Euskal selekzioen aldeko zazpigarren lasterketa antolatu zuen atzoko ESAITek Bilboko Uribitarte pasealekuan, eta urtero legez, ehunka pertsona joan zen ekimenari sostengua ematera. Korrika, euskal selekzioen ofizialtasunari bide egiteko. Edizio bat gehiago eta oraingoan ere milatik gora izan ziren parte-hartzaileak. Gainera, eguraldia ere lagun izan zuten Bizkaiko hiriburura joan ziren guztiek, eguzkiak gupida gabe berotu zituen-eta korrikalarien hankak goiz osoan. Esan bezala, zazpigarren lasterketa da ESAITek antolu zuena. Zenbaki esangurantsua aurten erabili duten leloa kontuan harturik: “Zazpiak, federazio bat”.
Hitzordua 11.00etarako zegoen ezarria, eta une horretan hasi zen 14 urtez azpikoen lasterketa. Hirurehun bat umek parte hartu zuten eta arineketan 1.800 metro bete zituzten. Bost minutu baino pixka bat gehiago bakarrik behar izan zituzten.
Mutilen artean, Ander Gomez eta Mikel Martinez izan ziren azkarrenak, baina Erandio taldeko korrikalari biak batera sartu ziren helmugara, eta azkenean garaipena lehenengoari eman zioten epaileek. Neskei dagokienez, Irune Bilbaok irabazi zuen proba.
Txikienen mailan, guraso asko ikusi ahal izan ziren seme-alabei laguntzen, eta aipamen berezia merezi du Jon Gallegillosek, gurpildun aulkian egin baitzuen lasterketa.
ETXEANDIA ETA LLAMAS
Ordu erdi geroago nagusien txanda iritsi zen. Hasieratik ikusi ahal izan zen korrikalari ezagunenak ez zirela denbora-pasa etorri. Unai Saenz de la Fuente, Guillermo Arnedo, Txomin Martin eta Iurgi Etxeandia laster jarri ziren-eta aurreko tokietan. Atzetik, beste taldetxo bat jarraika, eta gero, kirolari anonimoak.
Beste askoren artean, bertan aritu ziren 18/98 makrosumarioan auzipetuta dauden Ana Lizarralde, Patxi Gundin eta Paul Asensio. Euskal selekzioaren aldeko aldarrikapenaz gain, euskal preso politikoak ere gogoan izan zituzten hainbat partaidek.
Lasterketaren aurrealdean, gogor hasi ziren garaipenaren bila. Guillermo Arnedok, Iurgi Etxeandiak eta Unai Saenz de la Fuentek erritmo bizia ezarri zuten eta hirurek bakarrik aurrera egin zuten.Tiraka aritu ziren, baina azken txanpan Saenz de la Fuentek atzerantz egin zuen eta bukaerako esprintean Etxeandia izan zen azkarrena nagusitasun osoz. 1.500 metrotan Bizkaiko txapelduna den zornotzarrak ez zuen aukera pasatzen utzi, eta, helmugan aitortu zuen moduan, oso gogotsu joan zen lasterketa irabaztera.
Iazko txapeldunak, Guillermo Arnedo jatorriz andaluziarra denak, ezin izan zuen errepikatu emakumezkoen artean gertatu zen bezala. Raquel Llamasek bigarren aldiz jarraian irabazi baitzuen lasterketa.
Nahiz eta parte hartu zuten guztiek opariak jaso zituzten, garaipena lortu zutenei trofeoak banatzera hainbat alderdi politikotako ordezkariak bertaratu ziren. Besteren artean, han izan ziren EHAK-ko Maite Aranburu eta Kattalin Madariaga, Batasuneko Jone Goirizelaia eta EBko Mikel Arana. Bizkaiko Foru Aldundiko Lan eta Trebakuntzarako diputatu Julio Artetxe eta Berrikuntza eta Ekonomia Sustapeneko diputatu Ricardo Barainka ere egon ziren. Tenerifera bi lagunentzako bidaia bat zozkatu zuten, eta saria 795 zenbakiak eraman zuen; irabazlea, ordea, ez zen agertu. -
BILBO