GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > zirikazan 2006-06-12
Josebe Egia
Sexua erostea ez da kirola

Futbolaren jai gorena ostiralean hasi zen Alemanian. Une hauetan kirolen erregeak ematen duen ikuskizunaz gozatzeko asmoz beteriko jendez josita egongo da. Alemaniara joateko aukerarik ez dutenek, telebista den «mirakuluari» esker jarraitu ahal izango dute hango futbol zelaietan gertatzen dena. Hango poztasunak eta baita malkoak ere. Futbola atsegin duenarentzat hilabete zoragarria izango da hau.

Telebista, hortaz, zelai barruan gertatzen denarekin zerikusia duten irudiak ekartzera mugatuko da. Hau da, jokalariak, entrenatzaileak eta partidak besterik ez ditugu ikusiko, eta nola ez, jai giroa sortzeaz arduratzen diren milaka futbolzaleen orroak eta iritziak entzuteko aukera paregabea ere izango dugu.

Partida amaitu bezain laster, telebista amatatu eta hurrengora arte. Baina Alemanian partida bukatu ondoren zer den zaleek egiten dutena ezagutzea komeniko litzateke, eta hori telebistak ez digu erakutsiko, edo ez behintzat kritikoegi. Zeren eta han ospakizuna eta jaia ez baitira futbol zelaien eremuetan agortuko. Han, «futbola-garagardoa-emakumeak» hirukoteak berebiziko zentzua izan dezan ondo prestatu dira, egin beharrekoak egin dituzte aurreko hilabeteotan eta futbol zelai inguruak prosti- tutaz beteriko eraikinez edo aparkalekuez apaindu dituzte. Kontuan harturik zaleen gehiengoa gizonezkoa dela, euren euforia izugarri altxatuko dela eta haraino joan denak «topera» disfrutatzeko asmoarekin egin duela; prostituzioa herrialde hartan legezkoa dela 2002. urtetik eta ez dagoela inolako arazorik emakumeen kontura negozio biribila egiteko, Munduko Txapelketa, futbolarekin zerikusia ez duten askorentzat, pagotxa ezin hobea da, hots, proxenetentzat.

Alde batetik, sekulako diru sarrera suposatuko die eta beste alde batetik, eskaerari aurre egiteko emakumeak topatzeko eta bertara eramateko beharra. Eta hemen dago gakoa. Azken hilabeteotan alde askotatik altxatu dira kezka ahotsak, ez feministenak bakarrik, eta bai Alemanian bertan, bai Europako erakundeetatik ere. Hainbat ekimen martxan jarri dira eta Bruselan neurri ezberdinak hartuko direla esan dute: polizialak eta mugen kontrola, batik bat. Prostitutak «errekrutatzeko» beharrak emakumeen legez kontrako trafikoa ekarriko duelako, herrialde pobreetatik aterako dituzten emakume asko engainatuak edo behartuak izango direlako, euren beharraz eta egoera ekonomiko penagarriaz probetxua aterako dutelako negozio honetan jarduten dutenek. Etengabe gertatzen den fenomeno mundiala da. Eta Alemanian legezkoa izanik, kezkagarria delako nola saihestuko duten emakumeen aurkako bortizkeria mota zahar bezain «onartu» hau.

Hori da, hain zuzen, Suediako Justizia ministroak nabarmendu zuena duela gutxi, futbol jokalari profesional ohia izanik, gainera. Izan ere, gai horri buruzkoan bere herrialdea adibidetzat hartzekoa da. Suedian ez da prostituitzen den emakumea zigortzen, berarekin doan gizona baizik. Prostitutek pairatu behar duten estigma hori bukatzea da helburua, oso emakume gutxik aukeratzen baitu lanbide hori borondatez. Horren atzean, beste arazo larriagoak eta horiek sorturiko beharra agertzen da. Beti.

Eta behar horri kulturalki eta historikoki emakumeek jendartean eduki duten papera, pasiboa eta gizonezkoen menpekoa ­are gehiago arlo sexualean­ gehituz gero, esklabotza forma bat besterik ez dela ondoriozta daiteke beldurrik gabe. Emakumea objektu hutsa bihurtzen duena, eros daitekeen eta eskubiderik ez duen objektua. Beste hitz edo terminologia ­askatasun sexuala, norberaren gorputzarekin nahi dena egiteko askatasuna eta abar­ batzuen azpian ezkutatzen den esplotazio hutsa, emakume horien askatasunarekin inolako zerikusirik ez duena, hain zuzen.

Hori dela-eta, gizonen kontzientziazioa beharrezkoa dela uste dut. Jokalariei, entrenatzaileei eta futbolaren munduan mugitzen diren guztiei eskatu zaie Alemanian gertatzen ari dena espresuki arbuiatzeko «sexua erostea ez da kirola» lelopean. Askori eragin handiagoa egingo omen dio bere idoloen ahotan entzutea politikarien eskutik baino. Oso garrantzitsua baita prostitutengana doazen gizonek argi edukitzea posible dela emakume hori eskla- bo sexuala izatea. Oinarrizkoa baita gizon horiek bes-te aldera ez begiratzea eta «kitto» esanez zapalkuntza hori ez bultzatzea. Futbol-zaleak izan edo ez. Alemanian edo munduko edozein txokotan. -jegia@gara.net


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
La guerra como razón de Estado
Euskal Herria
«Herritarron hitza eta erabakia praktikan jartzeko unea da»
Mundua
El Ejército israelí «es el más ético del mundo», asegura el sucesor de Sharon
Mundua
El fin de un mito
Kirolak
Luperini y un podio de lujo elevan el prestigio
Kirolak
Robben acerca a Holanda a octavos
Kirolak
Irán echó por la borda su buen trabajo
Kirolak
Los penaltis se interponen en la hazaña
Mundua
El relator de la ONU contra la Tortura denuncia el «cinismo total» de EEUU
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea