GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kirolak > PILOTA 2006-06-05
Elizara gutxi samar joaten den «jainkoa»
«Pilota mundua bada, Irujo jainkoa da», zioen Iberoko jarraitzaileek bere kutuna animatzeko jarritako pankarta batek. Seguru asko, pilotak ez du izango elizarekin zerikusi handirik, baina fededunak igandeetan mezetara nola, halaxe joaten dira pilotazaleak frontoira finaleko egunean. Errituala beste behin bete zen atzo Atanon, baina oraingoan Irujo bilakatu da esku-pilotaren «jainko» datorren urtera arte.

Uda giro bikainarekin esnatu zen finalaren eguna Euskal Herri osoan bezala Donostian ere. Eguraldiak ere antzemana zion ekainaren 4ari pilotak urtean izaten duen egunik garrantzitsuenaren tankera, eta Atano III.a igandeetako jantziz mozorrotu zen beste behin.

Sarrera inguruan, BMW eta gainerako auto ikusgarrien artean, finalak sortzen duen ikusmina baliatu nahi izan zuten bi kolektibo. Batetik, euskal presoen aldeko diru-bilketa ­frontoi barruan ere presoak etxeratzearen aldeko ikurrik ez zen falta izan­ eta, bestetik, Araxes enpresako langileen aldarrikapena. «Rekalde apustuan, langileak kalean. Araxes ez itxi, lapurrak» zioen kartelaren atzean bildu ziren dozena bat langile kaleratzeen kontra ohiua zabaltzeko.

Esan bezalaxe, giroa ederra zen eta Atano parean lehen aurpegi ezagunak azaltzen hasi ziren. Pilota munduko jendetik hasita, Julian Retegi, Ladis Galartza eta bere semea, Miguel Gallastegi, Karmelo Etxenagusia, Pedro Martinez de Eulate, Jokin Errasti edota Anizeto Lazkano izan ziren azaldu zirenak. Horiez gain, Iñigo Salbidea, Patxi Mutiloa, Karlos Argiñano eta Fernando Bidarte arduradunak ere garaiz heldu ziren Donostiako pilotalekura.

Barruan, Asier Berasaluze eta Martin Alustiza irrati-esatari lanetan zintzo ari ziren. Fernando Arretxe ere harmailetan zegoen jaialdiko lehen norgehiagoka adi-adi jarraitzen. Baina pilota hutsetik harago, beste kirol batzuetako agintariek ere egin zuten agerpena Buruz Buruko finalean. Bertan izan ziren Miguel Santos, Bruesa Gipuzkoa Basket ACB Ligara igo berri den saskibaloi taldeko presidentea, Gonzalo Anton, Piterman iritsi aurretik Alaveseko presidente izan zena, eta Maria de la Peña, Realeko ordezkaria.

Giroa pixkanaka berotzen ari zen, Aimar eta Irujoren lagun koadrilak ere pixkanaka heltzen joan zirelako final handia hurbiltzen joan ahala.

Alonsotarrak ere bai

Aurpegi ezagunen artean ezusteko pozgarriena Alonso anaien presentzia izan zen. Mikel eta Xabi ez dira pilotazale amorratuak baina anaia zaharra Donostian izango zela jakinda anaia gazteak sarrera pare bat erosiak zituen. «Liverpoolen ez dut pilota batere jarraitzen, baina etxean nagoenez finala ikustera etorri gara. Mundiala laster den arren, egun bat jai eman digute eta hementxe nago», adierazi zuen Xabi Alonsok, bezperan Egiptoren aurka jokatu eta gaur bertan Madril aldera hanka egin beharra izan duen futbol jokalariak.

Finala hastear zela iritsi ziren azken pertsona ezagunak. Martin Berasategi sukaldaria ­Juan Mari Arzak barruan zen ordurako­ eta Pedro Miguel Etxenike zientzialaria aipagarrienak lehen txandan; politika munduko jendea bigarrenean: Joxe Joan Gonzalez Txabarri, Fernando Tapia, Miren Azkarate, Odon Elortza eta Denis Itxaso, besteren artean. Azkarate sariak ematera jaitsi zen kantxara partida amaieran eta txistu-soinua entzun behar izan zuen.

Irujomania

Eta finala hastearekin batera, baten eta bestearen aldeko oihuak entzuten hasi ginen. Egia esateko, Juan Martinez de Irujok jarraitzaile gehiago mugitzen ditu berekin Aimar Olaizolak baino. Edo langileagoak bai, behintzat. Horren adibide, harmailetako pankarta kopurua. Hor hasi zen Irujo norgehiagoka irabazten.

«Aurten bai! Altza Irujo trulalai», «Los Natxos con Irujo», «Pilota mundu bat bada... Irujo jainkoa da» eta «Txapelarekin o barik, guretzat beti txapeldun. Animo, Juan» ziren Iberokoaren aldeko lelo ikusgarrienak. Olaizola II.aren aldekoa, berriz, bakarra: «Aupa Aimar, eutsi txapelari», mezua.

Baina beste final askotan ez bezala, markagailua oso berdinduta egon zen ia amaiera arte, eta jarraitzaileek dezente sufritu zuten. Lehenengo tantoetako urduritasunak alde batera utzi ostean, «Irujo-Aimar, Irujo-Aimar» tartekatutako oihuak nagusitu ziren. Seinako berdinketa eta Irujok bi-paretez lortutako 9-13koa izan ziren tanto txalotuenak partidako lehen zatian.

Ikusleek larritzeko aukera ere izan zuten Irujo keinu nabarmenak eginez aldageletara sartu zenean. Zorionez, ordea, erabat osatuta itzuli zen eta «Irujo txapeldun» lehen kantuak hasi ziren. 22ra heldutakoan, eromena sekulakoa izan zen jarraitzaileen artean. Iberon festa hasia zen, amaitu...-

DONOSTIA


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Sakabanaketak beste istripu larri bat eragin du Madrilen
Mundua
Evo Morales pone en marcha su «Revolución Agraria» dando tierras a campesinos pobres
Kirolak
Gil y Herrero, vencedores en Arrate
Kirolak
Martínez de Irujo recupera su trono
Kirolak
Roko Leni Ukic desatascó a un Baskonia fajador
Jendartea
Los casos de legionella detectados en Iruñea se elevan ya a 86
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea