Ez da beste legionela kasurik atzeman azken 24 orduetan
Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak aditzera eman duenez, azken 24 orduetan ez da Iruñean legionelak kutsatutako beste inoren berririk izan, eta beraz, gaitz horren erasoa jasan dutenak 146 dira oraindik. Horietatik 36 lagunek jarraitzen dute erietxean, bostek Zainketa Berezietako Unitatean.
IRUÑEA
Nafarroako Osasun Departamentuak ez du azken 24 orduetan beste legionela kasurik atzeman Iruñean, Nafarroako Gobernuak bidalitako prentsa adierazpen baten bidez jakinarazi dutenez. Nabarmentzekoa da, horri dagokionez, iragan ekainaren 1ean lehen kasuak agertu zirenetik, beste kutsatze kasurik atzematen ez den lehendabiziko eguna izan zela atzokoa, eta beraz, badirudi legionella pneumophilla gaitzaren erasoaren gainbehera hasia dela jadanik. Legionela agerraldi gogor horren berri joan den ekainaren lehen egunetan izan zen, eta hasieran, kutsatutako pertsonen arteko loturarik ezartzea zaila zen arren, gaixo guztiek Iruñeko bigarren zabalgunean denbora asko ematen zutela ondorioztatu zuten Osasun Departamentuko teknikariek. Lehendabiziko pertsona kutsatuen kasuak ekainaren batean eman zituzten aditzera, eta hamahiru izan ziren guztira. Hurrengo egunetan, baina, kopuru horrek nabarmen egin zuen gora, eta horrela, bigarren egunean beste 35 kasu agertu ziren, 25 hirugarrenean, hemezortzina ekainaren lauan eta bostean, beste hamar hurrengo egunean, beste sei ekainaren zazpian, bi zortzian, beste horrenbeste iragan ostiralean eta beste sei larunbatean. Beraz, guztira 146 laguni erasan die legionelak Iruñean, eta horietatik 36k oraindik ere erietxean jarraitzen dute: bat San Miguel Klinikan da, lau Unibertsitate Klinikan, hamasei Nafarroako Ospitalean, hamahiru Virgen del Caminon eta bana Avilés eta Zaragozako erietxeetan.
Bost zainketa berezietan
Horien artean, ordea, badira bost lagun legionela gaitzaren agerraldi gogor horren eraginez aurrekoak baino egoera larriagoan daudenak. Gaixo horiek, atzo bezalaxe, erietxe ezberdinetako Zainketa Berezietako Unitateetan jarraitzen dute: bi Nafarroako Ospitalean, beste horrenbeste Virgen del Camino erietxean, eta azkena, berriz, Zaragozako Miguel Servet ospitalean. Guztiak ere hobera egiten ari direla baieztatu du Nafarroako Osasun Departamentuak.Bestalde, legionela gaitza oso presente egongo da gaur Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Batzordeak egingo duten ohiko bilkuran. Aralarrek, Nafarroako Ezker Batuak eta EAJk eskatuta, Nafarroako Osasun kontseilari Maria Kutz parlamentuan azalpenak ematera deitzea onartuko dute.
Ardurak bilatzeko ikerketa
GARA
IRUÑEA Gaixoaren Defentsarako Elkarteak (ADEPA) legionela agerraldiaren gaineko arduradunak agertuko dituen ikerketa hasteko eskatu dio Nafarroako fiskal nagusi Javier Muñozi. Elkarte horrek Muñozi igorritako eskutitzean ageri denez, «oraingoan arriskuan jarri dira hainbat lagunen osasuna eta bizitza», eta elkarteko lehendakari Carmen Floresen esanetan, «infekzio iturrien arreikuspen eta kontrol falta» izan da horren guztiaren eragilea. Horrenbestez, Nafarroan sortu den «erabateko larrialdi» egoera dela-eta, ikerketa abiatu eta bertatik ondoriozta daitezkeen ardurengan eragin dezala eskatu dio Nafarroako fiskal nagusiari.
|