AZKAINE
Azkaineko auzapeza nor izango den hurrengo astean egingo duten bigarren itzulian erabakiko da. Jakina da, ordea, bigarren itzuli horretan nor izango diren aurkariak, hau da, bozen %51 lortu gabe hautesleen babes handien lortu dutenak. Jean Louis Laduchen Altxa Azkaine taldeak 837 boz lortu ditu eta Andre Luberriagaren Azkaine xutik taldeak 726.Atzoko Azkaineko hauteskundeetara aurkeztu ziren beste bi taldeek askoz boz gutxiago lortu zituzten. Jean-Louis Gracyren Geroa eraiki taldeak 409 boto izan zituen eta Alain Charrierren Ideki talde abertzaleak 340.
Herriko etxeko arazoek ezin izan zutenean aurrera egin, Azkaineko auzapez Laduchek udalbaltza baliogabetu zuen eta hauteskundeak deitzera behartua izan zen, eta berriro ere boto gehien lortu dituen hautagaia izan da. Bigarren gelditu da Luberriaga, eta Laduchen aitzinetik 24 urtez herriko auzapeza izan zen. Eta aurreko hauteskundeetan biak zerrenda berean aurkeztu ziren, baina Luberriaga bozketan zerrendatik kanpo gelditu zen.
4.000 biztanle baino gutxiago dituen Lapurdiko herrian bozkatzeko eskubidea zuten 2.949 pertsonetatik 2.369k bozkatu zuten eta 2.312 boz izan dira baliozkoak.
Botoa emateko toki bakarra herriko etxea da, eta atzoko egunean tentsioa nabaria zen. Jendarmeak atean egon ziren arazo posibleei aurre egiteko, eta botoa emateko kabinetan paperontziak etengabe hustu zituzten. Estatu frantseseko bozketa sisteman kabinan sartu baino lehen dauden txartel guztiak hartu behar dira eta botoa emateko aukeratuak izan ez direnak paperontzira bota behar dira.