Iruñea: iragana mintzo zaigu
Arabako Iruñea-Veleia gero eta ezagunagoa da bertan aurkikuntza arkeologiko garrantzitsuak izan direlako. Aurkikuntza horiek lehen milurteko hasierako biztanleen berri ematen digute. Baina oraindik orain toki berean aurkitutako multzo epigrafikoak biderkatu egiten du garrantzi hori. Alde batetik garrantzi filologiko hutsa izan daiteke, III. eta VI. mende artean idatziak direlako eta, nolanahi ere, euskarazko testu zaharren eskasia dela-eta. Orain artean garai bertsuko zenbait inskripzioren berri genuen, baina horiek pertsona eta jainko izenak baino ez dituzte biltzen. Denboran hurrengoak Donemiliagako glosak ziren, mende batzuk geroagokoak, zenbait testu biltzen zituztenak, baina ez oso ulergarriak. Iruñekoak hitz arruntak eta ulergarriak dira. Beste alde batetik, ez dugu ahaztu behar indusketa arkeologikoak egiteko laginak hartzen direla eta, beraz, pentsatzekoa da agertutako hitzak ez direla bakarrak. Adituek lan itzela dute material hori aztertzen eta orain arteko teoria asko berrikusten. Galdera bat sortzen zaigu bat-batean: duela berrogei urte agertu izan balira, honezkero zenbat saio, zenbat tesi ez ote zuketen egingo gure filologoek. Itxaron egin beharko dugu, eta ikerlariei denbora eman, egin beharreko lana taxuz egin dezaten eta, hartarako, informazio eskubideak eta zuhurtziak elkarren osagarri beharko dute izan. Baina garrantzi zientifikoa ez ezik, soziala ere handia da. Filologiaren arloan bezala, gure gizartean mito eta topiko asko haustera etorri da aurkikuntza hori. Euskal hitz horiek Araban agertu izanak gezur eta nahaste interesdunak zein ez asko agerian jartzen ditu. Agerikoa zen asmo politiko makurra Araba ez dela inoiz euskalduna izan esaten zutenengan, eta orain lekuko eder horrek nor bere tokian utziko du. Euskal Herria jende eta kultura desberdin askoren bilgune izan da eta da, baina oso antzinatik datozen kulturak eta hizkuntzak definitzen gaituzte herri gisa. Zorioneko dago Araba, zorioneko Euskal Herria, urte bakan batzuetan amets bat lirudikeena, Lazarragaren izkribua eta Iruñeko inskripzioak aurkituta. Eta, harrokeriarik gabe bada ere, harro egotekoa da V. mendeko hitz haiek gaur egun duten atxikimendua ikustea. Horren erakusgarri, Gasteiztik Iruñerako bidean dagoen herrixka batean, Armentian, igandean Araba Euskaraz-en parte hartzeko bilduko den jende andana. -
|