TROPELETIK | Amets Txurruka
Hainbeste jenderen artean joatea benetan hunkigarria da
Hainbeste jenderen artean joatea benetan hunkigarria da
Azkenengo etapan ere ikusi da nola Euskaltel, Würth, Barloworld ere bai... erasotzen saiatu garen, ahalegina behintzat egin dugu, baina Saunier Duval gogor ibili da eta ongi erantzun diote Koldo Gili taldekideek. Ez da agian talderik indartsuena izan; Ispasterrera bidean lidergoa defendatzen lan egin zuten, baina liderra talderik gabe geratu zen. Beraz, beste taldeei erantzukizuna pasatu diete, eta argi ibili dira, betiere taldea osorik mantentzearren. Bestetik, argi geratu da Arrateko etapan ere Koldo Gil oso indartsu ibili zela hasieratik, eta azkenean bera izan zen onena eta, besterik gabe, ondo irabazi du. Lasterketa goitik behera menderatu du eta merezita lortu du garaipena. Ni, berriz, ongi ibili naiz eta nire ahalegina azkenean ere egin dut. Pello eta biok hor ibili gara azkenean ere, taldeka irabazle izan gara... lastima da Pello hain denbora txikiaren okerrarekin podiumetik kanpora geratu izana. Nik uste, oro har, Euskal Bizikleta polita ikusi dugula: etapa oso urduriak, liderra azaldu eta hauek kontrola hartu arte. Zaleei buruz ere mintzatu nahi nuke. Ixuan eta Arraten egon zen jendetza izugarria izan zen. Nik parte hartu dudan lasterketetan ez dut sekula hainbeste jende ikusi. Ixuatik lehenengoz igarotzean ez nintzen konturatu ere egin igoera noiz amaitu zen. Jendearen garrasi artean, beste mundu baten nindoan, denbora guztian oilo ipurdiarekin, benetan hunkituta. Indarraren zati handi bat zaleei esker ateratzen dugu. -
|