Enpresek eteteko aukera izango luketen kontratu «finko» bat eskatu du Adegik
Adegik ohiko batzar nagusia egin zuen atzo, Donostian. Gipuzkoako enpresaburuen elkarteko ordezkariek lan erreforma berriak are eta urrutiago joan beharko lukeela esan zuten. Izan ere, Madrilen sinatutako akordioak enpresek eteteko aukera izango luketen kontratu «finko» bat aurrez ikusi beharko lukeela adierazi zuten.
DONOSTIA
Adegik, Gipuzkoako enpresaburuen elkarteak, ohiko batzar nagusia egin zuen atzo, Donostian. Jose Martin Etxeberriak, atzo arte erakundeko presidente izan denak, hainbat gaiez hitz egin zuen; lan erreforma berriaz, esaterako. Erreforma horrek gauza positiboak ekarriko dituela nabarmendu ostean, Madrilen sinatutako akordioak are eta urrutiago joan beharko lukeela esan zuen. Hain zuzen ere, testuak kontratu «finko» bat jaso beharko lukeela adierazi zuen; hots, enpresek «merkatuko arrazoiak» edo «arrazoi ekonomikoak» direla-eta eteteko aukera izango luketen kontratu mota bat. Daitekeen kontratu horrek «aldez aurretik» finkatutako kalte-ordain bat aurrez ikusia izan beharko lukeela erantsi zuen Etxeberriak, epaileek esku har ez dezaten. Horrez gain, Adegiko ordezkariak ELA kritikatu zuen, hitzarmen kolektiboa dela-eta «borroka estrategiaren bidetik jarraitzen duelako» eta «egonkortasunik gabeko lan egoera egon dadin bultzatzen ari delako». Horiek hala, Adegi elkartea «elkarrizketa indartzen, ikuspuntuak hurbiltzen eta akordioaren kultura sustatzen» saiatuko dela jakinarazi zuen Etxeberriak. Donostiako Miramon teknologia parkean egindako batzar nagusian, Adegiko kideek Jose Martin Etxeberria agurtu eta datozen hiru urteetarako presidentea aukeratu zuten. Alde horretatik, erakundeko burua Eduardo Zubiaurre izango da aurrerantzean, 44 urteko Eibarko enpresa gizona. Jaz Zubiaurre enpresako zuzendari-gerentea da gaur egun, eta Adegiko presidente aritzeko hautagai bakarra izan da. Eduardo Zubiaurre baino lehenago, zortzi presidente izan ditu Gipuzkoako enpresaburuen elkarteak, honakoak: Antxon de la Cava, Jose Maria Vizcaino, Anton Marquet, Jesus Maria Agirre, Tomas Aritzeta, Joxe Mari Korta, Jose Alberdi eta atzo ordezkatu zuen Jose Martin Etxeberria.
|