentzioa da, bere ahotsaren intentsitatearen bidez helarazten diguna. Markosek disko hau egin nahi zuela argi geratzen da. Barru-barrutik atera zaio; izan ere, ez baitago hemen artifizialtzat jo dezakegun ezer, naturaltasunez eta gogoz, maitasunez eta indarrez egindako diskoa da. Iluna bezain argia. Iluna, joandako garaietako pasadizo erdi ahaztuak ekartzen dituelako gogora; argia, kristala moduko gitarra garbiengatik, pianoaren pultsio organikoarengatik... “Zenbat euri” du izena diskoak, eta ez da Markosen bigarren diskoa entzuteko luze itxaron behar izan dugulako. Izan zitekeen; izan ere, bost urte luze iragan baitira “Gaua basamortuan” izeneko estreinaldi zoragarri eta txundigarri hartatik. Baina ez, ez da horregatik, diskoan kontatzen dituen istorioengatik izan daiteke, horiek aspaldi handian gertatu zirelako, agian bai. Kontua da “Zenbat euri” izenburuaz aparte, abestietako bat ere badela, zeinean Markosek bere buruari galdetzen baitio zenbat euri, zenbat haize, behar diren, zaharra desegiteko eta berria eraikitzeko. Horixe da nolabait disko honen asmoa, aspaldiko kontuekin zorrak kitatzea, behin betiko desager daitezen, bakea har dezaten behingoz. Aurreko diskoan bezala, banda sendo baten laguntza izan du Markosek. Neurtuak eta dotoreak kide denak. Hauetaz aparte, gonbidapen garrantzitsuak ere izan ditu, eta gonbidatu bakoitzak bere ukitu pertsonala utzi du diskoan. Ziur naiz autoan entzuten ere gozatzen den disko horietako bat dela “Zenbat euri” hau. Bidaiaren abiada gozoan, leihatila ireki eta hego haizeak aurpegian sentitzea, bizitako guztiak atzean gelditzen diren bitartean, emeki. Exorzismorako ordua da. -
|