«Gelatxo»,soinu txikiko musikari handia
·Haren partiturak festa giroan aurkeztuko ditu larunbatean Trikitixa Elkarteak
Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak «Manuel Sodupe ‘Gelatxo’ (1888-1953)» plazaratu berri du, soinu-jotzaile historiko haren partiturak biltzen dituen liburua. Hori dela-eta, aurkezpen berezia egingo dute ekainaren 10ean, Elgoibarren; «Gelatxo»ren jaioterrian bertan, alegia. Maisu handitzat dutenaren omenez, hainbat trikitilarik hartuko dute parte.
ELGOIBAR
Gelatxoren errepertorioa grabazio zaharretatik pentagramara pasatu ditu Adolfo Jainagak, eta haren emazte Juliana Esnaolak kantatzen zituen koplak ere transkribatu ditu, Jabier Kaltzakortaren laguntzarekin. Hori da Trikitixa Elkarteak atera berri duen liburuaren funtsa. Mielanjel Haranak paratu du hitzaurrea, eta, osagarri moduan, partitura bildumari CD bat gehitu diote: Eresbilek digitalizatu duen Gelatxoren beraren grabazio zahar bat da. Hori guztia da “Manuel Sodupe ‘Gelatxo’ (1888-1935)”, ekainaren 10ean aurkeztuko dutena.Festa giroa 11.00etan hasiko da. Elgoibar, Azpeiti eta Eibarko musika eskoletako trikitilariak kalez kale ibiliko dira. 12.00etan, Trikitixa Elkarteko kideen kalejira izango da. Bertan, Tapia eta Leturia, Zendoia eta Izer, Epelde eta Lutxurdio, Laja eta Izer eta beste hainbat bikotek hartuko dute parte. Ordu batean, udaletxean, liburua aurkeztuko dute. Gelatxoren semea, Pedro, bertan egongo da. Haritz taldeko dantzariak ere arituko dira. Kontuan izan behar da Haritzek Kandido Pujana dantzari maisuaren tradizioa jasotzen duela. Gelatxok eta Pujanak eskuz esku lan egin zuten dantzariak trebatzen. Gelatxo baserrian jaio zen Sodupe. Baserritarra eta, aldi berean, soinu-jotzaile profesionala izan zen. Gerrara bitartean, bera izan zen Gipuzkoa aldean soinu-jotzailerik garran- tzitsuena, nahiz eta Bizkaian ere maisu handitzat zuten. Emazte Julianak sarri laguntzen zion panderoarekin. Gehienek dozena bat piezatik gora ez zekiten garaian, Gelatxok errepertorio luze eta zabala zuen. Berak sartu omen zuen Gipuzkoan Bizkaiko trikitia. Piezak atera ere egiten zituen. Egun entzun daitezkeen porrusalden zati asko hark sortuak omen dira. Modako piezak ere jotzen zituen, hala nola, pasodobleak, tangoak edota polkak.
«Haren itzal soziala Muguruzak edo Egañak izan dutenaren parekoa zen»
Mielanjel HARANA | Trikitilaria
Trikitixa Elkarteak Gelatxoren partiturekin argitaratu berri duen liburuari hitzaurrea egin dio Mielanjel Haranak. Izan ere, ederki ezagutzen du elgoibartarraren ibilbidea. «XX. mendearen erdialdeko trikitilari guztien ikurra izan zen, gauza askorengatik, baina batez ere izugarrizko maila erakutsi zuelako. Gehienek oso pieza gutxi eta ahal bezala jotzen zuten garaian, horrelako artista preziso, fin eta birtuosoa gauza harrigarria izan zen», esan du Haranak. Jotzaile ona ez ezik eraberritzailea ere izan zen. «Esaterako, hark ekarri zuen Gipuzkoara Bizkaiko trikitia, trikiti kantatua, alegia. Izan ere, ordura arte Gipuzkoan, sueltoan, arin-arin eta fandangoak bakarrik jotzen zituzten». Baina Bizkaian bertan ere maisu handitzat zuten. «Diotenez, jotzen zuenean, inguruan bi korro izaten zituen: bata, dantzariena; bestea, bere jotzeko era ‘espiatzera’ zihoazenena». Autodidakta zen Gelatxo. Ilara bakarreko soinuarekin ikasi zuen, nahiz eta gero bi ilarakoa erabili. «Bi ilarakoan, ilara bakarreko teknika erabiltzen zuen. Horregatik hauspoa ireki eta itxi asko egin behar izaten zuen, oso modu sinkopatuan jotzen zuen, alegia, eta horrek grazia berezia ematen zion dantza egiteko oso egokia zen bere erritmoari». Erromeriaz erromeria, ezkontzaz ezkontza eta bileraz bilera ibili zen, baina, horrez gain, ganbaretan-eta, ezkutuan ere, jotzen omen zuen. «Kontuan izan behar da gogorarazi du Haranak garai hartako kontrola izugarria zela. Gazteak-eta hura nola edo hala saihesten saiatzen ziren, eta gazte haiei ere gustua ematen zien Gelatxok». Ez zen hura trikitilariak gazteekin izan zuen harreman bakarra, dantzariak trebatzen ere ibili baitzen. «Gaur egun dantzarien soinu-jotzailea izatea harrigarria iruditzen zaigu, baina hura dantzarien soinu-jotzailea izan zen. Orduan jendeak dantza bere kaxa egiten zuen, etxean, ispilu baten aurrean. Besteek nola egiten zuten begiratu, ahal bezala ikasi eta gero jokoak sortzen zituen; koreografia pertsonalak edozeinek sortzen zituen. Baina dantza talde batean edo txapelketetan aritzeko, horiek bateratu edo findu behar ziren. Helburu hori zuten dantzariak etxean hartu ohi zituen Gelatxok, eta langintza hartan aritzen zen Kandido Pujana dantzari maisuarekin batean». Gelatxoren ibilbidea ikusita, «oso dimentsio sozial handia» izan zuela ondorioztatu du Haranak. «Inguruarekin konprometitutako artista zen». Aldeak alde eta garaian garaikoak kontuan izanik, estrapolazio bat egin beharko balu, haren itzala ondoren «Xabier Letek, Andoni Egañak, edo Fermin Muguruzak izan dutenaren parekoa» izan zela esango luke. - M.A.
|