Iñaki Altuna
Bilbotik Iruñera
Politikan badira esan beharreko esaldiak, egin beharreko itxurak, ezkutuan gorde beharreko egiak eta ozen zabaldu beharreko gezurrak. «Politikoki zuzena» behar da izan, jakina. Gatazka gainditzeko prozesua dela eta ez dela, esaldi biribil horietako asko gizartearen eta herritar xumeen parte-hartzea ezinbestekoa dela esateko erabiltzen dituzte zenbait bozeramailek. Irratiz irrati, telebistaz telebista, prentsaurrekoz prentsaurreko, herri mobilizazioaren garrantzia nabarmentzen dute maiz. Bakarren batzuek «prozesu soberanista» egin beharra dagoela esan eta desobedientzia zibila ere aldarrikatzen dute tarteka. Kalera irten, herritarren hitza entzunarazi, planto egin... hitz politak, bor-bor, adierazpen arranditsuak egiteko. Hitz jarioaren atzetik, ordea, kalkulu politikoa dator, norberaren interesaren araberakoa. Nagusitasuna mantendu nahia edota aliantza jakin bat ahalbidetzeko asmoa zaindu behar dute. Nahiz eta lehentasuna gatazka gainditzea dela esan eta edozer egiteko prestutasuna agindu, urratsa egiterako orduan bada beti zerbait. Nola uler liteke konponbidearen alde apirilean Bilboko manifestazioarekin bat egin zuten zenbait eragilek bihar Iruñean izango denari bizkarra eman izana? Batasunak, EAk eta LABek eutsi egin diote erronkari, beste zenbait eragilerekin batera. ELA, Aralar, Zutik eta enparauak, aldiz, ez dira bertan izango. Zergatik? Zergatik Bilboko manifestazioari bai eta Iruñekoari ez? Zer aldatu da, bada? Prozesuak ez al du, jada, herritarren hatsa behar? Zer da oraingoan? Hauteskundeak? Nafarroa Bai koalizioa? Nagusitasun sindikala? Zer da, bada, orduan? Ezker abertzalea «gehiegi» indartzeko beldurra? Rodriguez Zapateroren aldeko hautua? EAJren itzal luzeegia? Nafarroa Euskal Herritik bereizteko erabakia? Esan dezatela zer edo zer. Argi dezatela zergatik, orain, gatazka konpontzeko aukera dagoenean, kalean horren aldeko giroa sortzeari uko egiten dioten. Argudio bat, behintzat, ezingo dute erabili: egokierarena. Ezingo dute esan ez dela garai aproposa, ez dela une egokia. Prozesu demokratikoak hasiera-hasieratik behar du herritarren babesa, urratsak egiteko, norabidea sendotzeko eta, ahal bada, itzulezina bilakatzeko. Orain da garaia, ezer usteldu baino lehenago, ezer eten aurretik, ezer gainbehera hasi aitzin. Gero, alferrik da. -
|