Sakabanaketak beste istripu larri bat eragin du Madrilen
Soraluzetik 500 kilometrora dagoen Alcala Meco espetxe espainolera bisitan joandako hiru soraluzetarrek istripu larria izan zuten larunbatean Madrilen. Sakabanaketak 2006an eragin duen hamaikagarrena. 2001ean, gainera, Soraluzeko Asier Heriz eta Iñaki Saez hil ziren Avilara bidean zihoazela. Atzo, 70 lagun inguruk salatu zuten istripua Soraluzen.
MADRIL
Sakabanaketa politikak beste istripu bat eragin du aste bukaeran. Soraluzeko hiru herritar Madrilgo bi ospitaletan daude; izan ere, Regina Maiztegi euskal preso politikoa bisitatzera Alcala Mecoko espetxera joan eta bueltan istripua izan zuten. Hiru lagunak Maiztegiren lehengusuak dira. Horietako bati, Mikel Argarateri, gainera, ebakuntza egin behar izan diote Madrilgo 12 de Octubre ospitalean, eta, une hauetan, Zaintza Berezietako gelan dute. Antza denez, herenegun, larunbatean, 11.30 aldera jazo zen auto istripua Madrilgo Lorzoyuela herriaren inguruetan; hain zuzen ere, Alcala Mecoko kartzelan espetxeratua duten Regina Maiztegi euskal presoari bisita egitera joan ziren. Soraluzeko hiru herritarrak Maiztegiren lehengusuak dira, eta hirurak ospitalean daude larunbataz geroztik. Roberto Argarate eta Jesus Mari Argarate Madrilgo La Paz ospitalean daude. Gorputz guztia kolpatua dute biek; tibia apurtua du lehendabizikoak, eta besoa eta eskumuturra apurtua, ostera, bigarrengoak. Istripuaren ondorio larrienak, ordea, Mikel Argaratek izan ditu. Madrilgo 12 de Octubre ospitaleko Zaintza Berezietako gelan dago orain, eta ebakuntza egin diote. Gogor salatu du istripu hori Etxerat-ek, eta aurten gertatutako hamaikagarren istripua dela nabarmendu du. Zapatero eta Chirac presidente espainolari eta frantsesari egotzi die istripu berri horren erantzukizuna Etxerat-ek, horiek baitira sakabanaketa politika mantentzearen arduradunak. «Zenbat hildako gehiago behar dituzue politika hiltzaile hau behin betiko amaitzeko?», galdetu die zuzenean Etxerat-ek.
|