- Sega
Euskaldunak nagusitu dira Alemanian
DONOSTIA
Euskal Herria nagusitu da asteburuan Alemanian jokatu duten Nazioarteko erako Taldekako Txapelketan. Altzo, Izagirre, Mitxelena eta Mendizabal izan ziren txapeldunak.Garaipena sega handiarekin heldu zen, baina sega txikiarekin egindako lana ere ez da bazterrean uzteko modukoa, hirugarren postuan amaitu baitzuten, eta sekulako emaitzarekin itzuliko dira etxera. Suitzarrak ziren faborito nagusietakoak, eta bigarren eta hirugarren haiek izan ziren sega handiarekin;suitzarrek, baina, ezin izan zuten Euskal Herria gainditu. Beste bi talde euskaldun ere baziren, baina haien lana apalagoa izan zen. Proba horietan azkartasuna eta txukuntasuna uztartu behar dira, eta 10x20ko sail bat moztu behar izaten da. Euskaldunek lehen aldiz moztu zuten hiru minuturen azpitik, 2.58 izan baitzen atzoko denbora. «Gauzak oso ongi atera zaizkigu. Hemen belarra mozteaz gain, sega ere pikatu egin behar izaten da, eta hori lehiaketaren barruan sartzen da. Hor oso ongi hasi ginen, eta hortik aurrera dena primeran joan zaigu», esan zuen Altzok. «Lan ona egitera etorri gara, aurrean ibiltzera, eta gauza guztiak oso ongi atera zaizkigu», esan zuen segalari zaldibiarrak. Atzo gainera, sariak banatzerakoan, ikurrina igo zuten podiumeko goiko muturrera, eta ereserkia ere Euskal Autonomia Erkidegokoa izan zuten. Beraz, talde horrek ez zuen sokatirarekin izandako komeriarik izan. Beste alde batetik, udazkenean nazioarteko erako lehiaketa bat izango dela Euskal Herrian baieztatu ziguten, eta seguruenik ere segalari austriarrak izango dira euskaldunekin batera lehian.
|