Hasieratik aipatu nahi nuke airearen kalitatea aipatzen denean zer-nolako irakurketa kontrajarriak egin daitezkeen. Hain zuzen ere, Zornotzan aire-kalitatea neurtzeko instalazio edo txabola bat duela hiru urte jarri zen. Beraz, esan daiteke Zornotzak izan duen aire-kalitateari buruzko daturik ez dugula inoiz izan. Are gehiago, Zornotzan ezarritako instalazio horrek ematen dituen datuak egunero on-time ikus daitezke interneten, eta datu horiek Bizkaian daudenekin konparatuta normalak direla esan genezake, ez da antzematen Zornotzan gauza berezirik dagoenik.Gaur da Ingurumenaren Egun Mundiala; nonahi ingurumenarekin lotuta hainbat ekitaldi, aurkezpen eta mahai inguru ari dira egiten; beraz, ingurumenarekin kezkatuta omen gaude, agian indikatzaile zientifiko teknologikoak arazorik ez dagoela esan arren, ohiko balioetan baikaude. Baina eguna pasata egoera berberean gaude: horrelakoak dira gure egun mundialak.
Erreflexiorako beste ideia bat bota nahi dut gauzak bere kontestuan ipintzeko. Sarri herri jakinduria deiturikoak gauza batzuk egia direla badaki, oso hedatuak daude, nahiz eta zergatik gauzak horrela diren azaltzeko zailtasun asko egon. Esate baterako, herriak aspalditik zekien Marbellan izugarrizko iruzurrak zeudela eta urte asko pasatu dira agintari batzuen kontra prozedura ekonomiko-judiziala zabaltzeko. Gauza bera esan dezaket atxiloketan torturatzen dela aipatzerakoan, herriak hori badaki, nahiz eta hori salatzen duenaren kontra gezurretan ibiltzeagatik salaketa judiziala martxan ipini. Kontrajarriak dira. Ideia horrekin lotuta esan behar dut guztiok arnasten dugun airea gero eta zikinago dagoela esan ohi dugula, gure amamengandik hasita.
Mendira joaten garenean, arnasa sakon hartu ostean «aquí sí que huele a limpio» esan ohi dugu. Gero eta aire zikinagoa dugula erabat onartuta dago, besteak beste haren eragina denok begi bistan dugulako: negutegi-efektua. Herriak zekien zerbait zen, izotza arinago urtzen ari zelako, udako eguraldia desberdin sumatzen zuelako... Gaur egun zientzialariok Intergovernmental Panel on Climate Change dela eta, gobernuei iradokizunak egin eta energia-iturriak aldatzeko eskaerak egiten dizkiegu. Esan dut iradokizunak, gobernuek bete edo ez bere eskuetan utzita. Nazio, estatu, gobernu batzuk iradokizun hauek bete nahian beraien etxeko lanak ondo egiten ari dira, baina gehienek ez dute jaramon handirik egiten, eta gutxi batzuek ez dute Kioto-protokoloa bete nahi.
Beraz, oro har aire-kalitatea gero eta txarragoa bada, nolakoa da Zornotza-Etxanon? Galdera honi erantzun bakar bat eman ordez, argudio desberdin batzuk jorratu nahiko nituzke eta zuei irakurleoi aukera eskaini erantzuna emateko.
Hemen Boroan ziklo konbinatuko zentral termiko bat martxan jarri dute, azken belaunaldiko teknologiez hornituta, eta handik hona aire-kalitatean dena ondo dagoela irakurtzen dugu. Beno, dena ondo ez, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak argitaratu- riko 2005eko Ingurumen Adierazleak txostenean ondokoa aipatzen baitu aire-kalitatearen indizeari buruz: «Hauek dira 2004an gizakiaren osasuna babesteko eguneroko batez bestekoa 35 egun baino gehiagotan gainditu duten estazioak: Alonsotegi, Zornotza, Barakaldo...», 15 zerrendatuta (urtean zehar 10 egunetik batean aire kalitatea txarra da). Txosten berak, baina berotegi-efektua eragiten duten gasen emisioez, zera dio:
«1990 eta 2004 artean Euskal Autonomia Erkidegoan sortu eta berotegi-efektua duten gas nagusien zuzeneko emisioak %35 igo dira eta emisio totalak %22» (zuzeneko eta zeharkako emisioak kontuan hartuta).
«2004an guztira 20,4 milioi tona CO2 baliokide isuri ziren. 2003an baino %5 gehiago, alegia».
«2004an Euskal Autonomia Erkidegoan biztanleko sortu zen BEG kopurua 11,6 tona CO2 baliokide ingurukoa izan zen, 2003ko EBkoa (11) eta Espainakoa (9,7) baino zertxobait altuagoa».
Arazoa kezkagarria omen da, zeren duela egun gutxi irakurri berri dut Eusko Jaularitzaren Ingurumen Sailak Kenian 35.000 zuhaitz landatu nahi dituela, hain zuzen ere, aire kalitate txarra arazo globala omen baita eta bertan egiten denak berton eragina izango baitu: «Hay que pensar en global y actuar en local», Xabier Caño Gonzalez («coordinador de la Oficina de Cambio Climático de la CAV», GARA 2006-05-31).
Ildo honetatik bideratuko ditut nire ondorengo hausnarketak. Boroa moduko zentral termiko batek zenbat zuhaitzen efektua ezabatzen du? Horretarako kalkulu eta datu zientifiko batzuk erabili behar izango ditut. Muinora joko dut: zer da zentral termiko bat?
Era erraz batean esana, erregai fosilak erretzen dituen galdara handi bat bezala definituko dut. Errekuntzan askaturiko beroa ura berotzeko eta tenperatura altuko lurruna lortzeko erabiltzen da. Lurrun honek turbina bat mugiarazten du eta horrek korronte elektrikoa sortuko du. Lurrun hau galdarara berriz sartu baino lehen hoztu behar da eta hozketa hau itsasoko urez (Santurtzi) edo airez (Boroa) egin daiteke.
Gure zentral termikoaren tximiniatik irteten den keaz arituko naiz orain. Bertan CO2, NOx eta SO2 egongo dira, azken hau erregaiak sufrea badu, bere osaeran (erregai fosilen kasua). Ke hau eta autoen ihes-hoditik irteten dena guztiz antzekoak direnez, biak lotzen saiatuko naiz kalkulu arrunt baten bidez ondoko galderari erantzutean: zenbat auto behar izango genuke beraien ke guztia bateratua tximiniaren kea adinakoa izateko? Kalkuluotan suposizio batzuk egingo ditut:
Gure herrian jarri nahi den zentral termiko hau 1000Mw-koa dela, erregaitzat gasa du eta ziklo konbinaturikoa da. Gas horren eduki energetikoa kimikariontzat guztiz ezaguna denez, 51,6 kJ gas gramoko, eta ziklo konbinatua denez, bere etekina %66 dela gogoratuz, segundo batean 1.500x106 J energia kimikoa erre behar dira. Baldin 1g CH4 51,6 kJ askatzen badute, gure zentralak behar duen energia kimiko hori eskuratzeko 30 kg gas segundokoa dela zalantzarik gabe esan dezakegu.
Auto arrunt batek 100 km orduko batez besteko abiaduran 5 litro gasolina kontsumi dezakeela, beraz ordubetean 4 kg gasolina erre du edo 1,1x10-3 kg gasolina segundoko. Beraz, gure zentral termikoan 30 kg erregai segundoko behar baditugu eta auto arrunt batek 1,110-3 kg segundoko erretzen badu, zera dugu 30 kg s-1=auto kopuruax 1,1.10-3 kg s-1; auto kopurua=30.000.
Hau da, hogeita hamar mila autoren ihes-hodiak batera segundo batean lotuko bagenitu eta kea tximiniatik botako bagenu, zentralak botatzen duen kea izango litzateke. Hori bai, pentsatzen badugu zentralak egunero zortzi ordu martxan dagoela, hamaika hilabetean lan eta lan, hauek segundotan 9,5 106 dira, hots, ia bilioi bat autok (2,85 1011 zehazki) segundo batean bere kea Zornotzan utzi dute.
Gure zentralak segundoko 30 kg metano erretzen duenez, segundoko 82,5 kg CO2 botatzen duela ondoriozta daiteke estekiometriari esker (CH4 + O2 CO2 + H2O), eta urtero zentrala piztuta dagoen segundoak kontuan hartuz, urte batean gure zentralak 784 milioi kg CO2 botatzen duela ondorioztatzen dugu. Zuhaitz bakoitzak efektu garbitzaile bezala 50 Tn CO2 urteko xurga dezakeenez, Boroak emititzen duen CO2 kantitatea eliminatzeko 40 milioi zuhaitz landatu beharko genukeela ondorioztatzen dut.
Adibidea adierazgarria dela uste dut, inori ez baitzaio gustatzen ihes-hodien kea arnastea. Lur azpiko aparkalekuetako usaina burura datorkit. Entzuna dugu hiri handietan gertatzen diren kutsadura, smog fotokimikoa eta ozono troposferikoaren jatorria autoek sortutako kea dela. Zentral termiko batek ez du arazo bera sortuko? (eta askoz kontrolatuago dago tximiniaren kea autoena baino).
Laburbilduz, petrolioa kanpoan erosten dugu , gure herrian erre eta berton kutsadura geratzen da. Haizeak kutsadura hau barreiatuta, orduan arazo global edo mundiala bihurtzen omen da, baina bitartean gure airearen kalitatean ez dago arazorik. Tira, aurrera... -