Haurrak, zoroak eta mozkorrak izan dira betidanik egiaren iturburu fidagarrienak. Adinagatik edo auskalo zergatik lanik gabe geratutako politikariak ere sar genitzake zerrenda horretan, lehen aipaturiko hiru sailetatik zertxobait eduki ohi dutelako, agian, halakoek. Lehen-lehengoan jarraitzen duena zera da: egia beti enbarazuan egoten dela.
Adibide dibertigarri bat iragan ostegunean jazo zen Espainia eta Israelen arteko harreman diplomatikoen hogeiga- rren urteurreneko ospakizunetan. Berezkorik berezkoenean («zuek esango didazue ba niri...») agertu zen Felipe Gonzalez, gobernuburu ohiak ia hitzik gabe utzi zuen Moratinos, Kanpo Arazoetako egungo ministro sozialista (errepikagailu israelzaleek beti palestinarren txotxongilotzat ipintzen dutena), Europak Hamasen gobernuarekin argi eta zintzo hitz egin behar lukeela defendatu eta laguntzak kendu izana arbuiatu zuenean. Zapateroren gobernuak egin duenaren alderantzizkoa, alegia.
Hoberena, ordea, jarraian V. Harel israeldar enbaxadore erasokorrak bere haserrea agertu zuenean etorri zen. «Tira, ez duzu ba esperoko ahantz dezadala nola urte askotan Israelgo gobernua Hamas indartzen eta bultzatzen aritu zen, PAEri indarra kentzeko...» izan bide zen, gutxi gorabehera, Gonzalezen erantzuna. Pasadizoa argitaratu duten hedabide bakanek ez dute kontatu hortik aurrerakorik.
Jakina, FGk adierazi duen hori ez da batere berria. Eta hark baino askoz iturri eskas eta apalagoak ditugunok ere jakin bagenekien egiazko historia horrelatsu zela. Gainera, itsu-itsuak ez garenez, ikus dezakegu Israelgo gobernua horixe bera egiten ari dela oraintxe ere, alderantziz bederen: Fatah-ko zenbait sektore Hamaseko gobernuaren aurka matxina daitezen xaxatzen ari dela. Sakoneko irizpidea bat eta berbera delako: etsaia, ahal bada zatitu eta barne guduan murgiltzea komeni zaio Israeli.
Eta hori badakite europar arduradun guztiek, F. Gonzalezek bezain ongi edo hobeto. Bush eta Al Qaedaren artekoa, garai batean aliatu eta orain etsai porrokatu direnen arteko gorabehera dela badakiten bezalaxe. Saddam Hussein eta haren etxeko nahiz kanpoko etsaiekin Estatu Batuek izan dituzten harremanen historiaren joan-etorri txundigarriak ez gogoratzearren.
Baina egia horiek enbarazu egiten dute diplomaziaren mundu errealistan. Garaiz kanpoko egiak direlako. -