Eritzebeititik Irurtzunera AHTren kalteak salatzeko
AHTren aurkako Asanbladak eginiko deiari jarraituz, Eritzebeititik Irurtzunera ibilaldia egin zuten atzo. Parte-hartzaileek salatu zutenez, proiektuak «makina bat kalte» eragingo du alderdi horretan. Era berean, Tolosaldeko AHT Gelditu Elkarlanak agerraldia egin zuen eskualdean trenak sortuko dituen kalteak beste behin salatzeko.
IRURTZUN
AHTren aurkako Asanbladak deituta, 30 bat lagunek Eritzebeititik Irurtzunera bitarteko bidea egin zuten, bertatik pasatuz gero eragingo lituzkeen kalteak salatzeko. «Ez dago argi nondik igarotzeko asmoa duten; orain urte batzuk egin zituzten proiektuetan alternatiba gisa izendatzen zuten», esan zuen parte-hartzaileetako batek.Goizeko hamarrak aldera abiatu ziren Eritzebeititik, eta arratsalderako iritsi ziren Irurtzunera. Bertan elkarretaratze bat egin zuten. Parte-hartzaileek salatu zutenez, ingurumenean eragingo dituen kalteak izugarriak dira «proiektu hau ez baita inguru menditsu honetara egokitzen». Hala, «trena bertatik igarotzeko txikizio izugarria egitea ezinbestekoa» dela gogorarazi zuten. Era berean, AHT «lur okupatzaile izugarria» dela adierazi zuten. Halaber, proiektuak ingurura ez duela inolako abantailarik ekarriko azaldu zuten. «Ez du geldialdirik izango; nolabait metropoliei egiten die mesede. Ez da gure beharrei erantzuteko tren bat», azaldu zuten. Haren esanetan, «enpresa transnazional, eraikuntza enpresa eta harrobiei egiten die mesede».
«Tolosaldean kalte ugari»
AHTk inguruan eragingo dituen kalteak salatzeko ere, Tolosaldeko AHT Gelditu Elkarlanak agerraldia egin zuen atzo. Bertan, ekainaren 10ean Donostian izango den manifestaziora joateko deia egin zieten eskualdeko bizilagunei. Prentsaurrekoan ere AHTk inguruko herrietan eragingo dituen kalteak gogorarazi zituzten. Horiek hala, Tolosaldean 13 kilometro tunel eraikitzea aurrez ikusten dutela salatu zuten. «Hau da, ibilbidearen %70 lur azpitik izango du», adierazi zuten. Horretaz gain, Tolosaldeko zatian 13 hondakindegi aurrez ikusten dituztela ere jakinarazi zuten. «Guztira 72 hektarea lur harrapatuko ditu», esan zuten. Eskualdeko AHT Gelditu Elkarlaneko kideek, halaber, heldu den asteartean, arratsaldeko zazpi eta erdietan, Tolosako Udaleko batzar aretoan, Val di Susa Italiako haraneko ordezkariak izango direla gogorarazi zuten. Haiek AHTren aurka egiten ari diren borrokaren berri emango dute.
|