AZPEITIA
Barinagak eta Ostolatzak lortu zuten larunbat gauean Urrezko Harri-jasotzaileen txapela. Saioa bolarekin erabakiko zela uste baldin bazen ere, azkenean kubikoak erabaki zuen.
Lehenengo bi probetan ez zen ezusterik izan, eta horien amaieran bi bikoak berdinean zeuden. 100 kiloko zilindro berriarekin hasi ziren lanean, eta Izetak 38 jasoaldi eman zizkion bi minututan. Barinagak lau gutxiago jaso zituen, eta 400 kiloko aldea zuen alde Aiako bikoak, Izetak II.ak eta Landarbidek, alegia.
Ondoren, 200 kiloko harri errektangularra zuten.Landarbidek lau aldiz berdindu zuen harria bizkar gainean bi minututan.Gero, Ostolatzaren txanda heldu zen. Zazpi jasoaldi egingo zituela ziurtzat jotzen zuen askok, baina zestoarrak seirekin konformatu behar izan zuen. Zazpigarrena ere gertu izan zuen, baina bizkarrean berdindu aurretik, denbora agortu egin zen, eta seirekin konformatu behar izan zuen.
Bi jasoaldiko aldea kendu zionOstolatzak Landarbideri, 400 kilo, alegia, eta bi bikoak berdinean jarri ziren. Bi proba geratzen ziren, eta edonork irabaz zezakeen txapela.
Ondoren 113 kiloko kubikoarekin neurtu ziren txanda librean. Aiako bikoak bi minututan 26 aldiz berdindu zuen harria bizkarraren gainean. Barinagak eta Ostolatzak, berriz, jasoaldi bat gehiago eman zioten, 27, alegia. Azkeneko proban 100 kiloko zilindroa jaso behar zuten txanda librean, eta aiarrek garaipena lortzeko besteak baino bi jasoaldi gehiago lortu behar zituzten baina, hala ere, bi gutxiago egin zituzten.
32 aldiz berdindu zuten Izeta-Landarbidek harria, eta 34 aldiz Barinaga-Ostolatzak. Azkenean, hiru jasoaldiko aldea eta 313 kiloko aldea lortu zuten Barinaga-Ostolatzak.