Udalbiltzak babesa adierazi dio amazigh herriari
Asteburuan Munduko Amazigh Biltzarraren babespean Atlasen egin den bileraren garrantzia nabarmendu du Udalbiltzak: «Inoiz baino beharrezkoagoa da esperientziak eta proiektuak trukatzea, nazio burujabe gisa eta bakean bizitze aldera, gure etorkizunaren eta aberastasunen jabe askatasunean izan nahi dugun herri guztion artean».
DONOSTIA
Munduko Amazigh Biltzarreko presidente Belkacem Lounes-i igorri dion gutunaren bitartez, Udalbiltzak asteburuan Atlasen (Marokon) egin zuten Nazioarteko Biltzarra babestu du. «Amazigh herriak bere lurren eta baliabide naturalen jabe izateko duen eskubidea eztabaidatu dute bertan», jakinarazi du euskal erakundeak. Orain egun batzuk, Udalbiltzak berak Munduko Amazigh Biltzarraren gonbita hartu zuen, bilerara joateko. Erakundeak jakinarazi du: «Herri autoktonoen eskubideen alorrean aritzen diren Nazio Batuetako ordezkariak eta amazigh herriko aditu ospetsuak bilduko dira bertan. Agenda arazoak direla-eta, nazio erakundeak ez du bertaratzerik izango baina, halere, babesa helarazi die antolatzaileei». Oharra Loren Arkotxa Udalbiltzako lehendakariak eta Miren Odriozola Nazioarteko Harremanetako arduradunak sinatu dute eta, haren bitartez, Euskal Herriko Udalen eta Udal Hautetsien Biltzarrak «kemen eta babes mezua» helarazi dio amazigh herriari, «bere lurraldea eta baliabide naturalak berreskuratzeko bidezko borroka dela-eta». «Euskal Herria okupatu eta bi estaturen artean banatu duten nazioa da, eta baikortasunez eta ilusioz beterik ikusten ditu gaur egun beste herrialde batzuetan autodeterminaziorako eskubidearen alde egiten ari diren prozesuak, baliabide naturalen gaineko autodeterminaziorako eskubidearen aldekoak barne», diote Udalbiltzakoek. Oharrak Boliviako eta Brasilgo Lurrik Gabekoen Mugimenduak aipatzen ditu adibide gisa: Bolivian, Gobernuak «dagozkion baliabide naturalak itzuli dizkiolako Boliviako herriari», eta Brasilgo Mugimendua «lurrak izateko eskubidearen alde» borrokatzen ari delako.
|