GETXO
Travellin’ Brothers Bizkaiko boskoteak irekiko ditu, hain zuzen ere, aurtengo emanaldiak, ostiral gauean kontzertua eginda. Euskal Herriko musika panoraman bluesari leku bat egiteko asmoz sortu zen banda hori 2003an. Musikari gazteek osatzen dute, eta ahotsa, gitarra, baxua, bateria eta teklatua daude.‘‘A Blues Experience” izan zuten estreinako lana, Bilboko Kafe Antzokian zuzenean grabatutako diskoa. Iaz hainbat jaialditan izan ziren eta, atseden baten ondoren, bigarren CDa ekarri zuten, ‘‘This is The Line’’. Disko landuagoa.
‘‘This is The Line’’ aurkeztera doaz Getxoko Jaialdira. Hitzordu horretan ez ezik, Europako beste agertoki askotan izango dira, Cahors BluesFestival ospetsuan, besteren artean.
Harmonikaren soinua
Egun berean, Carey Bell eta bere seme Lurrie Bell jardungo dira Algortako Portu Zaharreko karpan. Carey Bell Harrington harmonikaren historian erreferentzia nagusietako bat da. Zortzi urte besterik ez zuen tresna horrekin lehen urratsak egin zituenean. Soinu propioa lortu zuen maisu handiekin aritu ondoren.
50eko hamarkadaren bukaeran Chicagon gitarra elektrikoa nagusitzen hasi zen harmonikaren kaltetan. Hala, Bellek curriculuma berrikustea erabaki zuen eta baxuarengana hurbildu zen. Dena den, urte batzuen buruan harmonikara itzuli zen.‘‘Good Luck man’’ azken diskoan, aurreko lanen ildotik jarraitzen du. Hamalau kanta bildu ditu, batzuk berak idatzitakoak. Semearekin batera izango da Getxon, lan hori aurkezten.
Larunbatean, estilo erasokorreko gitarrista bat agertuko da Algortako Portu Zaharrean: Ike Turner. Hamabost urtez musikaren mundutik aldenduta egon ondoren, taula gainera itzuli zen 90eko hamarkadan. 2001ean funk-blueseko ‘‘Here and Now’’ diskoa argitaratu zuen, eta lan horrek izen handiko blues eta jazz jaialdietara bultzatu zuen. Grammy sari baterako izendapena lortzeko aukera ere ekarri zion.
Getxo&Bluesari amaiera bikaina emateko, Mississippiren Deltatik datorren Nora Jean Bruso abeslaria arituko da.
Sei urte besterik ez zuen lehendabiziko emanaldi profesionala egin zuenean. Seme-alabak hezteko geldiune bat egitea erabaki zuen, baina Nora berriro sartu zen bete-betean musika munduan.
Hala bada, 2003 urtean bluesaren emakumezkoen hamar ahots onenetariko bat izendatu zuten. 2004an beste lan bat grabatu zuen; ‘‘Going Back to Mississippi’’, hain zuzen ere.
Saioak gauean izango dira. Bederatzi eta erdietan hasiko dira ostiraleko eta larunbateko kontzertuak. Igandekoa, berriz, 20.00etan hasiko da.