Joxemari ETXENAGUSIA | PILOTARI OHIA
Era batera edo bestera, Irujok beti tantoan agintzen amaitu du
Finala ez da oso ona izan, baina gogorra bai. Eta Irujo urteko sasoirik onenean harrapatu du. Irakurketa orokor bat egin beharko banu, Irujok neurketa piloteoan irabazi duela esango nuke. Harrigarria izan daiteke hori pentsatzea piloteo gutxi egon den final bat izan delako, baina tantoa pixka bat luzatu den aldi guztietan Irujok kantxan bere indarra inposatzen amaitu du. Batzuetan ez du asmatu tantoa ongi amaitzen eta txapara pilota pare bat ere bidali ditu, baina luzera erabakigarria izan da Irujoren indarra.Neurketa oso berdinduta joan da markagailuan, eta Aimarrek huts egin dituen bi-hiru pilota erabakigarriak izan dira. Irujo airez sartzen hasi denean Aimarri asko ibiltzera behartu dio. Bai sotamanoz eta bai besagain jota, Irujok Olaizolari etengabe behartu dio kantxan mugitzera. Partidako lehen erdian Aimarrek nahiko ongi eutsi dio, baina bigarren erdian bizpahiru akats horiek iritsi dira eta Irujo zuloak irekitzen hasi da. Olaizolak berriz neurketan sartzeko aukera izan duenean ere, Irujok gogor zigortu du aurkaria pilotakadekin, eta Aimar ezin izan da onik irten. Laburbilduz, Irujo Olaizola baino puntu bat gorago dagoela ikusi da. Biek dituzte errekurtsoak airez jokatzeko, kontrarioaren hutsa bikain baliatzen dute eta ezin zaie erraztasunik eman, baina Irujok kolpe handiagoa du eta piloteoan zulo handiagoak irekitzen ditu. Jada ez da ume-moko bat, finalak jokatzen ikasi du eta urtero punta-puntan egongo den pilotaria da.
|