Bizilagunak haserre errauste-plantaren kokalekuarekin
DONOSTIA
«Harrituta erabat eta haserre». Horrela hartu dute Donostiako Udalak errausteko planta Landarbasoko Igoin-Azpin jartzeko asmoaren berri bizilagunek. «Ulertu ezinik gabiltza», esan zuen atzo Zamalbide auzoko bizilagun batek, inguruak duen aberastasuna ikusita «ezin sinetsizkoa» dela uste baitu. «Kontuan izan behar da Aiako harriko bizilagun izango litzatekeela errauste-planta». Era berean, inguruko balio arkeologikoa ere nabarmendu nahi izan dute. «Horregatik ez dugu ulertzen, Aranzadiri deitu diogunean, ez aldeko ez kontrako jarrera ez hartzea, guk baino hobeto baitaki zein balio duen inguruak». Inguruko bizilagunei ez ezik, makina bat herritarri egingo dio kalte, «ezin baita ahaztu Aiako harriaren paraje hauetara makina bat bisitari etortzen dela». Halere, kokalekuaren aurkakoa baino beren jarrera errauste-plantaren aukakoa dela argitu nahi izan dute bizilagunek.
Oraindik ere antolaketa lanetarako denbora gutxi izan dute, baina dagoeneko udaletara deitu dute «erantzunik jaso gabe» eta hainbat talderekin harremanetan jartzen saiatu dira. «Gure asmoa idatzi bat egin, sinadurak batu eta udaletan aurkeztea da», azaldu du.
Gipuzkoako Batasunak, bestalde, errauste-plantaren arazoa ez dela lekualdaketarekin konpontzen adierazi du: «Arazoa eredua da, erreuste-planta oso kutsagarria da eta, beraz, zaborra erreta ez da arazoa konpontzen». Alde horretatik, herritarrek errauste-plantaren aurkako jarrera argia erakutsi dutela gogorarazi du eta inposizioaren bidea ezin dela erabili. «Zergatik daude errauste-plantak eraikitzearekin hain tematuta? Ez ote dira bestelako interesak ezkutatzen?», galdegin dute.
Batasunak Donostiako Udalari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari asmoa baztertzeko eta herritarrei kalera irteteko dei egin die.
|