Zesar Martinez - Soziologoa eta Parte Hartuz lan-taldeko kidea
Politikagintza Euskal Herrian: sukaldea ala beheko sua?
Nolako papera jokatu behar al dugu herritarrok eta gizarte eragileok martxan dagoen prozesu politikoan? Elite politikoen «sukalde lanaren» zain egon eta mobilizatzeko deia egingo digutenean mobilizatu? Akordioak lortuz gero horiek berretsi kontsulta edo erreferendum batean? Mobilizagarriak garen ikusle pasibo baina itxaropentsu eta ilusionatuak, hori al da dagokiguna? Ordezkarien goitik beherako dinamika politikoa al da prozesuaren konplexutasunak onartzen duen logika bakarra? Horra doaz galdera horien inguruko kezka eta gogoeta batzuk: Herritarrok politika egiteko molde berri batzuk exijitu behar ditugulakoan nago, indarrean dagoen prozesu politikoak behetik gorako dinamika bat ere eduki behar du. Alderdi politikoak, erakunde publikoak eta baita gizarte eragileak ere arduratu beharko ginateke gatazka politikoaren inguruko debate soziala zabaltzeaz, herriz herri eta auzoz auzo, horrela gatazka politikoak herritarren (gu guztion) eguneroko bizitzan sortzen dituen kezkak eta bizipenak zeintzuk diren ezagutzeko aukera izango genuke, eta bizipen horietaz eztabaidatzeko eta gogoeta egiteko aukera ere. Gatazka egoerak egunerokoan sortzen dituen kezka eta premia horiek dira, batzuenak eta besteenak, konpontzeko bidean ipini behar ditugunak: gatazkaren balizko akordio horiek politikoki bideratzeko aukerak zabaldu behar dituzte. Izan ere, debate soziala sustatuz gero, gogoeta eta ekarpen interesgarriak agertuko lirateke. Hau da, kontua ez da bakarrik prozedurazkoa (prozesu politikoaren dinamika parte-hartzaileagoa eta demokratikoagoa izatea), sustantiboa edo edukizkoa ere bada: prozesu politikoak aurrerapauso sendoak emango ditu gatazka politikoak herritarren eguneroko bizitzan sortzen dituen ondorio eta behar latzenak konponbidean ipintzen dituen neurrian, eta horretarako jendearen propo- samen zehatzak entzun eta kontuan eduki behar dira. Lider politikoek zeregin garrantzitsua dute, zalantzarik gabe, baina kontuz despotismo ilustratuarekin, herri jakintzak badauka bilatzen ari diren gako eta erantzun asko, baina horretarako entzun egin behar da. Horrexegatik, debate sozial horiek ez dira lider politikoen hitzaldiak edota mitinak (monologoak azken finean), baizik eta metodologia egokiarekin jendearen arteko eta kolektiboen arteko debatea sustatu, jarrera irekiarekin entzun eta ekarpenak jaso. Izan ere, alderdi politiko gehientsuenetan funtzionamendu-joera bertikala, goitik beherakoa, eta liderrekiko segidismo itsu gehiegi dagoelakoan nago; zenbait momentutan, militantzia politikoa unean uneko konsigna politikoa gizarteratzean datzala dirudi. Joera hori are indartsuagoa egiten da/dugu «sukalde lana», «zuhurtzia» eta «dis- krezioaren» izenean, horrexegatik alderdi politiko bakoitzari exijitu behar zaio bere oinarri sozialari entzutea eta bere ekarpenak jasotzea; baita bere oinarri militantea ez denari ere (herri mugimenduetako kolektiboei, politikoki anto- latuta ez dauden herritarrei...). Oraingo funtzionamendu politikoan na- hiko urrun gaude oraindik debate sozialak, herri galdeketak edo bestelako prozedura parte- hartzaileak normaltasunez eta maiztasunez (eta dagokien metodologia zainduarekin) erabiltzetik. Baina hor dugu Brasileko Aurrekontu Parte-hartzaileen esperien- tzia, baita gure tradizioan dauden beste tresna batzuk ere: auzolana, auzoko komunitate planak, edo asmatu daitezkeen prozedura berriak herritarren partaidetza zuzena bermatzeko. Aurreko guztiak ez du esan nahi sukalde lana eta diskrezioa behar ez denik, gatazka politikoaren konplexutasunak eta sakontasunak hala eskatuko du, seguru asko, baina herritarren kezketatik abiatzea, debate soziala sustatzea eta sormen kolektiboa aktibatzea ezinbestekoa dugu ere bai: dinamika soziala dinamika politikoarekin uztartzea; hau da, eguneroko bizitzaren beharren sutondoan, beheko suaren inguruan, bizitzen eta debatitzen denak elikatu beharko luke dinamika politikoa eta instituzionala, eta ez sukalde ezkutu eta ezezagunetan egosten denak. Bestela politikaren elitizazioa eta lobby boteretsuen (botere faktikoen) eragin-indarra nagusituko da eta demokraziaren zain jarraituko dugu. Ikus dezagun joera hori testuinguru zabalago batean. Gero eta demokrazia gutxiago daukagu lobby boteretsuen interesak nagusitzen ari direlako, eta ez herritarrenak. Demokrazia botere politikoa demo-aren edo herritarren esku egotea bada, oraingo joera boterearen kontzentrazioarena da. Ondorioz, herritarren eguneroko beharrak (etxebizitza, lan duina, kalitatezko zerbitzu publikoak, kultur dinamika herrikoiaŠ) ez dira politika publikoen lehentasunak. Enpresak, multinazionalak eta merka- tuaren eragileak dira lehentasunak eta politika publikoak markatzen dituztenak, eragile horiek dira elkarlanerako erreferentzia nagusia maila ezberdinetako erakunde publikoentzat, baita gure hiri eta herrietako udaletxe gehientsuentzat ere (ikusi bestela hirigintza eta etxebizitza politikak herriz herri noren interesen arabera egiten diren: konstruktorak, promotorak...). Horri gehitu behar diogu globalizazio neoliberalak areagotu egin duela boterearen kontzentrazioa eta demokraziaren krisia; elite batzuek gero eta erabaki gehiago hartzen dituzte herritarrengandik urruti dauden erabakiguneetan eta herritarrok aukeratzen ez ditugun agintari eta lobby-en eraginpean (enpresa transnazionalak, elite finantzieroak, G-8, Europar Batasuna, Munduko Merkataritza Erakundea...). Eliteek bai parte hartzen dute politika publikoen diseinuan (lobby-aren eta zilegiak ez diren beste modu ezkutu batzuen bitartez), baina herritarren gehiengoak gero eta zailagoa du parte-hartze eraginkor hori. Ondorioz, politika publikoak goitik behera, interes ezkutuekin, eztabaida sozialik gabe eta eztabaida horietarako partaidetza biderik zabaldu gabe jartzen dituzte indarrean. Hau da, «behekoentzat» parte-hartze bideak itxita, eta «goikoentzat» lobby-partaidetza gero eta eraginkorragoa. Honenbestez, gizartearen elitizazio horri eta demokraziaren krisiari aurre egitekotan, herrita- rrok eliteek kendutako eragin-indarra (boterea) berreskuratu behar dugu; hain zuzen ere, zerbitzu publikoen izaera publiko eta herrikoia borrokatzeko eta alternatiba eraldatzaileak bultzatzeko. Zeregin horiei begira eta momentu his- toriko-ideologiko honetan indar-koerlazioa nola dagoen ikusita, niri iruditzen zait bi estrategia nagusi indartu beharra dagoela. Batetik, espazio eta egitura propio eta autonomoak eraiki; administraziotik erabat autonomoa izango den esparru publiko eta komunitarioa sortu zeinean, indarrean dauden logika ekonomiko eta politikoetatik urrunduz, bestelako dinamikak eta alternatibak eraikitzeko guneak eraiki. Administrazioari begira egon barik, praktikan gauzatu bizi nahi den errealitatea (linguistikoa, politikoa, laborala,...). Betiere, molde berriak eraikiz; hau da, ghettorako joera saihestuz eta modu ireki eta integratzailean berdinen arteko logika demokratiko eta sortzailearen bitartez, herritarren eguneroko beharrei erantzunak eraikitzeko ahaleginean. Euskal Herrian badaukagu eskarmentu polita hainbat arlotan gure alternatiba propioak eraikitzen: hezkuntzan, komunikabideetan, eus- kalgintzan, gaztetxeetan, kulturgintzan... Beste aldetik, administrazio publikoaren esparrua birsortzeko estrategiak behar ditugu, botere publikoak gehiengoaren interesen arabera funtzionatzeko eta ez gutxiengo pribilegiatuaren interesen arabera. Horretarako, herritarren partaidetzarako egitura eta prozesuak exijitu eta sortu behar ditugu, herritarren esku-hartze zuzena eta inplikazio kolektibo iraunkorra bideratuko duten tresnak (aurrekontu parte-hartzaileak, komunitate planak, auzolan estrategiak,...) «behekoak» lehentasunezko interlokutore eta eragile erabakitzailea izateko. Izan ere, administrazio publikoaren zeregina gerentzia burokratizatua baino, herritarren dinamizazio eta mobilizazio kolektiboa izan beharko baitzen; baina horretarako politikagintza eta erakunde publikoen birmoldaketa sakona behar da, esparru publikoa modu parte-hartzaile eta demokratikoan berreraikitzea. Azkenaldian, sukalde-lana eta diskrezioaren inguruan eraiki den aho bateko kontsentsua ikusita, beldur naiz gatazka politikoa gainditzeko bizitzen ari garen prozesu politikoak, demokrazia zuzenago batean sakontzeko aukera izan beharrean, betiko joera ordezkatzaile eta elitistak indartuko dituen. Izan ere, prozesu politikoa elkarbizitzarako esparru juridiko-politiko berri baten prozesu eratzailea bihurtzen bada, aukera polita izango zen gure etorkizuneko hitzarmen orokorra heldutasun politiko gehiagorekin sortzea; debate soziala eta debate horretarako behar diren partaidetza bideak zabalduz, politika egiteko modu berriak (beheko suaren ingurukoak) aktibatzen hasteko. -
|