Beste legionella pizte bat atzeman dute, Hezkuntzan
·LABek konponbideak eskatu zituen, piztea bigarren aldiz sortu delako azken 4 urteetan
Nafarroako Hezkuntza Departamentuko eraikinean legionella pizte bat atzeman zuten hozte-dorreko uren analisietan. LAB sindikatuko Administrazio arloak konponbideak eskatu zituen berriz gerta ez dadin, azken lau urteetan eraikin berean gertatzen den bigarren piztea baita.
IRUÑEA
Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko hozte sisteman egindako ur analisietan beste legionella pizte bat atzeman dute. Aurkitutako piztean legionella kontzentrazio maila altuak aurkitu dituzte, eta horregatik, behin-behinean gelditzearekin batera, hozte dorrea desinfektatu ere egin behar izan dute.Gobernuko Osasun Departamentuak azaldutakoaren arabera, ohiko osasun-ikuskatze bat egiten ari zirenean topatu zuten piztea. Era horretara, Sanzek zuzentzen duen Gobernuak LAB sindikatuak eginiko kritikei erantzun zien. Sindikatu abertzaleak salatu zuenez, azkeneko legionella pizte hori Nafarroako Hezkuntza Departamentuko eraikinean lau urtean gertatzen den bigarrena da, eta ez dute uste kasualitatea denik. «Horren ardura duen kontseilaria lehenbiziko egunetik esaten ari da kontrolpean dagoela, baina ez dute menderatu, eta gero eta kasu gehiago daude», salatu zuen sindikatuak. Iruñean sortutako egoera inguruan ez dutela ezagutzen nabarmendu zuen LABeko Administrazio arloak, eta hori zerbaitengatik izango dela galdetu zuen.
Pribatizazioa, arazoaren atzean
Osasun arloko ikuskaritza zerbitzuek gutxieneko neurriak bermatzen ez dituztela agerian geratu dela esan zuen, eta horren harira, zerbitzu horiek pribatizatzeak egoeran duen eragina nabarmendu zuen sindikatuak. «Ikuskaritza zerbitzuak probatizatzen ari dira, eta ‘enpresa pribatuek beti hobeki funtzionatzen dute’ esaten digute behin eta berriz», aipatu zuen prentsa adierazpen baten bidez.Bestalde, hozte dorrea gelditzearen ondorioz langileek jasan beharko dituzten tenperatura altuak aipatu zituzten. Alde horretatik, legediak ezartzen duena gogorarazi zuten, 27 gradu gaindituz gero, lan-etenaldiak egin behar baitira, eta lan egiteari utzi, kasu larrienetan. Legionella pizteagatik ospitalean daudenen zenbakia bederatzira jaitsi da, azken orduetan hiru senda-agiri eman dituztelako eta kasu gehiago izan ez delako. Datu horiek Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak zabaldu zituen atzo. Guztira, jakinarazitako kasuak 149 izan direla esan zuen, eta ospitalean dauden bederatziek hobera egin dutela azaldu zuen. Bestalde, 2002. urtean Iruñeko udaletxeko dorre batean atzemandako legionella pizteagatik izan ziren hiru kalteturen izenean aurkeztutako akusazioak mantentze-enpresaren hiru arduradunen kontra aurkeztu zituen karguak kendu ditu, axolagabekeria zibila bai, baina penalik ez duelako ikusten. Fiskaltzak akusatuak absolbitzeko eskatzen zuen, lesio deliturik ikusten ez zuelako.
|