GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-06-05
Gerezi gorriak itsasuko larre berdeetan
Atzo Itsasun izan zen gereziaren besta giro atseginean iragan zen, mutxikoen musikak lagunduta eguzkiak argia ezkutatu zuen arte. Itsasuko elkarteak eta parrokia diruz laguntzeko antolatzen den besta horretan herriko ekoizleen 4.000 kilo gerezi saldu zituzten.

Lehen, herritarrak soilik elkartzen ginen; orain, kanpotar anitz bada, eta herrikoak lanean ari gara», azaldu zuen Mixel Iturburuak, Itsasuko gereziaren bestan koordinaketa lanean ari zenak. Eta horrela zen, bai; besta antolatua zuten gaztetxearen eta Atharri pilotalekuaren arteko larrean zeuden postuetan saltzen eta bazkaria zerbitzatzen adin guztietako jendea ikus zitekeen lanean. Gaztetxoetatik hasita adineko jendera arte, denek zuten bere betebeharra, gero bestaren etekinekin herriko elkarteak, eskola eta parrokia diruz lagundu ahal izateko.

2.000 biztanle inguruko herri horretan jende guztia abian jartzen duen besta da. Pierre Bilbaok, gerezi ekoizlea ez izanik ere fruitua saltzen ari zenak, honakoa adierazi zuen: «Herriko familia guztietarik bada, bederen, pertsona bat bestan lanean aritzera etortzen dena». Antolatzaile Itsasuiarrak elkartearen izenak bat egiten du bestaren funtsarekin.

Herriko jendearen parte-hartzeak giro berezia sortzen zuen bestan, Estatu frantsesetik etorritako turistak jendearen gehiengoa baziren ere, herri giroa atxikitzea lortu baitu gereziaren bestak. Giro atsegina sentitzen zen lainorik gabeko egun eguzkitsuan; familientzat aproposa zen, baina, aldi berean, ingurura begiratuta ikus zitekeen bezala, edonorentzat. Txirrindulari talde batek igandeko kirola urtean behin antolatzen duten gereziaren bestarekin elkartzea erabaki zuen. Lehen etapa Itsasuraino zuten eta han goxo jan eta edan ondoren, bigarrenak etxeraino eramango zituen.

Itsasuko erreferente den fruituaren bestara 5.000-6.000 pertsona inguru joan ziren, gehienak goizean edo arratsaldean itzuli bat ematera bertaratuak, baina beste batzuk egun osoa pasatzera Bordeletik eta Estatu frantseseko beste hainbat tokitatik antolatutako autobusetan etorri ziren. Itsasuko gereziko elkarteko kide Mirentxu Elissaldek marmelada saltzen zuen bitartean aipatu zuen frantsesak nagusi badira ere, Hego Euskal Herritik, eta Nafarroatik bereziki, gero eta jende gehiago joaten dela beren bestara.

Fruituak protagonista

Itsasuko Atharri pilotalekura bidean, gereziak ziren protagonista: poltsetan, kutxa handietan, marmeladan eta pastizen betegarrian, baita haurren belarrietatik zintzilik ere belarritakoak imitatzen. Bertara ailegatzean besta giroa zen nagusi. Marmelada saltokia zen gerezi erraldoi baten inguruan, gerezien irudia ezarria zuten zapiak, platerak eta bestelako objektuak eros zitezkeen, pastiza eta gereziekin batera. Baina jende gehiena barra inguruan eta bazkalorduan frontoian elkartu zen. 1.200 pertsona izan ziren xingarra piperradarekin eta bildotsa ilarrekin jaten; noski, gereziz beteriko pastiza eta gerezi marmeladaz lagundutako ardi gaztarekin bukatu aitzin.

4.000 kilo gerezi izan ziren atzo saltzeko, gerezietarako oso ona izaten ari den urte honetan, aurreko urteetan baino 1.000 kilo gehiago bildu baitzituzten. Eta eguraldi onak lagunduta arin saltzen ziren.

Xapata, Peloa eta Beltxa dira atzo Itsasun ikus zitezkeen gereziak, baina Beltxa goizean joanik soilik aurki zitekeen, gehien eskatzen zen gerezia izanik, bazkalordurako ez baitzen gehiago gelditzen. Baina Peloa eta Xapata kiloka erosteko aukera zegoen. Lehena marmelada egiteko; bigarrena, aldiz, txikia, barnetik zuriagoa eta azukreztatuagoa da. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Sakabanaketak beste istripu larri bat eragin du Madrilen
Mundua
Evo Morales pone en marcha su «Revolución Agraria» dando tierras a campesinos pobres
Kirolak
Gil y Herrero, vencedores en Arrate
Kirolak
Martínez de Irujo recupera su trono
Kirolak
Roko Leni Ukic desatascó a un Baskonia fajador
Jendartea
Los casos de legionella detectados en Iruñea se elevan ya a 86
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea