Euskal Eskola Publikoaren XV. Jaia
Jendeak keinu eta eguzkiak irri, ońatin
Antolatzaileak gustura eta bertaratutako haur eta helduak gozatu ederra hartuta. Eguraldia lagun, Euskal Eskola Publikoaren XV. Jaiak eta antolatzaileek prestatutako eskaintza zabalak jende asko erakarri zuten Ońatira. EHIGEko ordezkariek jaiaren azterketan «giro aparta» izan zela nabarmendu zuten, baina ez zuten aldarrikapenerako tarterik galdu eta eskola mapa berri bat behar dela adierazi zuten.
Goizean goizetik eta jaiak ateak ireki aurretik, musikak eta herritar nahiz bisitariak Ońatiko kaleak hartzen hasi ziren. Azken hilabeteetan egindako lana handia izan da, baina azken unean ere bazegoen azken ukituak emateko aukera eta premia. Guztia, «Mugak gaindituz, herriak biribilduz» lelopean, XV. Euskal Eskolaren Jaia ospatzeko.Goizeko hamaiketan eta txalaparta doinuen eta Ońatiko Pakeleku erretiratu-etxeko abesbatzaren kantuen bidez eman zioten hasiera jaiari. Ondoren, dantzariek agurtu zituzten jaira bertaratuko agintariak. Tontxu Campos Lakuako Gobernuko Hezkuntza sailburuak «euskal eskola publikoaren kalitatea» nabarmendu zuen. «Jaurlaritzak eskola publikoaren alde garbi egin du, jakinda hezkuntza sistema on bat izateko eskola publiko on bat izatea oinarrizkoa dela», azaldu zuen Camposek. Egindako apustuaren isla da, sailburuaren esanetan, irakaskuntza publikoan ezarritako dirua. Hala eta guztiz ere, erronkak badirela azaldu zuen, eta orain arte bezala «arrakastaz» egingo dietela aurre adierazi zuen. EHIGEko presidente Imanol Zubizarreta gustura agertu zen jaiaren norabidearekin. «Guretzat egun garrantzitsua da, urtean behin, bederen, eskola publikoa kaleratzeko aukera ematen baitu». Eskola publikoaren egoerarekin gustura daudela azaldu, baina hobetu daitekeela gaineratu zuen. «Egungo kezka nagusa eskola maparen egoera da. Orain hamabi urte egin zuten, eta ordutik gauzak asko aldatu dira eta beste behar batzuk sortu dira. Horregatik oinarrizkoa da guretzat eskola mapa berrikusi eta berrantolatzea, modu horretan planifikazioa hobea izango baita», adierazi zuen Zubizarretak. Ońatiko Errekalde eskolako zuzendari Karmele Munibek aukera jaia antolatzen eta aurrera eramaten lan egin duten guztiei eskerrak emateko hartu zuen. «Lan handia egin da eta boluntario moduan lan egin duten eskolako nahiz bailarako gurasoei eta irakasleei bihotzez eskertzen diegu euren lana». Jaiaren garrantziaz ere mintzatu zen: «Gure eskolarentzat eta, oro har, eskola publikoentzat jai hauek pizgarriak dira aurrera jotzeko eta gure helburuak lortzeko». «Gure lana ezagutarazteko» Ildo berean mintzatu zen Zuazola-Larrańa institutuko zuzendari Kepa Altube. Euskal Eskola Publikoaren Jaia Ońatira eramatearekin gustura agertu zen. «Horrelako ekitaldi bat guk daukagun proiektua eta hezkuntza eskaintza zabaltzeko aukera ezin hobea da. Topiko asko dago Euskal Eskola Publikoaren gainean, eta horrelako jai batean ikusten da benetan zer den eta zer jasotzen den eskola barruan».
Agintari eta antolatzaileek jaiaren lehen azterketak egiten zituzten bitartean, etxeko txikiak eta koxkortuak hasiak ziren hara eta hona batean eta bestean zegoen eskaintza zabalaz gozatzen. Orotara, zazpi gune zituzten aukeran. Agian berritasunagatik, Naturaren guneak bildu zuen askoren interesa. Bertan natura ardatz hartuta haurrentzat lantegiak zeuden antolatuta. Txikiek, besteren artean, argizariz egindako kandelak eta txorientzako habia-kutxak egiteko okasioa izan zuten. Santa Marina plazan, ordea, bazen eskaintza helduagoentzat ere, batez ere, gaztazaleentzat, bertan Idiazabal gazta-dastatzea egin baitzuten. Nahi zuenak hamar gazta dastatzeko aukera izan zuen, baita guztien artean hoberena aukeratzekoa ere. Bertan zegoen Edu Piedehierro gazta zatiak prestatzen, eta jendeak gazta dastatzen trebe ari zela baieztatu zuen. «Jende ugari bertaratu da hasiera-hasieratik, eta gehienek denak dastatzen dituzte», azaldu zuen. Nola ez, dastatzean parte hartu zuten guztien artean sari bat baitzegoen: gazta eder bat, ezin besterik. Naturaren guneak askoz ere gehiago zuen aukeran, ordea. Errekalde auzoaren inguruan antolatutako hiru kilometro inguruko ibilbidean abereak ikusteko aukera baitzen. Ikustearekin konformatu ez ziren txikiek, berriz, asto gainean eta gurdi batean eroso eserita txangoa egin zuten.Gaztetxoek ez zioten muzin egin Portukalen ipinitako Hip-hoparen guneari, bertan goizean zehar grafiti, scratch, DJ eta break dance lantegiak izan ziren. Eguerdirako hainbat gaztek, spraiak eskuan, hainbat mural margotuak zituzten. Musika doinuek, nola ez, ez zuten hutsik egin gune horretan. Bien bitartean, pilotalekuan Txatxilipurdiren eskutik, lantegiek hainbat lagun batuak zituzten. Denetarik zegoen bertan: margotzeko tartea, norberak egindako marrazkiekin pinak egiteko aukera eta batez ere, puzgarrietan jolasteko parada, horietan irrika eta saltoka jardun zuten haur ugarik. Gune berean sabela gozatzeko parada izan zuten, gainera, bertaratutakoek. Olagarroa zegoen aukeran, eta askok ez zioten muzin egin platertxo bat jateko okasioari, ez eta zintzurra freskatzeko edota itzaletan geldialditxo bat egitekoari. Metro gutxira, Foruen plazan herri kirolen gunea zegoen eta gaztetxoak inudea edota zakuak hartuta erakustaldi bikaina egin zuten, Tapia eta Leturiaren musika doinuak lagun zituztela. Arratsaldean, berriz, Oskorri taldeak hartu zuen leku bertan. Musikarik ere ez zen falta izan Olaiturrin, batez ere arratsaldean «kubatar dantzak» izan baitziren. Arratsaldean ere Gose, Sharon Stoner eta Potemkin taldeen kontzertuak izan ziren «unibertsitatea-zuazola institutua» gunean. Jaia amaitzear zegoela EHIGEk jaia aztertu zuen eta antolaketan parte hartu zuten guztiei eskerrak emateaz gain, aurreikuspen guztiak gainditu zituztela jakinarazi zuen. «Egun oso ona izan da, giro ezin hobearekin. Jende asko bildu da, guk prestatutako zazpi guneetaz gain herriko parke eta bazter guztiak beterik egon baitira».
Angiozarko eskola itxi nahi dutela-eta, protesta egin zuten guraso eta haurrek
M.E OŃATIJai giroa nagusi zen; Angiozarreko eskolako guraso eta haurrek, ordea, protestarako tartea hartu zuten. Ainhoa Larrańaga Angiozarreko eskolako guraso taldeko kideak protestaren zergatiak argitu zituen. «Orain aste gutxi jakin genuen sindikatuen bitartez Angiozarreko bi irakasleen lanpostuak ez zirela datorren ikasturterako aurrez ikusten. Orduan ondorioztatu genuen eskola ixteko asmotan zebiltzala», azaldu zuen. Hori jakin bezain laster, gurasoak han eta hemen galdezka hasi ziren eskolaren etorkizunaz. «Eurek diote erabakia ez dela irmoa, baina guk ez dugu sinesten. Nahikoa datu baditugu Angiozarreko eskola itxi behar dutela erakusten digutenak», salatu zuen. Ez dute, ordea, eskuak gurutzatuta geratzeko asmorik. «Oraindik ez dugu jakinarazpen ofizialik jaso eta horrek indefentsio egoera sortzen du, ez baitakigu nola egin aurre. Baina behin bilera guztiak eginda, ahalik eta bide gehienak jorratzeko prest gaude», esan zuen. Izan ere, euren esanetan, eskola txikirik gabe herri txikiak ezin dira bizi. «Euskal Herrian eta, batez ere, Gipuzkoan herri txikiak daude eta horien bizitza eskolaren inguruan oinarritzen da. Beraz, ezin da egin herri txikien aldeko politika eta diskurtsua, gero eskola txikiak ixten badira». Alde horretatik, Angiozar adibide nabarmena da, euren esanetan. «Erabat asaldatutako dago jendea eskola ixteko asmoaren berri izan duenetik». Are gehiago, Larrańagak nabarmendu zuenez, Angiozarreko eskolaren kasua ez da bakarra izango. «Honen atzean eskola txikien gaineko hausnarketa bat dago». Hala, Angiozarreko eskolako guraso eta haurrak ez ezik, herritarrak, bai eta beste eskola txiki batzuetako ordezkariak izan ziren. Lakuako Hezkuntza sailburuak, Tontxu Camposek, berriz, ez zuen adierazpenik egin nahi izan Angiozarreko eskolaren etorkizunaren gainean.
|