Xabier MARTIARENA | Donibane Lohizune-Ziburu portuko bolintxeroko patroia
«Arrain gutxi dago baina, halere, hartzen den erdia alferrik galtzen da»
Orain artean, aberasteko ez baina bizitzeko adina izan dutela azaldu du. Alta, itsasoaren eta gizakien arteko oreka galdu denez geroztik, guztiak, bolintxean edo arrastean ibili, galtzaile izango direla uste du. Europako egitura politiko-administratibo itzelaren lehen sakrifikatuak «txikienak» izatea ez du onartzen, eta beren ahotsa entzunarazi nahi dute.
Donibane Lohizune-Ziburuko portuan dauden bederatzi bolintxeroetan hirurogei bat arrantzale ari dira, eta ia beste horrenbeste sare pelagikoak erabiltzen dituzten bost arraste-ontzietan. Guztiek dituzte arazoak, batez ere, antxoaren baliabidea eskastu denetik, baina sakoneko kontua, hots, natur baliabidearen arrazoizko kudeaketa nola lortu, ez dela aztertu uste du Xabier Martiarenak.
-Joan den astean portua blokatu zenuten. Zergatik? Antxoaren arazo honetan, bolintxean gabiltzanok
nolabait zeharkako kaltetuak gara. Hegoaldeko bolintxero handiekin eta bretoien
pelagiko handiekin sortu den gerra horretan gu aparte samar gaude, eta ez dugu
inon gure ahotsa entzunaraztea lortzen. Portua blokatzeko ekintzaren bitartez
«oilategia» harrotu nahi genuen gure egoera nonbait ager zedin.
-Ekainaren 12ko bileran ordezkaria izatea lortu zenutelako utzi zenuten bertan behera blokeoa. Bai, baina hurrengo egunean esan ziguten
Frantziako ordezkaritzan ezin gintuztela onartu. Ez dakigu presioak nondik
etorri diren baina pentsatzen dugu ordezkaritza berean iritzi desberdinak eta
askotan kontrajarriak dituzten pertsonak izatea ez dutela nahi. Azkenean
frantses delegazioaren bidetik ez dugu lortuko gure ahotsa entzunaraztea,
beharbada beste bide batetik...
-Zein zen ordezkari horren egitekoa? Guk nahi genuen gutako bat joatea, gure arazoa
ezagutzen duen arrantzale bat. Hemen ekonomikoki zerbait gara baina Akitaniako
erregioan edo Estatuan ezer gutxi, eta Europan zer esanik ez. Han gehien direnak
edo interes nagusiak pelagikoenak dira ordezkatuak. Eztabaida horretan
gu ez gara existitzen. Horregatik, funtsezko eskakizuna gure egoera zuzenean
azaltzea zen.
-Askotan espainol eta frantsesen arteko liskarra bezala azaltzen da arrantzaren kontua. Bai, hemengoek eta hegoaldekoek komeni den
arabera erabiltzen dute (dugu). Batzuetan Frantziaren eta Espainiaren arteko
kontua da; besteetan euskaldunon artekoa; besteetan, berriz, arrantzatzeko
erabiltzen den teknikaren araberakoa...
-Ez al da, azken batean, azken hori, arrantza-sistemarena alegia, sakoneko arazoa? Besteren artean. Azken finean dauden natur
baliabideak nola kudeatu da kontu nagusia. Baliabideen egoeraz aparte kontuan
izan behar da arazo soziala eta ekonomikoa ere badagoela. Arrantza izateko
arraina behar da baina baita arrantzaleak ere. Oreka nola aurkitu da kontua,
arrainek aukerak izateko eta arrantzaleek ere bereak izateko. Guri dagokigunez,
orain 12 cm-ko antxoaren «tranpan» sartuak gaude.
-Hain zuzen, zer da neurri hori? Hamabi zentimetroko antxoa saltzerik ez daukazue baina harrapatu, harrapatzen duzue, bai zuek baita pelagikoek ere. Bai, denok harrapatzen dugu. Bolintxearen
teknikarekin harrapatutakoa begi bistara txikiegia dela ikusten badugu, erraza
ez izanik ere, antxoaren %85 bizirik itzultzen ahal dugu itsasora. Aldiz,
pelagikoen itsasontzien kasuan, bereizketa egiterako, antxoa gehiena hilda dago.
Gu kostatik hurbil ibiltzen gara eta urteko antxoa harrapatzen dugu. 12 cm-ko
mugan dagoenean portura sartzen dugu, baina bereizketa egitea egundoko lana da.
Praktikan gertatzen dena da bistara 13 zentimetro baino handiagoa gordetzen
dugula, 11,9 cm gordetzen bada, isunaren arriskua daukagulako. Gainera, orain
oso kontrolatuta dago.
-Eta gainerakoa bota egiten al da? Bai. Arraina hila da. Hor dago, merkatua ere
badago baina bota egin behar da 12 cm-ra iristen ez delako. Biologikoki ez du
zentzu handirik, 11-14 cm tarte horretan arraina generazio bertsukoa baita.
Neurri politiko bat da. Bere garaian beharbada, egokia izango zen baina gaurko
egoeran ez du zentzurik. Produkzio, baliabide eta merkatuaren arteko oreka
lortzea zen helburua, baina, egun, desoreka begi bistakoa da. Oso gutxi
arrantzatzen da eta merkatua oso garestia dago. Arrain gutxi dago eta, halere,
arrantzatzen den erdia alferrik galtzen da. Logika edo politika hori porrot
nabarmena izan da eta beste zerbait probatu behar da. Horregatik eskatzen dugu
neurriarena berrikustea eta beste sistema bat jartzea; kiloko ale-kopuru
zehatza, adibidez.
-Antxoa txikia ez harrapatzeko neurririk jartzea ez al da posible; sareen begi maila txikiagoa izatea, esaterako? Tekniken arabera, begi maila zenbat eta
txikiagoa, orduan eta hobe, arraina gutxiago kolpatu eta izorratuko delako.
Bolintxean arraina biziago eta hobe ailegatuko da zakura, bueltan biltzen ari
zaren bitartean, hor dabilelako, itzulika. Zakua igota merkaturako interesgarria
ez dela ikusten badugu, egoera onean itzultzen da itsasora. Arrastean, berriz,
zakuan sartzen ari da, eta ontzira heltzerako, lehena sartu dena hilda dago
jada. Gora igotzen dutenerako, arrainaren 3/4 jada hilda daude.
-Zientifikoek egin dituzten azterketez fido al zara? Arrain gutxi dagoela errealitate bat da. Azken
urteetan egindako azterketen arabera, zientifikoek emandako gomendioak ez dira
jarraitu. Finean, politikariek erabakitzen dute. Halere, aurten politikariak ere
haserretu egin dira. Zertxobait harrapatu dutenean kuota gehiago eskatzeko,
kanpaina luzatzeko eta antzekoak eskatzen hasi baitira arrantzaleak. Itsasotik
bizi gara eta hor daukagu kontraesana.
-Uste al duzu antxoaren arrantza eten behar dela zientifikoek dioten moduan?
Kontua da ataka honetatik nola atera behingoz aztertzea. Milaka tonako kuotak daude, baina zertarako arrainik ez badago? Aurten 5.000 tonako kuota izan dugu baina 700 harrapatu ditugu. Horrek esan nahi du ez daudela 5.000 horiek. Horregatik diot oreka galdu egin dela, bai ekologikoa bai ekonomikoa baita soziala ere. Nola berreskuratu oreka hori? Hor dago gakoa. Organismo zientifikoek zailtasunak dituzte dena esateko, euren flotaren interesaren kontrako iritziak agertzeko; batez ere, estatuek ordaintzen dituztelako. Ikusi besterik ez dago: Azti eta Ifremer une batean lan bateratua egiten saiatu ziren baina joan den urtetik bereizi egin dira. Lobbyak eta interesak daude eta bakoitzaren indarraren eta presioaren arabera eztabaida faltsutua da. Gaur egun oraindik ez gara gai arazoaren muina mahai gainean jartzeko. Guretzat hortik hasi beharko litzateke, benetako arazoa aztertzetik, eta, beharbada, horrela irtenbide egokia aurkitzera ere iritsiko ginateke, baina hogeita hamar urte geroago, gauzak dauden tokian daude. Sistemak ez du ematen aukerarik ezta arazo bera pausatzeko ere.
-Eta Europan zer?
Antxoaren aferan Frantzia eta Espainia dira afektatu nagusiak eta, hemen, bakoitzak manta gure aldera bota nahi dugu. Sartuta gauden logikan, nola liteke kanpoan geratuko diren lehenak gu izatea Frantzian %4 kuota besterik ez dugunean? Onartezina da. Gure merkatua freskorako da, ez kontserbarako. Europak ez ditu kontuan hartzen tokian tokiko arrantza, merkatua, tradizioak. Egitura administratibo izugarri horretan harrapatuak gaude. Lehen ez ginen ez konpetitiboak, ez modernoak, ez genuen apenas arrantzatzen eta ekonomikoi gure eragina txikia zen eta horregatik ez genuen ordezkaritzarik izatea lortzen. Orain baliabidearekin arazoak daudenean ere ez dugu ezer esateko. Gainera, badirudi ia-ia guk sortu dugula eskasia. Gure flota txikia sakrifikatzeak ez du ekarriko natur baliabideak berreskuratzea. Martxa honetan guztiok izorratuko gara, bai itsasoa, bai gu, arrastean edo bolintxean aritu bai hemengoak eta, luzera, baita hangoak (Bidasoaz beste aldekoak) ere. -
|