GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-06-16
«Erromesaldia lanera edo ikastera joateko»
Goizeko bederatziak baino lehenago iristeko modurik ez, eta iluntzean, berriz, etxera iritsi ezinean. Horrela aurkitzen dira autorik ez duten edota hartu nahi ez duten hainbat lagun Gipuzkoako hainbat herritatik Gasteizera lanera edo ikastera joatean. Hori dela-eta, taldea osatu eta garraio publiko gehiago eta maizago eskatzen dute, eskasiak arazo ekonomikoak eta denbora galtze ugari eragiten baitie.

Gasteizera lanera edota ikastera joateko egun-pasa egin behar izaten dutela. Horixe salatzen dute Gipuzkoako herrietatik Gasteizerako garraio publikoa sustatzeko taldeko kideek. «Donostiatik zuzenean joateko aukera gehiago badago ere, N-1eko herrietatik urria da eta eskasagoa, oraindik, Urola aldekoa», nabarmendu dute.

Haien esanetan, ez dago modurik autorik hartu ez eta goizeko bederatzietarako Gasteizko lantoki edo ikastegi batean egoteko. Ezintasunak jotzen ditu arratsaldeko zortziak baino lehen etxera bueltan iritsi nahi dutenak ere. Jakinarazi dutenez, Donostiatik eskualdeko bi tren zerbitzu joaten dira egunero Gasteizera (8.45, 17.21) eta hiru Arabako hiriburutik Donostiara (9.28, 14.45, 19.00). Era berean, autobus zerbitzua ere urria dela diote. Gainera, garraio zerbitzu horietan ere zailtasun gehiagorekin egiten dute topo. «Dauden autobus zerbitzu urriek Madril-Irun ibilbidea egiten dutenez gero, gertatu ohi da Gasteizera igoko litzatekeen jende andanagatik eserlekua gutxi batzuentzat bakarrik egotea», kexatu dira.

Horiek horrela, makina bat lagun, autorik ez dutenak batez ere, bigarren bizitokia bilatu beharrean izaten dela salatu dute.

Garraio publikoaren eskasia horrek arazo ekonomiko ugari ere sortzen dituela salatu dute. «Bigarren bizitokiaren gastuak, auto pribatua erabili beharra, azken boladan erregaien prezioak izandako igoera, edota seme edo alaba gazteek autoko asegurua beren izenean egiteko zailtasunak» aipatu dituzte adibide gisa.

«Urruntasuna ezintasun»

Baina arazo ekonomikoez harago, bestelako zailtasun eta ezintasunak ere nabarmendu dituzte talde horretako kideek; izan ere, eta gezurra badirudi ere, ordubeteko urruntasuna ezintasun bihurtzen da zenbait ikasketa asmori edo lanposturi baiezkoa emateko garaian. «Utz ezazu 15 urteko musika-instrumentuaren ibilbidea, edo 10 urteko entrenamendua, Gasteizen ikasteari edo sei hilabeteko lanari baietz esatea bururatu zaizulako», adierazi dute. Egoera orduan eta larriagoa da haur txikien edo senide helduen ardura izanez gero. «Lana eta familia bateragarriak izan daitezen ari omen dira lanean hainbat erakunde. Oso ondo, baina gehiago egin beharko dute egun erdiko lana edo ikasketak hartzen dituztenek egun erdi hori Gasteizen eta beste erdia Gipuzkoan egitea lortu nahi bada... Egun ezinezkoa da», salatu dute.

Haien esanetan, egoerak ez du bat egiten, inolaz ere, behin eta berriz administrazioek igortzen dituzten garraio publikoaren aldeko mezuekin. «Garraio publikoa erabiliko genuke, bai! Balego», aldarrikatu dute. Ez dute ulertzen, alde batetik, kutsaduraren aurkako politikak bultzatu eta bestetik garraio publikoa ugaritu eta egokitzeko horren borondate gutxi erakustea. «Beste herrialde moderno batzuk bezain aurreratuak omen gaude kutsaduraren aurkako politikak gauzatzen. Baliteke, baina herrialde haietan ez da horrenbeste auto alferrik jartzen bide arriskutsuetan administrazio-hiriburutik 75-110 kilometrora bizi diren herritarrak hiriburura lanera edo ikastera joan daitezen», nabarmendu dute.

Orain arte bultzaturiko zerbitzuek erantzun ona jaso dutela gogorarazi dute, gainera. Hala, ordutegi zabaleko garraio publiko zerbitzua aldarrikatzen dute.-

DONOSTIA


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Iruñea: iragana mintzo zaigu
Euskal Herria
EA se suma a la manifestación de mañana en Iruñea
Euskal Herria
Sindikatuek eta enpresa batzordeek ozen deitu dute presoen alde Baionara joateko
Ekonomia
UGT denuncia la contratación irregular en empresas públicas
Mundua
Sri Lankan 60 hildako zibil eragin duen atentatuak hilzorian utzi du bake prozesua
Mundua
La UE se da más tiempo para resolver su profunda crisis
Kirolak
La agonía sueca acaba dando fruto
Kirolak
La metrópoli aborta el sueño caribeño
Kultura
Los textos hallados en Iruña-Veleia están escritos «inequívocamente» en euskara
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss